Gaurtik igandera, festak hartuko du Florida-Etxeberri auzoa, berriro. Iaz berreskuratu bazituzten Mendekosteko Jaiak, aurten ez dute hutsik egingo. Txupinazoa botako dute 18:00etan, eta hortik aurrera, atsedenik ez dute izango auzotarrek.
Jaien hasierarekin batera, Auzokide bizilagun elkartearen egoitza inauguratuko dute, eta gonbita egin diete auzotar guztiei, bertaratzeko. Jaietarako kartel lehiaketako lanak ere aurkeztuko dituzte.
Helduen danborrada, gauean
Aurkezpenen ondoren, festa giroan murgilduko da auzoa, bete-betean. Buruhaundiak aterako dira, kaleetan barrena, haurrak korrika batean jarriz.
Eta gauean, danbor hotsak bueltan izango dira. Helduen danborrada aterako da, gaueko 23:00etan, isiltasunari lekurik utzi gabe.
Asteburua, ekitaldiz beteta
Haurrenak, berriz, igandean izango du bere txanda, goizeko 11:00etan. Baina askoz ere gehiago izango da auzoan, asteburu osoan. Ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute: txapelketak, esku pelota partiduak, txokolatada, magoa, disko festa, sagardo dastatzea, kontzertuak edota bingo herrikoia, besteak beste.
Igandeko azken ordura arte luzatuko da festa auzoan.
MENDEKOSTEKO JAIAK, gaur
18:00, Txupinazoa eta Auzokideren egoitzaren inaugurazioa. 2015eko kartel lehiaketako lanen aurkezpena.
18:30, Buruhaundiak auzoan zehar.
23:00, Nagusien danborrada.