«Gertutasuna eta prestutasuna eskaintzen dugu, herriko politikak herritarrekin eramango ditugu aurrera»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan?
Goizuetako Udalerako hautagaitza bakarra egonda, lehia politikoa baztertuago geratzen da. Kanpainan zehar programa zabaldu eta honen inguruan sortu litezkeen kezka eta proposamenak jasotzen jarraituko dugu.

Unai Loiarte, zu izango zara EH Bilduren zerrendaburua. Ilusioarekin ekin diozu bide berri honi?
Bai, ilusio eta gogotsu nago. Kaletik jendeak gelditu eta animoak emateaz gain laguntzeko prest dagoela esaten dit. Horrek halako motibazio berezi bat ematen dizu.

Taldean orain arte aritutako zinegotzi batzuk izango dituzu lagun; beste batzuk berriak.
Bai, Pili eta Danielek azken lau urteetan Udalean zer egin den jakiteak asko erraztuko du legealdi hasiera; beraik badakite martxan dauden lanketei segida nola eman. Beste guztiak berriak gara, hala ere, gertu gaude  herrian gertatzen denetetik. Gainera, berri horietatik hiru, hogeita hamar urtez azpikoak gara. Honek taldeari haize frexkoa emango dio.

Zer eskainiko diozue goizuetarrei?
Gertutasuna eta prestutasuna. Herriko politikak herritarrekin batera eraman nahi ditugu aurrera, lanketak elkarrekin egin. Noski, zenbait erabaki gure esku egongo dira, guk hartu beharko ditugu. Baina erabaki horien norabidea guztiok eztabaidatu eta adostutakoa izango da. Goizueta herri txiki eta partehartzailea da, oso egokia horrelako dinamika zuzenak aurrera eramateko. Eta edozeinek proposamenik balu, argi izan dezala udaletxera laguntza eske jo dezakeela.

Osatu duzuen herri programan diozue, Goizueta indartzearen alde egingo duzuela lan. Zein da egun, Goizuetaren egoera?
Azken urteetan, gazte asko kanpora joan dira bizitzera eta ondorioz Goizueta etorkizuneko biztanlerik gabe geratzen ari da. Biztanle gutxiago izateak ekartzen du zerbitzuengatik gehiago borrokatu beharra; horretan gabiltza, dauzkagun zerbitzuak mantendu eta ahal den neurrian hobetzeko lanean.

Nola indartuko duzue?
Bi ildo bereiziko genituzke. Alde batetik, jendea herrian bizi dadin baldintzak hobetzen saiatuko gara. Beste aldetik, zerbitzu hauek bermatuak egon daitezen defendatuko dugu, horretarako beharrezkoa den finantzaketa lortuz.

Plan estrategikoa osatu nahi duzue herritarrekin batera. Zein oinarri izango ditu eta zer ekarriko du?
Labur-labur azaltzeko, plan estrategikoak gaur egungo egoeraren diagnosi bat egingo luke eta gauzak modu beretsuan egiten jarraituz gero, epe ertain-luzean Goizuetak izango lukeen egoeraren argazkia emango digu. Irakurketa horretatik zehaztuko litzateke zein politika eraman behar diren aurrera, etorkizunean nahi ez ditugun aspektuak gertatu ez daitezen.
Plan horren helburua goizuetarrentzat me­sedegarria dena indartzea litzateke eta oinarria herritarrekin egindako diagnosia izango da.

Udala eta herritarren arteko harremana bultzatzea da beste nahietako bat. Parte hartze politikak izango al dira horren oinarri?
Orain arte badira talde desberdinak, kultur arloan esaterako, non herritarrak diren subjektu erabakitzaileak. Legealdi honetan lan eredu hau beste esparru batzuetara ere eraman nahi dugu, edozein egonda ere karguan, herriko lanketak aurrera jarrai dezan. Parte hartze hau eman dadin, udalean gertatzen denaren berri ematea funtsezkoa dela pentsatzen dugunez, ko­mu­nikazioa lantzen arreta handia jarriko dugu.

