16 ilar mota ezagutzeko aukera gaur, eta azoka berezia bihar

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 23a, 02:00

Ilarraren Jardunaldia izaten ari da Astigarragan, laugarren urtez, eta gaur bisita gidatua antolatu dute baratzetara (eliza atzera). 16 ilar mota jarri dituzte bertan. Aurten gainera, ingelesak eta italiarrak ere ekarri dituzte, nola egokitzen diren eta nola erantzuten duten ikusteko. 11:00etan abiatuko dira udaletxe azpitik. 

Azoka berezia, bihar
Jardunaldia bukatzeko, azoka berezia antolatu dute, urtero bezala. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da Foru plazan. Ilarraz gain, Euskal Herriko produktuak izango dira aukeran: olioa, artisau ogia, txerrikiak, baratxuriak, txokolateak, pastak, gazta, arrain kontserbak...
Azokako tartean, umeen­tzako euskal jolasak ere izango dira Goldea taldearen eskutik. Eta aurrez, azoka girotzeko, txistulariek diana berezia eskainiko dute.

Menu berezia, Roxarion
Roxario jatetxean, ilar-bazkaria antolatu dute iganderako. Txartelak Roxarion bertan daude (943 55 11 38) edo info@roxario.com. 

EGITARAUA
Gaur
11:00, Baratzetara (eliza atzera) bisita gidatua, Kontzejupetik 
abiatuta. Irekia eta doakoa.
Bihar
Foru enparantzan:
09:30, Txirriskla eta Musika Eskolako txistularien diana berezia.
10:00-14:00, Azoka berezia. Ilarra eta Euskal Herriko produktuak.
11:00-13:00, Umeentzako euskal jolasak.
14:30, Ilar menua Roxario 
jatetxean. Txartelak, Roxarion (943551138) edo info@roxario.com.

Baratz elkartea charo zapiain

«Ilarra produktu bitxi eta berezia da»

Laugarren urtez, Ilarraren Jardunaldia antolatu duzue Baratz elkartetik. Ze helbururekin?
Baratza da maitatu behar dugun gauza bat. Aspaldiko testamenduetan azaltzen da, baratzarik lantzen ez zuenak ez zuela bozkatzeko aukerarik. Demokrazia aspaldikoa da, eta baita bakoitzaren obligazioak ere. Baratza bezala. Gure kulturaren parte da, zaindu egin behar dugu eta transmisioa landu.
Ilarrarekin hasi gara, baina helburua da beste produktuekin ere jarraitzea.

Eta zergatik ilarra?
Betidanik izan da gure kulturaren parte eta aldi berean, oso produktu bitxi eta berezia da. Produktu txiki haundia da ilarra. Txikia tamainagatik, eta haundia dauzkan ezaugarriengatik. Eta Santiago­men­diko ilarra beti izan da famatua. Gaur egun ere, Astigarra­gako baserri denetan izango da ilarra.  He­men normalean bi ilar mota lan­tzen dira: Maravilla eta Prin­cipe Alberto. Gure aurrekoek ho­ri­ek utzi zizkiguten berexita eta oso ondo funtzionatu izan dute.

Ilarra zerekin prestatu ohi da hemen?
Saltsan jarritako gauzetan, zope­tan… Zurrukutuna, San­tio­mendiko ilarrarekin egina ere oso famatua izan da. Egia esan, mila modutara geratzen da ona ilarra. Ez du ezer berezirik behar. Bera bakarrik ere primerako platera da eta nik asko jartzen dut Roxario jatetxean. 

Aurrera begira, ze produktu bultzatu beharko lirateke?
Tomatea, adibidez. Kaso egiten zaio, baina ez behar adina. Eta hemen oso tomate ona izaten dugu gainera. Porruarekin ere berdin gertatzen da. Egia esan, dena ari gara galtzen. Baina ere, orain, urte guztian izaten da, baina berezkoa, bertakoa, galtzen ari gara. Ze lan dauden egiteko ikusten ari gara orain.

Jardunaldi hauek balio izan al dute egoera hobetzeko?
Laugarren urtea da eta ain­tzat hartzea lortu dugu. Posi­tiboa izan da. Jendea ari da pixkanaka jabetzen. Eta eran­tzuna oso ona izan da lehenengo urtetik. Kanpoko jendea ere etorri izan da eta interesa azaldu dute Kata­lunia­tik, Valentziatik, Ale­ma­nia­tik… Eta nik uste indar gehiago hartzen joango dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!