«Gure helburu nagusienak dira enplegua sortzea, ekonomia piztea eta zerbitzu sozialak mantentzea»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Ze helburu dauzkazue datozen hauteskundeetan? Ze emaitza espero duzue?
Sozialistok, ordezkaritza garrantzitsua lortzeko helburuz aurkeztu gara hauteskunde hauetara. Ez gara berriak Astigarragan, hainbat legegin­tzalditan izan dugu ordezkaritza udalean, beraz, badira astigartarrak gugan konfiantza dutenak udaletxea tresna baliagarria egiteko, beraien eguneroko beharrei erantzuna eman diezaiegun.  

Azken legegintzaldian ez zarete Udalean izan. Oraingoan, bi zinegotzi gehiago izango dira. Aldaketak espero dituzue?
Bai, uste dugu Astigarraga herri pluralagoa dela, gaur egun udaletxeak erakusten duen irudia baino.  

Mikel Durán, zu zara PSE-EEko alkategaia. Zer eskainiko diezue zuk eta zure taldeak astigartarrei?
Dudarik gabe, Astigarraga alderdi sozialistarekin libreagoa izango litzateke, integratzaileagoa eta pluralagoa. Herritarrek beraien arazoen berri emateko aukera izango lukete eta programak eta proiektuak lehenetsiko genituzke beraien beharrei erantzuteko, denen partehartzea bilatuz. Inposiziorik gabe. Eta ez genuke denbora galduko politika identitarioetan, inora eramaten ez gaituen horietan; beste batzuk ez bezala, alderdi barruan merituak egiteagatik aritzen baitira.  

Zeintzuk dira zuen programaren helburu eta ildo nagusienak?
Gure helburu nagusienak Astigarragako Uda­lerako dira, enplegua sortzea, ekonomia piztea eta zerbitzu sozialak mantentzea krisiarekin okerren pasatzen ari direnentzat. Helburu hauek lortzeko, plan eta neurri zehatzak ditugu, eta garatzen joango gara beti, Astigarragako eragile sozial eta ekonomikoen partehartzea bultzatuz eta adostasunak lortuz, herritarren aldetik ahalik eta babes eta inplikazio gehien izateko. 

Astigartarrek lau hautagaitza izango dituzte datozen udal hauteskundeetan. Beharrezkoa balitz, zeinekin gobernatuko zenukete? 
Emaitza izan arte itxaron behar da, baina argi utzi nahi dut sozialistok ez gaudela prest edozein pre­zio­tan gobernatzeko. Bilduk inposatutako atez ate­ko sistemaren kontra gaude, zeinek ez dien kasorik egin sistemaren kontra lortutako 2000 sinadurei. Beraz, paktuak egin behar badira, egungo hondakin bilketa sistema aldatuko duen norbaitekin egingo dugu, atez atekoaren ordez, kontenedore bidezko sistema jartzeko, bonifikazio fiskalak eta laguntzak emanez, birziklapena eta gaikako bilketa bultzatzen duten familiei. Eta beti, kontuan hartuta, hau­teskunde programaren oinarrian dagoela enplegua sortzea, ekonomia eta politika sozialak indartzea, kaltetuenei laguntzeko.  Gehiengoa­rentzat gobernatzeko prest gaude lehentasun sozialistak dituen gobernu programa bat oinarri hartuta.

Interes orokorreko gaietan adostasunak bilatzearen aldeko lana egingo al duzue?
Sozialistok, gobernatzen dugun eta Alkatetza dugun leku guztietan, beti bultzatu dugu elkarrizketa eta negoziazioa ekintza politikoak aurrera eramateko, inoiz ez dugu inposizioaren alde egin, Bilduk ez bezala. 

«Egingarriak eta eraginkorrak diren neurriak proposatzen ditugu Astigarragan, krisiari aurre egiteko. Astigarragak berak dituen baliabideak bultzatuz, hala nola: lurzoru industriala, merkataritza eta 
turismoa bultzatzea».

Azken legegintzaldian, hondakinen bilketa sistema aldatu da, eta Atez Atekoa jarri da martxan Astigarragan. Nola baloratu duzue aldaketa hori?
Sistema aldaketa hau Bilduk inposatua izan da, eta interes partidistengatik sakrifikatu du interes orokorra (kontrako 2000 sinadurekin), hondakin bilketa sistema deseroso, zikin, garesti eta horrez gain, jasangarria ez dena ezarriz. 
Diru publikoa xahutu da, Astigarragako bizilagunentzat proiektu garrantzitsuagoetan ibili zitekeena, birziklatze maila altuak betez. 

Zein da zuen proposamena?
Gure proposamena da atez atekoa kentzea eta kontenedore bidezko sistemara bueltatzea, bosgarren edukiontzia jarriz organikoarentzat. Borondatezkoa izango da eta txip bat izango du. Horrez gain, laguntzak eta bonifikazio fiskalak bultzatuko ditugu gaikako bilketaren eta birziklapenaren alde egiten duten familientzat. 

