Udal hauteskundeetarako hilabete eta erdi geratzen den honetan, Hamaikabatek prentsa oharra bidali du Kronikara. Urte hauetan Hamaikabatek izandako eboluzioa aipatzen du bertan: «Hamaikabat jaio zen abertzaletasun demokratikoa berritu, sendotu eta batzeko asmoarekin. Helburu horrekin jarraitzen dugu».
Hausnarketa sakon baten ondoren, hainbat erabaki hartu dituztela zehazten dute oharrean. Erabaki horietako bat da, Udalean izan duten ibilbidea bukatutzat ematea: «Amaitutzat ematen dugu Hamaikabatek Hernaniko udalean izan duen ibilbidea. Ondorioz, maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetan H1! alderdiak ez du zerrendarik aurkeztuko».
«EAJri gure babesa eskaini nahi diogu»
Hauteskundeei begira, Hamaikabat ez dela neutrala izango ere, azaldu dute oharrean: «gure ibilbideari leialak izanik, Hernaniko EAJ-PNVren hautagai zerrendari gure babesa eskaini nahi diogu».
«Eskerrik asko babesa eman diguzuenoi»
Oharra bukatzeko, esker hitzak dituzte: «azkenik, eskerrik asko laguntza eta babesa eman diguzuen gizon-emakume hernaniar guztioi».