Etxebizitza bada EH Bilduren kezketako bat. Bertan bizi nahi dutenei laguntzak eman, etxe hutsei irtenbidea bilatu... Zein da proposamena?
Proposamena baino gehiago hautua da: Goizuetan bizi nahi duenak izan dezala aukera. Lehenik eta behin zein interes dauden aztertu beharko ditugu, noraezean ez ibiltzeko. Baina Udalaren proposamena alokairu sozialaren aldekoa da: pertsona bakoitzaren egoera ekonomikoa zein den kontutan hartuz ezartzen baitu asumitu beharreko zama, etxebizitza eskubide bat baino, ez dadin izan bizi osorako hipoteka bat. Ikuspegi horrekin saiatuko gara herriko etxe hutsei irtenbidea ematen.
Aldi berean, bitartekari lana egingo dugu herrian etxe hutsak dituzten partikularren eta herrian bizitzeko interesa dutenen arteko konfidantzazko harremanak sor daitezen.

Krisiak ere izan du eragina Goizuetan. Mendia izan da sostengu ekonomikoa urte luzez eta beste bide batzuk bilatzea da orain asmoa. Zein plan duzue ekonomia sustatzeko?
Bai, hala da. Goizuetak mendia zuen diru iturri nagusia eta “fusarium” gaitza dela medio, ingreso bide hori amaierara iritsi da, urte batzuetarako behintzat. Orain, mendiari beste aprobe­txamendu bat ematen ahaleginduko gara, turismoa ardatz garrantzitsu izango duena. Partikularki herrian sortu daitezkeen beste aktibidade ekonomikoei ere gure laguntza emango diegu.

Bertako produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko kontzientziazio lanak aipatzen dituzue herri programan.  Zein da asmoa? Zein dira egun Goizuetak zentzu honetan dituen fuerteak?
Kontsumitzaile modura, herritarrok bertako negozioak irekiak mantentzeko daukagun erantuzkizunaz kontzientzia sortu nahi dugu. Herrian dauzkagun negozioak egunerokotasuna asko errazten digute, izan dendak, okindegia, ile apaindegiak, farmazia, tabernak... eta hauek irekiak jarraitzea gure esku dago.
Goizuetaren fuertea bere ingurua da. Iruditzen zaigu nekazaritzaren inguruan lanketa txukun bat egin genezakela, kontsumo elkarteen antzeko zerbait sortu dadin.

«Nafarroako Goberuan aldaketa beha­rrezkoa da. Eskatzen duguna da, nafar herritarrengandik jasotako zergak modu juxtu eta zuzenago batean herrietara bideratzea. Herri bakoitzak izan dezala autonomia, atez ate ibiltzeak izaten duen menpekotasunik gabe.

Hondakinen kudeaketari dagokionean, Goizuetak ba al du etorkizuneko planik?
Goizuetak Mendialdeko mankomunitatearen bitartez kudeatzen ditu bere hondakinak eta etorkizunera begira, noski, hondakin gutxiago produzitu eta hobe birziklatzea izango du hel­buru. Kontziente gara atez-atekoa dela hon­dakinen kudeaketarako eredurik egokiena, baina aukera hori mankomunitatea osatzen duten beste Udalekin batera aztertu beharko dugu.

Auzo konposta martxan jartzeko pausuak eman dira herriko zenbait auzotan. Nolako erantzuna izan du?
Azken hilabeteetan auzoka konpost guneak martxan jarri dira eta herritarren aldetik geroz eta erantzun hobea nabaritzen dugu, ingurumenarekiko errespetua geroz eta barneratuagoa dugu.

Euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitzeko asmoa ere azaldu duzue.
Goizuetan euskara sasoitsu dagoelakoan gaude. Dena den hobetzeko badugunik ezin dugu ahaztu eta horretan gabiltza “Euskararen Arnasguneak” dinamikarekin. UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) gisako erakundeen parte ere bagara eta bertan markatzen diren helburuak bete daitezen lanean jarraituko dugu.
Ez dugu ahaztu behar Nafarroan euskarak bizi duen egoera hil ala bizikoa dela. Azkenaldian legalki zonifikazioarekin zeozer lortu dela dirudi, baina honek zein garapen duen ikusteko dago. Euskal Herri osoan, eta gure kasuan bereziki Nafarroan, euskarak ezin du izan bigarren hizkuntz, euskararen eztabaida eta normalizazioa mahaigaineratu behar da.

Ondare kulturala jaso eta zabaldu nahi duzue. Zein dira eman beharreko pausuak?
Goizueta baditugu zenbait adierazpen gure identitatearen parte zaizkigunak, zahagi-dantza esaterako. Adierazpen hauek urtean behingo ekintza baino, gure ondare direla konturatu behar gara. Birbaloraketa bat beharrezkoa da. Honela lortuko baitugu babestea eta kanpora aditzera ematea.

Turismoa bultzatzeko hainbat ekimenen barruan, Zubimuxu aterpetxea izango duzue ardatz. Zein dira aterpetxe honen espektatibak?
Herritik pasatzen den bisitari guztiarentzat erreferentzi puntua izan behar du, nora jo inguru hauetako eskaintzaren berri izateko; bertan baitago informazio gunea. Aldi berean, turistak Goizuetara etortzea bilatuko duen subjektu izango da eta denei non lo egina eskainiko dien aterpetxea. Helburu hauek aurrera eramateko aterpetxearen kudeaketa lehiaketa publikora ateratzea ezinbestekoa izango da.
Eskualde bezala turismoa bultzatzea oso interesantea da, adibidez Plazaolaren parte bilakatuz

Goizueta Euskal Herriaren baitan kokatzen du­zue, eta bide horretan diozue, ezinbestekoa dela naziogintzan ekarpenak egitea. Zein da bidea?
Bidea da Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna duen subjektu bezala aitortua izatea. Ariketa oso demokratikoa litzateke herritarrak aditzea, zer garen eta zer izan nahi dugun erabakitzen uztea. Baina ez dakit nik hau oso Estatu demokratikoa ote den...

Elkarbizitzarako pausuak ematen ari dira Euskal Herrian, han eta hemen. Zein izango da EH Bilduren bidea Goizuetan?
Elkarbizitza lortzeko bidean, gatazkaren eta honek eragindako ondorioen errekonozimendua beha­rrezkoa da. Kontakizun bakarra bilatzen duen historialaritza baino, memoria izango duena oinarri, bakoitzaren bizipen eta ikuskerekin. Elkarbizitzarako elkar ulertzen ikasi beharko dugu eta bizi dugun gatazka prisma desber­di­ne­tatik ikus daitekeela onartzea abiapuntu ona da.

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak ezinbestekoak dira aurretik aipatutako proiektu hauek aurrera eramateko. Zein izan da azken lau urteetan UPNrekin izan duzuen harremana?
[parrea] Hau aurreko alkateak erantzungo luke nik baino hobe! Nafarroako Udalerriek diru kopuru txiki bat jasotzen dugu Udalaren funtzio administratiboa nahiko juxtu asetzen duena. Gainontzeko finantzaketa gobernutik jasotzen da proiektu konkretuetarako. Honek zer suposatzen du? Alde batetik, proiektu bat aurrera eraman ahal izateko aurreikuspenen zailtasuna eta bestetik, aldiro Iruñeara ate joka joan beharra herrian zerbait gauzatu nahi bada.
Aldaketa beharrezkoa da. Eskatzen duguna da, Nafarroako Go­bernuak, nafar herritarrengandik jasotako zergak modu juxtu eta zuzenago batean herrietara birbideratzea. Herri bakoitzak izan dazala autonomia, atez ate ibiltzeak ekartzen duen menpekotasunik gabe, herri politikak behar bezala antolatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!