Erraustegiaren aurrean zein jarrera duzue?
Sozialistok PIGRUGa babesten dugu eta aurre­ra­pausoak emateko dokumentua. Horregatik, errefusarentzat izango den balorizazio energe­tikoko planta baten alde gaude, tamaina egokituz hondakin sorreraren indize berrietara. 

Astigarragan ere, eragina izan du krisiak eta lan­gabeziak. Aurre egiteko neurririk ikusten al duz­ue?
Sozialistok politika zehatzak proposatzen ditugu, hainbat neurri hartuz, enplegua sortzeko eta ekonomia indartzeko Astigarragan. Egingarriak eta eraginkorrak diren neurriak, krisiari aurre egiteko. Astigarragak berak dituen baliabideak bultzatuz, hala nola: lurzoru industriala, eta merkataritza eta turismoa bultzatzea, ekonomia indartzeko ardatz gisa. 

Merkataritza Plana jarri da martxan. Diagnostikoa egin da eta ekintza plana zehaztu da. Nola hartu duzue berria? Zein dira ikusten dituzuen beharrak?
Astigarragako merkataritza plan berezia aurten iritsi da, orain dela bi hilabete. Bilduk 4 urte behar izan ditu plan berezi bat onartzeko Astigarragan ekonomia garatzeko klabea den sektorearentzat. Merkataritzari behar duen garrantzia eman behar zaio, turismoari edota landa garapenari bezala.

Parte hartze ordenantza ere badu Astigarragak. Ze suposatzen du ordenantza honek eta zer irabaziko dute astigartarrek? Egokia dela uste al duzue?
Kasu honetan ere, lau urte behar izan ditu Bilduk parte hartzea antolatzeko ordenantza batekin, hauteskundeetarako 5 hilabeteren faltan. Parte hartzea Bilduren gezur haundia izan da, eta aitzakia gisa jarri du proiektuak eta eki­pa­menduak ez gestionatzeko.  Guk gar­den­ta­su­nez­ko atari bat proposatzen dugu astigartarrek ja­kin, ezagutu eta baloratu dezaten nola ges­tionatzen den aurrekontua diru sarrera eta gastuetan, eta parte hartu dezaten bertan eta eragiten dien proiektuetan. 

Astigarraga asko hazi da azken urteetan. Beha­rrik sumatzen al duzue herriaren izaera eta bizitza sendotzeko?
Astigarraga bizi asko duen herria da, eta logikoki, bere gaitasuna aprobetxatu behar du komertzioa, ostalaritza, kultura eta aisia dinamizatzeko. 

Urumea bazterretan izaten diren uholdeei aurre egiteko neurriak hartu badira ere, ura atera egiten da. Zein dira PSE-EEk proposatzen dituen neurriak? 
Azken hilabeteetan lan desberdinak egin dira uholdeen kalteak gutxitzeko Astigarragan. Azkartasun gehiagorekin jokatu behar zen, 2012an dagoeneko eskatu baitziren proiektu eta txostenak Astigarraga erdialdean eta Ergobian egin behar ziren lanak zehaztuz. Denbora asko behar izan da uholdeen kalteak zehazteko. Horregatik, eskatzen dugu instituzioarteko kon­promiso haundiagoa planetan eta aurrekontuetan, uholdeak saihestu daitezen. 

Urumea Berri proiektuak aldaketa haundia era­­gingo du herrian. Nola ikusten duzue? Ha­sierako proiektutik aldaketak izan dira. Zein da zuen balorazioa?
Urumea Berri proiektua oso proiektu garrantzitsua da Astigarragarentzat, baina berriz ere agerian uzten du Bilduren gestio txarra. Ondorioz, legegintzaldi oso bat itxaron behar dugu kultur etxe berri bat izateko. Proiektu hau azkartasun eta eraginkortasun gehiagorekin gestionatu behar zen. 

Azpiegiturak eta zerbitzuak berritu dira azken urteetan: ikastola, kiroldegia... Kultur etxe be­rria ere izango da. Beste beharrik ikusten al da?
Beharra baino gehiago, kontua da bizitza kulturala eta kirola dinamizatzeko proiektuak justifikaziorik gabe luzatzen direla. 2020an egongo gara Urumea Berriko kultur etxea eta ibai inguruko parkea egiterako. Eta lau urte behar izatea kiroldegiko aldageletan eta gimnasioko aireztapenean aldaketak egiteko, ez da onargarria. Kiroldegia haunditzea beharrezkoa da eta zerbitzu berriak eskaintzea ere bai. 

HEZKUNTZA

«Bilduk hobeto gestionatu behar zuen, eta Eusko Jaurlaritza inplikatzea lortu»

Eskola haunditzeko obrak bere gain hartu ditu Udalak, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena izan. Institutua egitea ere bada helburua, lurra erreserbatua dago behintzat. Ze 
iritzi duzue?

