Ez da makala 100 urte betetzea, eta hala zioen Nicolas Goitia Leizaolak berak: «errespetuzko zifra da, borobil borobila». 100garren urtebetetzea zuen atzo, eta bisita jaso zuen arratsaldean: lore-sorta eraman zioten Luis Intxauspe alkateak eta Gloria Mendinueta ongintza patronatuko lehendakariak, Eguzki-Txoko etxera: «leku ona da hau bizitzeko, lasaia», zioen Goitiak.
Aitarekin batera eraiki zuen etxea Nicolasek berak. Gogora ekarri zuen atzo, nola joaten ziren bizikletan Lasarteko Brunet fabrikara lanera, eta nola bueltakoan etxea egiten aritzen ziren.
Beraiek eraiki zuten Santa Barbara elkartea ere, eta bertan ospatu zuten urtebetetzea igandean, senide guztiekin. Horietako zenbait, Argentinatik etorriak.