Agerian utzi zituzten Astigarragako alkategaiek, herritarren aurrean, datorren legegintzaldirako asmoak, planak eta lehentasunak. Herrikoi auzo elkarteak antolatuta, mahai-ingurua egin zuten asteazkenean. Alkategai guztiak gonbidatu zituzten, baina EH Bilduko Andoni Gartzia eta EAJko Jesus Mari Santos bakarrik azaldu ziren zitara.
Debatea hasteko, eskatu zieten azaltzeko, zein izango diren lehentasunak, datozen lau urteetan. Andoni Gartziak nabarmendu zuen, krisi garaia izanik, pertsonak jarriko dituztela aurretik, «Udalaren babesa eskainiz denei, inor baztertua ez izateko». Zentzu horretan, alokairu soziala sustatzearen alde egin zuen. Hezkuntza ere jarri zuen lehentasunen artean, bereziki DBHren gaia, eta baita parte hartzea bultzatzen jarraitzea ere.
Jesus Mari Santosek, bere aldetik, atez atekoaren kontsultari eman zion lehentasuna. Plan orokorra garatzea ere beharrezkoa dela uste du, «hori delako finantzazio bidea. Gaizki dagoela diozue, baina Udalaren finantzazio bide bakarra da ia». Hezkuntzan gehiago egin behar dela nabarmendu zuen, eta baita kiroldegian ere. Eta auzoka, «plan sakonagoak» egiteko asmoa erakutsi zuen, eta herritarrengandik gertuago egotekoa.
Parte hartze ordenantzari buruz, desadostasunak
Ondoren, parte hartze ordenantzaren gaia atera zuten, eta Santosek azaldu zuen, «hobea» izan zitekeela, hori adostu zutenak ildo berekoak zirelako: «herritar asko ez dira bilera horietara azaltzen, beldurra dutelako», salatu zuen: «zuek sistema erabiltzen duzuen bezala, ez da parte hartzailea. Ez du funtzionatzen».
Gartziak, berriz, nabarmendu zuen ordenantza parte hartzea sustatzeko dela: «bereziki nabarmenduko nuke kontsulten gaia. Herritarren %30ak sinatzen badu eskaeraren bat, zuzenean egingo da kontsulta hori».
Andoni Gartzia: «krisi garaian, pertsonak dira lehentasuna, eta babesa eskaini behar zaie denei, inor baztertua ez izateko».
Atez atekoa eta bosgarren kontenedorea, aurrez aurre
Zaborren kudeaketak ere ekarri zuen eztabaida. Atez atekoaren aldeko apustu garbia mantendu zuen Andoni Gartziak: «oso positiboa da, asko hazi da bilketa selektiboa atez atekoarekin, %84ra iritsita, eta astigartarrak zoriondu behar ditugu, beraiek lortu dutelako hori. Gainera, esku publikoetan dago zerbitzua».
Jesus Mari Santosek, aldiz, «sistema bera eta hori inposatzeko modua» kritikatu zituen: «gastatu den dirutza desproportzionatua da, eta gainera, Astigarragan jendea ez dago prest atez ateko sistemarako, ez da errentagarria. Guk ere birziklapena nahi dugu, baina bosgarren edukiontzia da gure aukera. Beharbada gutxiago birziklatuko da, baina kostua askoz ere txikiagoa da».
Etxebizitzak alokairuan ematearen alde
Etxebizitzaren gaia landu zuten hurrena, eta alokairuaren alde azaldu ziren bi alkategaiak. Santosek azaldu zuen, gazteekin «saiakera berezia» egin behar dela: «herrian geratzea lortu behar dugu. Eta horretarako, VPOak alkilerrean eskaini behar zaizkie, baita erosketa aukera batekin ere».
Alokairu sozialaren aldeko apustua berretsi zuen Gartziak ere, baina nabarmendu zuen, gazteekin bakarrik ez, denekin egin behar dela saiakera: «arazoak dituzten familia asko daude, eta denei eman behar zaie aukera, etxebizitza bat alokairuan hartzeko. Horretarako, etxebizitzak eskuratzen ari da Udala, horiek alokairuan eskainiz, eta dirulaguntzak ere badauzkagu».
Jesus Mari Santos: «plan orokorra garatu behar da, hori delako finantzazio bidea, Udalak une honetan daukan ia bakarra».
Zerbitzu gehiagoren beharra
Astigarragaren hazkundearekin, zerbitzu gehiago behar direla nabarmendu zuten bi alkategaiek. Gartziak kritikatu zuen, plan orokorrak ez zituela aurreikusi herritarren beharrak: «mila gauza daude egiteko, anbulatorioan, eskolan, kiroldegian... Eta azterketa bat egin behar da, herritarren beharrak detektatu eta planean txertatzeko. Plan orokorrari esker hazi da herria, baina ez zuen aurreikusi hazkunde horrek zerbitzu gehiago ere behar zituela. Beraz, zuen plan marabilloso hori, ez da hain marabillosoa».
Zerbitzu gehiagoren beharra eta daudenak egokitzekoa nabarmendu zuen Santosek ere: «Astigarraga hazten doa, eta guk Astigarragarekin hazi behar dugu. Eta horretarako, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren laguntza behar dugu».
Uholdeei aurre egiteko planak
Otsaileko uholdeak direla eta, mahai gainean jarri zuten gaia asteazkenean ere. Konponbiderik aurreikusten duten galdetuta, Gartziak azaldu zuen berez ez dela Udalaren eskumena: «baina pozgarria da ikustea, horretan lanean hasi direla behingoz. Eta gu ere, ahal dugun neurrian ari gara lanean; esaterako, Ergobian detektatu dugu nondik sartu zen ura, eta konponbide bila ari gara».
Santosek leporatu zion, Astigarragan uholdeen arazoa konpontzeko, planik ez daukatela oraindik.
Udaletxea-herritarrak harremana
Bukatzeko, herritarrek udaletxea ezagutzen duten galdetu zieten. Gartziak azaldu zuen, azken lau urteotan «gertuago» egon direla udaletxea eta herritarra, baina asko dagoela egiteko, udaletxea barrutik ezagutu dezaten.
Santosek, berriz, azaldu zuen jendeak «kobazulo beldurgarri bat bezala» ikusten dutela, eta erakutsi behar zaiela beraien zerbitzura dagoela.