«Hernanik ireki egin behar du, haizea hartu, denbora gehiegi daramaki batuta berari segiz»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskun­deetan? Nolako emaitzak espero dituzue?
Gure alderdia, Alderdi Popularra, konturatzen da zein zailtasun dauzkan hautagaitza aurkezteak Hernanik dauzkan ezaugarriak bezalakoak dituen herri batean, eta azken urteetan izan duen ibilbidea kontuan hartuta. Hala ere, gure asmoa da herrian popularren presentzia berreskuratzea. PPk ordezkariak izan zituen Udalean 1995etik 2011 bitartean. Uste dut berriro Udalean egoteko garaia dela.

Hauteskunde hauetan aldaketak izango dira: Hamaikabaten babesa izango du EAJk; Orain Hernani alderdi berria ere sartuko da panorama politikoan. Zertan eragin dezake horrek?
Eragina izango du, mota bateko hauteskunde eskaintza desagertuko delako eta orain arte presentziarik izan ez duen beste eskaintza mota bat agertuko delako. Ez dakit desagertze eta pre­sentzia berri horrek zer nolako eragina izan dezakeen azken emaitzan, uste baitut eskaintza desberdinak direla, mota eta sektore desberdinetako boto emaile posibleak dituztenak. Uste dudana da eskaintza zabala izatea onuragarria dela demokraziarentzat. Politikan ez dira onak kolore bakarreko denboraldi luzeak, aldaketak osasungarriak izaten dira.

Zein izango dira zuen programako helburu eta ildo nagusiak?
Alderdi Popularraren oinarrizko helburua da Her­naniko bizilagunen ongizatea. Guk Udaletik ardura hartu nahi dugu hernaniarren bizi ka­li­tatea hobetzeko. Hori lortzeko giltza da he­rritarrek eskatzen dutena entzutea, behar du­tenaren inguruan ikertzea eta badirenak baino ara­zo gehiago ez sortzea, gezurrezkoak.

Azken legegintzaldian ez zarete Hernaniko udaletxean izan. Zer eskainiko die PPk hernaniarrei?
Berriro ere gure aukera eskainiko diegu hernaniarrei, neurrizko aukera, inposiziorik gabekoa, oinarritzen dena Hernaniko bizilagunen eguneroko kezketan eta zerbitzu publikoen kudeaketa hobean.

Zein behar edo gabezia ditu gaur egun Hernanik?
Uste dugu, momentu honetan, Hernaniren lehenengo eta berehalako beharra dela aldaketa izatea Udalaren gestioan. Herriak denbora gehiegi darama batuta berari jarraituz, eta gainera, ez zait iruditzen batuta egokiena denik herri bat aurrera ateratzeko eta garatzeko. Nere ustez, Hernanik ireki egin behar du, haizea hartu... Iruditzen zait Hernani bere baitan itxiegi egon dela eta dagoela.

«Krisia eta langabeziari aurre egiteko, guk proposatzen duguna da ahalik eta erraztasun gehien ematea autonomiei, enpresari txikiei, eta orokorrean, ekintzaleei, lizentzi, tasa eta udal zergei dagokienean».
«Akordioak bilatuko ditugu bizilagunen beharrak hala eskatzen dutenean, helburua hernaniarrentzako onuragarria denean. Behar denarekin egingo ditugu akordio puntualak, beti ere, hernaniarren ongizatean eta garapenean eragina izango badu».


Beharrezkoa balitz, norekin gobernatuko zenukete? Zein gairen inguruan?
Hauteskundeetako emaitzen araberako zerbait da hori. Guztiz argi daukaguna da, eta, gainera, uste dut esatea ia ez dela beharrezkoa ere, inolako kasutan ez genukeela Bildurekin gobernatuko.

Interes orokorreko zein gaietan egingo duzue apustu akordioen alde?
Bizilagunen beharrek hala eskatzen dutenean eta helburua hernaniarrentzako onuragarria denean, behar denarekin akordio puntualak egingo ditugu, beti ere, Hernaniko bizilagunen ongizatean eta garapenean eragina izanez gero.

Krisia eta langabezia dira hernaniarren kezka nagusia. Zein izango da PPren politika gai hauen inguruan?
Kontuan hartuta zein mugatua den udaletxe batek neurri honetako kontu hauen inguruan egin dezakeen ekarpena, guk proposatzen dugu ahalik eta erraztasun gehien ematea autonomoei, enpresario txikiei, eta, orokorrean, ekintzaileei, lizentzi, tasa eta udal zergei dagokienean,  martxan jarri ditzaten beren proiektuak. Izan ere, jarduera ekonomikoa da aberastasuna eta lanpostuak sortuko dituena.

Etxebizitza asko egin dira azken urteen Hernanin, baina arazoak bere horretan jarraitzen du. Babes Ofizialeko etxebizitza askok salmentakoak izaten jarraitzen dute, kreditu arazoak daude... Bestalde, herrian etxebizitza huts asko daude; epe motzean, etxe berri gehiago egitea aurreikusten da... Zein izan daiteke konponbidea, PPren ustez?
Gure Alderdiak aspaldi proposatu zuen babes ofizialeko etxeak sustatzea, alokairu sozialen formatuan. Uste dugu sistema hobea dela, hipotekarik gabe aurrera egitea ahalbidetzen baitu. Gaur egun, hipoteken merkatua nahiko geldi eta mugatua dagoela dirudien honetan, zentzuzkoagoa ematen du, kasu gehienetan, alokairuaren alde egitea.

