Herriko hainbat talde eta eragilek antolatuta, mahai ingurua egingo da gaur, 19:00etan Biterin, Hernaniko alkategaiak ezagutu eta galderak egin ahal izateko.
Datozen maiatzaren 24ko hauteskundeetan, bost alderdik aurkeztuko dute hautagaitza Hernanin: EH Bilduk, EAJ-PNVk, PSE-EEk, PPk eta Orain Hernanik! Horietatik, lau alderditako alkategaiek hartuko dute parte gaur: Luis Intxauspek (EH Bildu), Andoni Amonarraizek (EAJ-PNV), Ricardo Crespok (PSE-EE) eta Jaione Aristregik (Orain Hernani!).
Hiru galdera erronda
Mahai inguruak bi ordu inguru iraungo du, eta hiru errondatan egingo dira galderak: aurrenekoan, elkarteen txanda izango da; bigarrenean, publikoarena; eta hirugarrenean, herritarrek Biterin jarritako buzoian utzi dituzten galderak egingo dira. Galderak edozein hizkuntzatan egin ahal izango dira, interpretea egongo baita, euskeraz, gazteleraz eta zeinu hizkuntzan aritzeko.
Antolatzaileen zuzenketa
Mahai ingurua antolatu duten elkarteek, hau da, Stop Desahucios, Koxka elkartea, Duintasuna, Lizegako Auzoko elkatea, Sorgintxuloko Auzo elkartea, Gazte Asanblada, Eskubide Sozialen Karta, Kaxko elkartea eta Doberak, argitu nahi dute Hernani Zero Zabor taldea ez dagoela antolatzaileen artean. Komunikabideei bidali zitzaien informazioan akats baten ondorioz, Hernani Zero Zabor taldea azaldu da antolatzaile zerrendan. Antolatzaileek barkamena eskatzen dute eragozpenagatik.