Kultur arteko azoka antolatu du asten honetan, Hernani Errotzen elkarteak. Erdi Aroan girotutako azoka izango da eta 50 postutik gora jarriko dira. Denetarik izango da: gozogintza, larru eta metalarekin lan egiten dutenak; bitxigintza, hainbat lekutako produktu, belar eta lurrinak; saiheski, olagarro eta txerrikiak parrilan...
Ostiral arratsaldean zabalduko da eta asteburu osoan, igande arratsaldera arte egongo dira salmenta postuak zabalik. Gudarien plazan, Tilosetan eta Urbieta kalean jarriko dira postuak.
Kultur hiriburuak eta Donostia 2016, mintzagai
Hernani Errotzenek, Nabarralde elkartearekin batera, gune bat izango du, ohi bezala. Kale animazioak eta gune honek kutsu berezia emango diotela ekitaldiari nabarmendu dute. Aurten, kultur hiriburuak izango dituzte hizketagai, Hernani Errotzenen gunean. Eta batez ere, Donostia 2016aren inguruan ariko dira. Jule Goikoetxea (Filosofian, kazetaritzan eta zientzia politikoetan lizentziatua) eta Markel Ormazabal (kultur mugimenduko eragilea) ariko dira gaia lantzen. Igandean izango da, 12:00etan, Urbieta eta Plaza Berri artean.