Uholdeak saiheste aldera hartu dira zenbait neurri, tartean Karabeleko zubi berria. Hala ere, urak ateratzen jarraitzen du Urumea bazterretan. Zein neurri proposatzen ditu PPk?
Urumeako urak ateratzearen ondorioz uholdeak gertatzea ez da Hernaniko arazoa bakarrik. Arro guztiko arazoa da, eta erriberako herri guztiek sufritzen dute. Frogatu bezala, ez dauka konponbide errazik, ez baita egungo arazoa; gure guraso eta aiton-amonek ere bazeukaten. Agian, azkenaldian kalteak nabarmenagoak izan dira, ingurune bajuagoak eta errekatik gertuago daudenak okupatzen ari baikara, eta ez baita behar bezala zaintzen ubidean dauden oztopoen garbiketa. Baina proposatuko nukeen aurreneko gauza izango litzateke ikerketa serio eta zientifiko bat egitea arroaren inguruan, osagarriak eta koordinatuak diren neurriak planifikatzeko. Koordinatzen ez badira, ez dira eraginkorrak izango, neurriak ubide eta arro osoan aplikatu behar baitira.

Kiroldegiaren egoera ere bada herritarren kezka. Aldagelak berritu eta energia kontsumoa murrizteko aldaketak egingo dira epe motzean. Eta igerilekua haunditzea ere aurreikusten da. Horiez gain, zein dira behar nagusiak eta aurre egiteko modurik ikusten al da? Kiroldegi berri baten beharrik ba al dago?
Hernaniko kiroldegia zaharrenetako bat da eta, dudarik gabe, moldaketa sakona behar du. Galdetzen dudana da, ea ez ote litzatekeen komenigarriagoa izango, eta baita errentagarriagoa ere luzera begira, kiroldegi berri bat egitea.  Askotan petatxuak okerrago izaten dira zerotik hasi eta egungo irizpideen arabera instalazio batzuk eraikitzea baino. Planteatzea izango litzateke, proiektua aztertu eta emaitzak konparatu.

Gatazka politikoak ondorio ugari utzi ditu Hernanin. Elkarbizitzarako pausurik emango al duzue?
Irakatsi beharko litzake hemen, Hernanin, eta Euskadin, ez dagoela eta ez dela izan inolako gatazka politikorik. Edozein gizartetan gertatzen den bezala, diferentzia politikoak daude, baina ez gatazka politikorik.
Egon dena izan da terrorismoa, biolentzia, estortsioa, mehatxuak... eta sektore jakin batzuetatik gorrotoa eta mespretxua erein dira. Iruditzen zait lehenengo zubiak konpondu beharko liratekeela, eta gorroto eta mespretxu horren sustatzaileak izan direnak baztertu.
Elkarbizitza guztiz osatuko da, hil, estortsionatu, etabar egin dutenak gai direnean egindako akatsak bere gain hartzeko, egindako kaltea onartzeko, ez bakarrik beraien atentatu eta ekintzen biktima zuzenei, baita euskal gizarte osoari ere, denoi egin baitigute min. Eta gainera, inongo lotsarik gabe engainatu gaituzte errealitatea distorsionatuz.

GARAPEN AGENTZIA

«Alde guztietako ordezkariak eseri behar dugu, eta eskualdeko herri bakoitzaren egoera aztertu»

Hernaniko Udalak, Beterri esku­aldeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Nola baloratu du PPk pauso garrantzitsu hori?
Kuriosoa da, baina Bilduren ideia honetan inplikatutako udaletxee­tako oposizio taldeak, modu batean edo bestean, Garapen Agentzia honen kontra azaldu dira. Bilduk behin baino gehiagotan erakutsi du bere gaitasun falta gainerako taldeekin akordioetara iristeko, eta kasu gehienetan, inposizioaren bidetik aritu da. Ematen duenez, antzeko beste kasu bat da hau.

Interes orokorreko gaia izanik, gainontzeko alderdi politikoekin akordio batera iristeko aukera baloratuko duzue?
Akordioetara iritsi beharko dela iruditzen zaigu. Baina beharrezkoa izango da bideari hasieratik ekitea berriz. Alderdi guztietako orde­zkariak eseri, eskualdeko herrien beharrak aztertu, beharrezko kooperazio horrek izan behar duen forma egokiena ikusi eta jarraitu behar den formula erabaki. Eta entitate horrek kontrol sistema on bat izan behar du inoren txiringito izaten bukatu ez dezan.

Beterri Eskualdean ere, izan dira desadostasunak. Udaletxe batzuk ez daude Garapen Agentziaren alde. Zein izan da PPren postura udaletxe horie­tan? Akordioren batera iristeko aukerarik ba al dago?
Ez dut uste kasualitatea denik Garapen Agentziaren alde azaldu diren udalerrietan Bilduk gehiengo absolutua izatea eta desadostasuna azaldu duten herrietan Bilduk ez izatea gehiengo absoluturik. Honek esan nahi du, gure iritziz, Bilduk bakarrik nahi duela Agentzia hau planteatua dagoen bezala, eta gainerakook ez dugu Bilduren proposamenen aurrean errenditu nahi. Tresna baliagarri bat nahi dugu, eta denon artean adostua.  

Motz motzean

Hondakinen kudeaketa
Ez daukagu zalantzarik, Atez Atekoa kenduko genuke. Sistema zikina da, ikusmenean beste edozein sistemak baino inpaktu haundiagoa eragiten du. Zurruna da, ez da malgua, eta, beraz, desegokia egungo bizi eredurako, bizi eredu hori erregularra ez beste edozer baita. Eta orain gutxi ezagututako informe batzuen arabera, gainontzeko sistemak baino askoz ere garestiagoa da, gastua %104 igotzen baita. Errauskailua izan zen 2007tik 2011rako legegintzaldian alderdi gehienek demokratikoki onartutako proposamena, eta Bilduk aldebakartasunez baztertu zuen. Gainera, azken lau urteotan erakutsi du ez daukala plan egingarririk hondakinen kudeaketarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!