Sozialistok uste dugu Bilduk hobeto gestionatu behar zituela ikastola haunditzeko lanak eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa lortu, bere eskumena baita. Udaletxeko dirua udal mailako proiektuetarako dago, ez beste instituzioen eskumeneko proiektuetarako. 

GARRAIO HIRIA

«Astigarragako ekonomia eta komertzioa dinamizatzea eragingo du»

Proiektu garrantzitsu bat egingo da Astigarragan: Garraio Hiria. Ze jarrera duzue? Zein onura eta kalte ekarriko ditu?
Zalantzarik gabe, aparkaleku haundi bat, gasolindegia eta ostalaritza zerbitzua. Eta horrek denak Astigarragako ekonomia eta komertzioa dinamizatzea eragingo du. 

GARAPEN AGENTZIA

«Berme juridiko guztiak dituen agentzia bat proposatzen dugu»

Astigarragako Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zuek kontra azaldu zarete. Zein dira arrazoi nagusiak?
Bilduk egindako planteamenduaren kontra gaude, Buruntzaldea osatzen duten udalerriak kanpoan uzten dituelako, Elkartearen formula planteatzen duelako eta ez dagoelako berme juridikorik ezta ekonomikorik inora iristeko gai honekin.  Zenbait udal kontuhartzaile, formula honen aurka azaldu ziren. Eta gainera, Buruntzaldea osatzen duten udalen pluraltasun politikorik ez dute islatzen. 

Zein da zuen proposamena?
Guk Bilduri proposatu genion Garapen Agentzia bat, berme juridiko guztiak dituena, Buruntzaldeko udaletako pluraltasun politikoa errespetatuz eta guztiak kontuan hartuz, baldintza berdinetan, Andoain barne. 

Motz motzean

Errumaniarren kanpamendua 
instituzioarteko ekimena, guztiz ondo kon­pondu gabea. 

Auziak (Elgopebi, Ubarburu...) 
Aurreko legegintzaldian sozialistok ordezkaritza po­litikoa izan genuenean, salatu genituen hiri­gin­tza­ri lotutako gehiegikeriak EAJ-PNVk eta H1!ek bul­tzatuak. Penatzekoa da Elgopebi kasuan in­teresetan 146.000 euroko kalte-ordaina izatea, luzapenagatik.  Eta poztekoa da ez direlako 5 milioi euro ordaindu behar izan Ubarburu 30 Polig­o­noaren kasuan. 

Auzoak
Arreta gehiago behar dute auzoek garbiketa eta hirigintza zerbitzuetan.

Txotx denboraldia
Bultzatu eta indartu beharrekoa da Astigarragako ekintza garrantzitsu gisa eta bere dinamismo eko­no­mikorako ere bai. Baina beharrezkoa da bide se­gurtasunerako neurri guztiak hartzea eta elkar ondo uztartzea edo oreka bilatzea interes pri­ba­tuen eta bizilagunen lasaitasun eta segurtasunaren artean.

Euskera
Euskera bultzatu behar da euskal kulturaren beste elementu bat bezala, eta ezin daiteke arma bi­la­katu gaztelaniaren aurka. Euskeraz edo gaztelaniaz bizi nahi dutenen hizkuntza eskubideak erres­peta­tu behar dira, diskri­minaziorik gabe. Udaletxeak benetako eta eraginkorra izango den elebitasu­naren alde egin behar du, bere ekintza guztietan.

Abiadura Haundiko Trena
Sozialistok azpiegitura hau babesten dugu eta az­kartasun eta konpromiso gehiago eskatzen dugu Gi­puzkoara iritsi dadin. Azpiegitura garrantzitsua da hau Euskadiren barne kohesiorako eta aktibitate ekonomikorako, bai hemen, bai Euskaditik kanpora. 

Nekazaritza
Landa garapen jasangarria eta eraginkorra pro­posatzen dugu Astigarragarako. Gure herriak parte hartu behar du 2014-2020 landa garapen planean, aurreko apirilaren 30ean aurkeztu zena Neka­zaritza Politika Batzordean. Produkzio ekologikoa babesten dugu eta iruditzen zaigu merkatuak indartu daitezkeela bertako produktuekin. 

Erabakitze eskubidea
Udal hauteskundeak ez dira hauteskunde ple­bis­zitarioak, udal ordezkariak aukeratzeko hautes­kun­deak dira, zeintzuk lan egingo duten he­rri­ta­rren arazoak konpontzeko lan arloan, hirigintzan, etxebizitzan, adinekoenganako arretan, jasangarritasunean… Erabakitze eskubidea eufemismo bat da, nazionalismoa edo independentzia bezalako ideiak daukana atzean. Eta sozialistok autogobernua babesten dugu, tresna egoki bezala ikusten baitugu justizia, berdintasuna eta garapen jasangarria bezalako idealak aurrera eramateko. Nortasunaren inguruko horrelako eztabaidak antzuak dira bizi garen mundu globalizatuan, Estatuek subiranotasunak ematen baitituzte mundu mailako sistema globalak artikulatzeko. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!