EAJk irabazi du Gipuzkoan; Nafarroan aldaketa gerta liteke

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 25a, 02:00

Gipuzkoako Batzar Nagusie­tan 6 batzarkide galdu ditu EH Bilduk, eta EAJ-PNVk 4 irabazi ditu. PSE-EEk, berriz, batzar­kide bat galdu du, eta PPk, 3. Podemos-Ahal Dugu 6 ba­tzarkiderekin sartu da Batzar Nagusietan.
Nafarroan, aldaketa gerta liteke: UPN da lehenengo in­darra, baina Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Ezkerrak gehiengo abso­lutua lortu dezakete, bat eginez gero.

EAJ-PNV nagusi, Gipuzkoan
Gipuzkoako Batzar Nagusia osatzen dute 51 batzarkidek. Atzokoan, EAJk lortu zituen batzarkide gehien, 18 hain zuzen, eta 2011n baino 4 gehiago lortu zituen. EH Bilduk, berriz, 17 batzarkide lortu zituen eta 2011n baino 6 gutxiago lortu zituen. 
PSEk 10 batzarkide izatetik bat galdu du; 9 izango ditu. PPk, berriz, 4 zituen 2011n, eta bakarrarekin gelditu da.
Podemos-Ahal Dugu izan da alderdi berria, eta 6 batzarkide izango ditu Gipuzkoako Batzar Nagusian.
Gehiengo absoluturik ez da izan; 26 batzarkide behar baitira horretarako.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan aldaketa izango da. EAJk 18 batzarkide lortu ditu eta EH Bilduk 17

Nafarroan UPN aurreneko indarra, baina oposizioa indartsu
Atzo Kronikako erredakzioa itxi zenean, Nafarroan botoen %91 zeuden kontatuta. Mo­men­tu horretan, UPN zen aurreneko indarra, baina oposizioak gehiengoa lortzeko aukera izan dezake, bat eginez gero.
UPNk, 15 parlamentari lortu zituen; 2011n baino 4 gutxiago. Geroa Baik 9 parlamentari izango ditu, eta EH Bilduk, 8. Atzetik gelditu ziren Podemos eta PSN, zazpina parla­men­tarirekin; PSNk bi parla­mentari galdu ditu, beraz. Azkenik, PPk eta Ezkerrak bina parlamentari izango dituzte; 2011n baino 2 gutxiago PPk, eta bat gutxiago Ezkerrak.

Nafarroako Parlamentuan aldaketa izan liteke: UPN da aurreneko indarra, baina gehiengoa lortu dezakete Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak.


Gehiengoa UPNk lortu badu ere, ez da gehiengo absolutua izan. Hori horrela, Nafarroako Parlamentuan aldaketa izan liteke. Izan ere, 26 par­la­mentari biltzen dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Ezkerrak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!