1855 urteko maiatzaren 19an jaio zen Kontxa Etxeberria Astigarragan (Udalaren txostena), eta egun berean, 160 urte beranduago, alaba kuttun izendatzea onartu zuen Plenoak. Asteartean egin zen ez ohiko Plenoa, hain zuzen, eta aho batez onartu zen proposamena. Denak bat etorri ziren Doña Kontxak Astigarragan egindako lana goraipatzerakoan.
«Kontxa Etxeberria familia pobrean jaio zen. Dirudun batekin ezkondu zen eta pobreziatik aberastasunera pasa zen. Bere diruarekin, ume behartsuei laguntzeko eskola jarri zuen martxan Astigarragan, egungo kultur etxea den eraikinean. Fundazio bat eratu zuen, gaur egun bizirik dagoena eta kultur etxearen eta inguruko lurren jabea dena. 1989an, udalari utzi zizkion. Kultur etxearen aurretik, jubilatuen etxea ere izan zen eraikina eta Sagardoetxea ere bertan daukagu. Nahikoa arrazoi badago, beraz, alaba kuttun izendatzeko», azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak.
Gainera, Astigarragako lehenengo alaba kuttuna izango dela azpimarratu zuen.
Bere garaian, EAJ-PNVk egindako proposamena zela ere gogoratu zuen alkateak eta Goberntu Taldeak babestu egiten duela.
EAJ: «Mozioa ez zenuten babestu»
Zorione Etxezarraga EAJko bozeramaileak egun pozgarria zela adierazi zuen: «Udalak konpromisoa hartzen du emakume hau ezagutzera emateko eta pozgarria da; gu asko pozten gara gure ekimena aurrera atera delako». Dena dela, 2014ko uztailean EAJk aurkeztutako mozioa ez zelako onartu kritiko azaldu zen Etxezarraga: «Alderdikeria kutsua badu. Mozioa aurkeztu genuenean, ez zenuten babestu». Alkateak erantzun zion mozioa ezin zela onartu, aurretik pauso batzuk eman behar zirelako: «Ez zen mozioa onartu, baina konpromisoa hartu zen bideari ekiteko eta espedientea martxan jartzeko».
Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak ere, izendapena poztekoa zela nabarmendu zuen: «Poztutzekoa da emakume honek herriarengatik zer egin duen ezagutzera ematea. Merezimendu guztiz egin beharrekoa da».
Informazio gutxi, eta argazkirik ez
Alkateak jakinarazi zuen Doña Kontxaren inguruko informazioa lortzea ez dela erraza izaten ari. Oraingoz, argazkirik ere ez dutela topatu azaldu zuen, eta lanean ari direla zentzu horretan. Udaletxean koadroa jarri ohi zaie herriko seme eta alaba kuttunei eta argazkirik lortzen ez badute, marraztu egingo dutela ere esan zuen.