«Erakutsi behar dugu herri txikiak ere bizirik gaudela eta beharrak ditugula, saiatu beharra dago»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Herri Aiherriz talde gisa berriz aurkeztuko zarete udal hauteskundeetara. Egungo legegintzaldiko 5 kideek osatu duzue berriz taldea. Lanean jarraitzeko gogoz zaudete?
Bai bai… Badago zer egina eta gogorik ere ez zaigu falta. 

Nolako taldea duzuela esango zenukete? Ze eskaini nahi diozue Aranori?
Nik taldea herrikoa dela azpimarratuko nuke. Herrikoa, herrikoia, herrizalea… herri aiherra edo gogoa duena beste deusen gainetik. Gaztea eta borondate onenarekin eguneroko beharrei irtenbidea ematen saiatzen dena eta ahalegin horretan gertukoa ere badela esango nuke. 

Aurrekoan, azaroan osatu zen udal taldea. Lehenengo deialdian ez zen talderik aurkeztu. Oraingoan, hasieratik aurkeztu zarete. Argi zenuten jarraitzeko asmoa zenutela?
Bai, argi genuen. Lehenengo urteak martxa nola hartu ikasten pasatzen dira egia esan. Esana ziguten han eta hemen hori, baina horrela dela konturatu gara. Ateak jotzen dituzu baina beharbada egokienak edo zuzenenak ez… eta bide berriak ikasterako bigarren legealdiak jo digu guri atea ustekabean! Lanean segitu beharra dago eta argi genuen horretarako aurkeztu beharra zegoela. Beraz, hementxe gaude!

Azken hauteskundeetan talde bakarra aurkeztu izan da Aranon. Oraingoan ordea, ez da herri Aiherriz bakarrik izango aukeran. UPN alderdiak ere aurkeztu du bere zerrenda. Ze balorazio egiten duzue?
Ez oso ona, egia esan behar badugu. Bertako jendea, herritarrak alegia, izan baziren, ez zen horrenbesterako izango. Kolore eta estilo guztiak elkartu daitezke herri txiki hauetan, baldin eta denen helmuga herritarren ongizatea eta herria bera badira. Baina honek ez du kolorerik. Herria non den ere ezagutuko ez duen jendea dela pentsatzen dugu, edo guk behintzat ez ditugu ezagutzen. Zain gaude, oraindik ez baitute beren burua aurkeztu. Eta horri egiten diogu balorazio iluna guk. 

«Ohartu gabe pasa dira lau urteak, eta etorri denari erantzun egokia ematen saiatu gara. Garaiak nahiko agorrak tokatu zaizkigu diru sarrerak lortzeko. Iturriak agortuak daude, eta zaila 
izaten ari da guk buruan ditugun hobekuntzak egitea»

Lau urte hauen balorazioa nolakoa da? Gustora zaudete egindako lanarekin? Ze sentsaziorekin geratu zarete?
Ohartu gabe pasatu dira 4 urteak (gure kasuan gutxiago dira, 2011ko abenduan hasi baikinen lanean). Etorri denari erantzun egokia ematen saiatu gara, nahiz eta beti ezin den denen gustora aritu. Bagenekien ez zela erraza izango eta gainera garaiak ere nahiko agorrak tokatu zaizkigu diru sarrerak lortzeko. Iturriak agortuak daude eta zaila izaten ari da guk buruan ditugun hobekuntzak egitea, baina oro har, uste dut talde polita egin dugula eta gauza batzuk ere egin ditugula ahal izan dugun neurrian.

«Izan dira proiektuak bistara agertzen ez direnak, baina guretzat lanerako eta eguneroko bizitzarako garrantzia izan dutenak. Esate baterako, euskeraz funtzionatzen hasi gara Udaleko gestiotan, Cerdena Garalurren bazkide egin gara...»

Lau urte hauetan ekimen edo proiektu hauek egin dira behintzat: turismo plana, Urumea Arnastu, herrigintza eskolak, auzolanean Mendarazko erreka txokoa garbitu, mendi ibilbideak margotu, San Roke edo kontzeju atzean mahaiak jarri, herri komunikabideak lagundu (ttipi-ttapa, kronika...), Miaxiria argitaratu, suhiltzaileekin harremana bultzatu…
Bai… aipatu dituzunak ikusten diren proiektuak dira, asko herritarren laguntzarekin egindakoak gainera. Uste dugu kontzientzia hori garrantzitsua dela herri hauetan. Badira, hauetaz aparte, bistara agertzen ez diren proiektuak baina guretzat lanerako eta eguneroko bizitzarako garrantzia dutenak. Esate baterako, euskeraz funtzionatzen hasi gara Udaleko gestioetan, Cederna Garalurren bazkide egin gara Europatik etor litezkeen laguntzak, bai Udalarentzat baina baita herritarrentzat ere bideratzen lagunduko digulakoan, Gizarte zerbitzuetan ere berdintasun eta prebentzio batzordeetan ibili gara, tartean arlo horiek lantzeko ekimen batzuk aurrera eramanez (pelikulak, erakusketak…), elikagaien bankuarekin kolaborazio bat egitekotan gara aurki… Hondakinen kudeaketan Mendialdeak hartu duen norabidearekin bat egin dugu gai organikoak konpostagailuen bidez jasotzeko pausoak emanez eta material arriskutsuak eta beste sailkatzeko moduak bilatuz… Mendia ere ustiatu dugu horretarako momentua zela ikusi dugunean…

«Orain artekoari eutsiko diogu. Gauden lan batzordeetan segiko dugu lanean eta egunero etorri litezkeen arazo eta kezkei irteera ematen saiatuko gara».
  

