BTT Iskibi Zeharkaldiaren 6garren edizioa antolatu du Goizuetako Iskibi kanpinak, eta ekainaren 7an eginen da. Izenematea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean.
Bi ibilbide
Aurten ere bi ibilbide zehaztu dituzte. Bata, 30km-takoa izanen da, eta 1.050 metroko desnibela izanen du. Bestea, berriz, 43km-takoa izanen da, 1.360 metroko desnibelarekin.
Biak Iskibi kanpinean hasi eta bukatuko dira, eta ibilbideen 12 km-tako zati bat, aurrenekoz, Artikutza parke naturaleko paraje ederrean barrena eginen da.
Otordua, eta gaua pasatzeko aukera, kanpinean
Zeharkaldiak ekainaren 7an, goizeko 09:00etan hasiko dira. Ondoren, nahi duten guztiek iskibi kanpinean bazkaldu ahal izanen dute, 12 euroren truke.
Bestalde, zeharkaldian parte hartzen dutenek luntxa izanen dute bukatzean, eta dutxak eta bizikletak garbitzeko gunea paratuko zaizkie Iskibi kanpinean. Larunbat gau hori bertan pasatzeko aukera ere izanen dute, doan.
Izena emateko bi modu
Dagoeneko irekita dago izenematea, www.kirolprobak.com webgunean, 12 euroren trukean. Baina zeharkaldiaren egunean bertan ere eman ahal izanen da izena, 16 euroan, goizeko 08:00etan hasita, Iskibi kanpinean bertan.
Partehartzaile guztiek asegurua izanen dute, baina derrigorrezkoa izanen da kaskoa eramatea.