Garagardoa eta hamaika ekitaldi, 50garren urteurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 24a, 02:00

Ohorezko Mailan manten­tzeak ematen duen pozarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Hernani Errugbi Elkarteak, datozen egunetan, 50garren urteurrena ospatzeko.
Gara­gardo Azoka izango da erdigunea. Datorren ostegunean zabalduko dute, 20:00etan, taldearen historiako aurreneko 15e­koa osatu zuten jokalari oihek. Igandera arte egongo da azoka, Atse­gindegin.
Hernaniko Musika Bandak girotuko du festa ostegunean, eta 80tharrak taldeak ostiralean.

Erakusketa, Landare Torneoa eta ate irekiak
Lau egunetan, argazki erakusketa ere izango da, Landareko egoitzan, taldearen historiako errepasoa eginez. Ekainetik aurrera, Biterin eta kiroldegi­an egongo da ikusgai, irailera arte.
Lehia ere ez da faltako, egun hauetan. Landare Tor­ne­oa jo­ka­tuko da larunbatean, maia­tzaren 30ean. Aurten, Gipuzkoa Torneoa ere izango da, eta 16 urtez azpiko 11 talde ariko dira.
Eta taldea zaleei gertura­tzeko, ate irekiak izango dira Landaren, igande goizean. Insta­la­zioak ikusteko aukera edukiko dute, eta baita zelaian jokalariekin aritzekoa ere.

Mosaiko erraldoia, Landaren
Ate irekien ondoren, 11:30etan, beste zita garrantzitsu bat jarri du taldeak: mosaiko erraldoi bat egin nahi dute, Landaren 3.000 lagun bilduta: «jokalariak, lagunak, zaleak... Errugbiaren familia osoa bil­tzea da asmoa», azaldu dute. Bi irudi ezberdin marraztu nahi dituzte, argazkiak eta bideoa egiteko: bat taldearen logoa eta koloreak erakutsiko dituena; eta bestea mele bat irudikatuko duena.
Edozeinek hartu dezake parte, eta horretarako, kamixeta txu­ri, gorri eta berdeak jarri dituzte salgai, 5 euroan. Gaur, Plaza Berri inguruan egongo dira karpa batean, eta Garagardo Azo­kan ere salgai izango dituzte.
Nabarmendu dute, mosaikoa egingo dutela, «nahiz eta euria egin, edo zelaia inundatuta egon».

Londresera bidaia zozketatuko dute, Australia-Gales ikusteko. Txartelak, 2,5 euroan salgai.

500 lagunentzako bazkaria
Argazki erraldoia egin ondoren, kalejiran abiatuko dira denak, txarangaren laguntzaz, Atsegindegira. Bertan, bazkari herrikoia izango da igandean, 500 lagunentzako. Txartelak 10 euroan salduko dira, Azokan bertan, aurreko egunetan.

Londresera bidaia, zozketan
Azokan salduko dira txartelak, baita ere, Londresera bidaia baten zozketarako: Australia eta Galesen partidua ikusteko izango da, urriaren 9etik 11ra. Hegazkina, hotelean bi gau, partidurako sarrerak eta argaz­ki kamara jasoko ditu sarituak. 2,5 euroan salduko dira txartelak, ekaina osoan zehar, Lan­daren eta herriko hainbat puntutan.

Haurrekin ere, saioak
Beste zenbait ekintza ere egingo ditu taldeak, haurrekin. Aste honetan, Buruntzaldeako Lehen Hezkun­tzako ikasleak egongo dira Landaren goizetan, bihartik ostiralera, errugbiaren hastapena lantzen. Eta ekainaren 1etik 5era, berriz, eskualdeko DBHko ikasle guztiek izango dute aukera hori.

Euskadi-Catalunya Landaren, ekainaren 6an
Historicup Txapelketa ere ekarriko dute Landarera, bere 3garren edizioan. Euskadi eta Catalunyaren arteko partidua jokatuko da Hernanin, ekainaren 6an, 18:30etan. Gainera, taldeko 8 jokalari daude Eus­ka­direkin deituta, momentuz.
Eta nazioarteko beste zita bat ere ekarri nahi dute, irailean: Euskadi eta Uruguayren arteko partidua Landaren joka­tzea da taldearen asmoa.

Genua deituta, Nations Cup jokatzeko selekzioarekin
Joxe Elosegik azpimarratu du, urte hau «oso borobila» izan dela, eta maila haundia eman dutela kategoria guztietan: «orain, gainera, Igor Genua gure izarra deitu dute Nations Cup jokatzeko, Errumanian, Estatuko selekzioarekin, ekainaren 12tik 21era, eta Rugby 7ko mundialerako ere bai».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!