Auzolanerako zita astebete barru, Putzuzarreko hezeguneak kudeatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 23a, 02:00

AUZOLANERAKO zita jarri berri du Aranzadik, Ziraba proiektuaren bueltan. Urtarrilaren 31n, auzolanean, Putzuzarreko iturria eta inguruko hezeguneak berreskuratu zituzten, in­guruko auzotarrek lagunduta. Kronikara bidalitako oharrean azaldu dutenez, eraikitze sistema zaharraz baliatu ziren lan horretarako, «baina teknika ba­liagarria bada ere, ez da iraun­korra». Hori horrela, auzolanerako hitzordu berri bat jartzea erabaki dute: astebete barru izango da, maiatzaren 31n. Helburua izango da hezeguneak kudeatzea: «bide batez gainera, gerturatzen diren guztiek Akola inguruak era­kust­en duen natur eta kultur ondorea ezagutzeko aukera izango dute». Hamai­ketakoa ere izango da.

Aldez aurretik, izen ematea
Maiatzaren 31n egin dute zita, 10:00etan, Akolako atsedengunean. Oinez gerturatzea go­men­datu dute, ez baitago ko­txe askorentzat aparkalekurik.
Era berean, jakinarazi dute, auzolanera joan nahi duenak izena eman behar duela, asegurua kontratatu behar baita. Izen ematea maiatzaren 29an bukatuko da, 13:30etan. Izena eman nahi duenak 943 46 61 42 telefonora deitu dezake, edo email bat bidali idazkaritza@aranzadi.eus helbidera.

Ahal den neurrian, garai 
bateko teknikak erabiliz

Putzuzar ondare kultura eta historikoaren parte da. Aran­zadik azaldu duenez, berreraikitze prozesuan, ahal den neurrian, garai bateko teknikak erabili dituzte: «inguruetako harri, lur eta egurra erabili ditugu, beti ere iturri eta ur geldiuneen egitura zaharrak errespetatuz». Proiektuak Ere­ñotzuko Auzo Udalaren, Her­naniko Udalaren eta Dipu­tazioaren babesa du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!