Hainbat proiekturen inguruko erabakiak, etzi

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 23a, 02:00

Hiru batzorde izango dira astelehenean, Udaletxean, eta horietako bitan erabaki garrantzitsuak hartuko direla adierazi du Udalak. Hain zuzen, Haur Eskola, Ikastolako aterpea eta Zarku­men­degiko bidegorriaren inguruko erabakiak hartuko dituzte.
Obra eta zerbitzuen batzordean (18:00), Haur Eskolako lokal be­rriaren egokitze lanak aztertuko di­tuzte. 76.392 euro inbertituko ditu Uda­lak lokal honen egokitzapenean eta irailerako prest egongo da. 
Aurrekontu parte hartzaileetan, Ikastolako aterpea handitzeko eskaria egin zioten herritarrek Udalari eta proiektua nola egin aztertuko du obra eta zerbitzuen batzordeak. Aterpearen proiektuak 3 fase aurreikusten zituen, eta 1goa egin zen iaz. Udalak azaldu duenez, proiektua amaitzea lehenetsiko da, eta nahiz eta aurrekontu parte hartzaileetarako aurreikusitako aurrekontua gainditu, 2garren eta 3garren faseak  egingo dira. Guztira 190.000 euro inbertituko dira bi fase hauek egiten.

Bidegorria, Ogasun batzordean 
Ogasun batzordean, Zarkumen­degiko bidegorriaren inguruko bi gai aztertuko dira. Batetik, desjabetze prozedurak  izango dira hizketagai. Udalak akordioak lortu ditu desjabetzeak egiteko, lur jabeekin bildu eta gero. Bestetik, bidegorriaren lanak esleitzeko lehiaketa publikoaren oinarriak aztertuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!