Urteko txapelketa ezagunena hasiko du gaur Hernanik, Herriarteko Txapelketa. Eta aurreneko kanporaketan, iazko aurkari bera izango dute herriko pelotariek: Ataun. Joanekoa kanpoan jokatuko dute, gaur 20:00etan Ataunen, eta helburua oso garbi daukate: iazko garaipena errepikatzea.
15 pelotari dauzka Josu Oiaga entrenatzaileak, txapelketarako: kadete mailan, Alain Agirre, Endika Arizmendi, Garikoitz Arizmendi, Ioritz Berasarte eta Ander Lazkano; jubeniletan, Ekaitz Cisneros, Xabat Pagola, Suharri Rodriguez eta Iñaki Urruzola; eta seniorretan, Ioritz Arrieta, Paul Ojuel, Iñigo Urkizu, Eneko Aizpitarte, Markel Lizeaga eta Aitor Gorrotxategi.
Hernani, faborito
Kanporaketarako, faborito dira hernaniarrak. Partidu zaila espero dute kadeteetan, baina printzipioz, maila haundiagoko pelotariak dira Hernanikoak, jubenil eta seniorretan.
Txapelketan oso urruti iritsi nahi dute hernaniarrek, eta horretarako, zaleen babesa ere eskatu du klubak: «herritarrei dei egin nahi diegu, frontoira joan eta animatzeko. Ez utzi pelotariak bakarrik, azken 20 urteetako ibilbideak ez du horrelakorik merezi eta».