Eta datozen lau urte hauei begira ze erronka dituzue?
Ba… orain artekoari eutsiko diogu. Gauden lan batzordeetan segituko dugu lanean eta egunero etor litezkeen arazo eta kezkei irteera ematen saiatuko gara. Mendia ahal den neurrian kudeatuko dugu, hondakinen kudeaketan konpostagailuen aldeko erabakia zabaldu, herriko argiteria publikoan jasangarritasunerako pausoak eman kontsumoa murrizteko, Turismoan eragiten saiatuko gara, herriko eragile ezberdinekin harremanak leunduko ditugu etorkizuna diren gaztetxoei eragiten dieten gaietan, unean uneko erabakiak egoki hartzeko…
Horretaz gain, Maisueneak eta frontoi estaliak gure helburu izaten segitzen dute eta horretarako beharrezko diru sarrerak eta baliabideak bilatzen segituko dugu, han eta hemen, ate gehiago joaz. Zaila dago baina guk temati eta burugogor ekingo diogu lan horri, orain artean egin dugun bezala.

«Irakurri poligonorako oinarri sendo batzuk jarri behar dira, poligonoari bizia eta herritarrei lana ekartzea bideratuz».

Irakurri poligonoa hortxe duzue. Zertan lagunduko dio Aranori? 
Horrelako poligono bat herrian izatea gauza positiboa dela deritzogu. Zerbeza fabrika egon zen artean herrira lana ekarri zuen eta itxi zutenean, berriz, poligonoa hutsik geratu zen. Egoera horretan herriari ez dio onurarik ekartzen eta orain oinarri sendo batzuk jarri behar dira berriz ere poligonoari bizia eta herritarrei lana ekartzea bideratuz. Horretan ari gara lanean.

Arano herri txiki bat da. Zeintzuk dira halako herri txiki baten arazo edo kezka nagusienak?
Txiki izate horrek, askotan, inguruko herrien artean kontutan ez izatea suposatzen du. Horrek batzuetan eragin txikia izaten du, baina beste askotan nabarmena. Zerbitzuak direla, komunikazioa, azpiegiturak, osasuna, larrialdi edo bestelako asistentzia zerbitzuak… Horri gehitu, orain Nafarroako erdigunetik ‘urruti’ egotea. Mutur batean egotea, Iruñeatik ordu eta erdira. Bizirautea da bat eta bestea, besteei bezalaxe zor zaizkigun eskubideak bermatuak izatea.

«Txiki izate horrek, askotan, inguruko herrien artean kontuan ez izatea suposatzen du. Batzutan eragin txikia izaten du, beste askotan nabarmena. Zerbitzuak direla, komunikazioa, azpiegiturak, osasuna, larrialdi edo bestelako asistentzia zerbitzuak...»

Demografia bada kezka?
Bai, noski. 13 eta 26 urte bitarteko adin tartean gazte bakarra dago Aranon. Horien gurasoak izan behar zutenek herritik alde egitea erabaki zuten urte haietan, eta orain errepikatuko den ziklo bat etorriko da hemendik urte batzuetara. Beraz, generazio horren falta kezkatzekoa da, bai. Hala ere, familia batzuk etorri dira Aranora bizitzera eta horiek orekarako bidea jartzen dute. Gaur egun, 121 biztanle daude erroldatuak Aranon. Beste arazoa da, arazo sakonagoa eta zuzentzen zailagoa, arrazoi ezberdinengatik bertako jende batek bere umeak beste herriren batean erroldatzeko erabakia hartzen duela, eskola edo pediatra direla eta adibidez. 

Nafarroako Gobernutik bideratzen den laguntza edo politika nolakoa da? Nolakoa da harremana?
Bertara joan eta berriz joan behar da. Urruti ikusten gaituzte eta diru laguntzak ez dira guretzat pentsatuak. Gehienetan non gauden azaltzen hasi behar izaten dugu bileretan eta hori ez da seinale ona…

Zertan hobetu liteke? Zer egin liteke?
Hobetu beti egin daiteke. Herri txikiak ere bizirik gaudela erakutsi behar dugu eta behar batzuk baditugula. Gure alde onak zein diren jakin behar dute eta gure gabezietaz ohartu. Horretarako ez dago formula magikorik. Saiatu beharra dago, ez dago besterik.

Ze garrantzia du maiatzaren 24an bozkatzeak? Zergatik egingo zeniekete dei herritarrei?
Batez ere, aurten, herria ezagutzen ez duen jendea zerrendetan hortxe izango dugulako, batez ere orain bozkatzea garrantzitsua da. Uste dugu, alde izan bai, baina bozkatzera joaten ez den horrek ez digula mesederik egingo emaitzetan. Ezagunak gara, herrian ibiliko garen jendea, eta herriaren ona besterik nahi ez duguna. Uste dut horrekin ados dagoen guztia bozkatzera joan eta ahal dituen aukera guztiak markatzera deitu behar dugula. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!