«Hernani erreferente izatea nahi dugu elkarbizitzan eta garapen ekonomikoan»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan? Zein emaitza?
Helburua da hauteskundeak irabaztea eta Al­ka­te­tzara iristea.

Aldaketak izango dira. Hamaikabeten babesa izango duzue, eta Orain Hernani! alderdi berria ere izango da Hauteskundeetan. Zein eragin izango duela uste duzu?
Aldaketak herritarren esku daude; beraiek emandako botoek ekartzen dituzte aldaketak. Ahalik eta babes haundiena jaso nahiko genuke Alkatetzara iritsi ahal izateko. Denekin eta denontzat gobernatuko dugula erakutsi nahi dugu. Programa adostuz, Orain Hernanik! alkate aukeraketan parte hartzen badu...

Hamabi urte daramazkizu zinegotzi gisa. Beste lau urtez Udalean jarraitzeko gogoz zaude?
Hernaniarrekin eta herniarrentzat lan egin nuen lau urte haiek baino lan esperientzia hoberik ez dut izan. Ilusio berarekin jarraitzen dut, eta esperientzia askoz gehiago dut orain.

Andoni Amonarraizek eta bere taldeak zer eskainiko diete hernaniarrei?
Askatasuna, demokrazia, hausnarketa, parte­har­tzea eta elkarrekin lan egitea. Lista osatu dugun guztiok helburu berarekin aurkeztu gara: lana egin nahi dugu hernaniarrentzat eta enpresa guztientzat. Hernani elkarbizitzaren eta garapen ekonomikoaren erreferentea izatea nahi dugu.

Zein izango dira zuen programaren helburu eta ildo nagusiak?
Hiru ildo nagusi ditu gure programak: Gobernu ona, Hernani guztiokin eta guztiontzat, eta Zuk Erabaki. Hiru kontzeptu hauekin, eta hauen garapenarekin erakutsi nahi diegu ezberdinak garela. 2003-2007 legegintzaldian erakutsi genuen, gobernuan izan ginenean.

Hernaniarrek zerrenda bat baino gehiago izango dituzte aukeran, maiatzaren 24an. Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete?
Hernanik duen egoera soziala kontuan izanda, uste dugu alderdi guztiak elkartzea onuragarria izango litzatekeela elkarbizitzarako. Nik her­naniarren ordezkari guztiak berdin errespetatzen ditut. Espero dut paktuak mahai baten bueltan sortzea, egindako lanaren eta akordioen ondorio izatea. Herritik haratago dauden estrategiek akordio horiek ez baldintzatzea espero dut.

Interes orokorreko gaietan, adostasunak bilatzearen aldeko apustua egingo duzue beraz.
Hernaniri eragiten dieten interes orokorreko gaietan, eta gainerako guztietan adostasuna bilatzearen alde jarraituko dugu.

Lau urteren ondoren, krisiak eta langabeziak jarraitzen du izaten hernaniarren kezka eta arazo nagusia. Zer proposatzen duzue hori erremediatzeko?
EAJ-PNVk beti egin du industriaren aldeko apustu garbia; eta Hernanin ez gara ezberdinak izango. Laguntzak emango dizkiegu langabezian denbora asko daramakitenak edo familia karga haundia dutenak kontratatzen dituztenei. Era berean, gure herrian enpresak jartzearen alde egingo dugu lana, erraztasunak emanez.

Etxebizitza arazoa ere hor dago. Azken urteetan asko egin badira ere arazoak bere horretan jarraitzen du. Babes Ofizialeko etxebizitza askok salmentakoak izaten jarraitzen dute, kreditu arazoak daude... Bestalde, herrian etxebizitza huts asko daude; epe motzean, etxe berri gehiago egitea aurreikusten da. Zer egin behar da EAJ-PNVren iritziz?
Soluzioak bi dira: kalitatezko lanpostuak sortzea eta etxebizitzak erosteko kreditu iturriak irekitzea. EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzarekin egingo du lana, alokairuzko etxebizitzak gehiago izan daitezen.

Uholdeak saiheste aldera hartu dira zenbait neurri, tartean Karabeleko zubi berria. Hala ere, ura atera egiten da Urumea bazterretan. Zein dira hartu beharreko neurriak?
Herriaren konpetentzia ez bada ere, URA agen­tziarekin elkarlanean arituko gara, errekaren ubidea garbitu eta haunditu dezaten. Bestalde, futbol eta errugbi zelaiak lekuz aldatzea modu serioan aztertuko dugu; klubeko arduradunekin batera egingo dugu lan hori.

«Hernaniarren ordezkari guztiak berdin errespetatzen ditut. Espero dut paktuak mahai baten bueltan sortzea, egindako lanaren eta akordioen ondorio izatea. Herritik haratago dauden estrategiek akordio horiek ez baldintzatzea espero dut»

Kiroldegiaren egoerak ere kezkatzen ditu her­na­niarrak. Aldagelak berritu eta energia kon­tsu­moa murrizteko aldaketak egingo dira epe motzean. Eta igerilekua haunditzea ere aurrei­kusten da. Bes­te beharrik ikusten al duzue eta erremedio po­siblerik? Kiroldegi berri baten beharrik ba al dago?
Hernaniko Kiroldegia ederki asko amortizatua dago. 30 urte baino gehiago dituen eraikin batean inbertsioak egitea dirua botatzea da. Beste instituzio batzuei laguntza eskatu behar zaiela uste dugu, kiroldegia bota eta berri bat eraikitzeko. Egungo beharrak asetu behar ditu kiroldegi berriak: ezin ditu irisgarritasun arazoak eduki, eta datozen 25-30 urteetarako aktibitatea ziurtatu behar du.

Ongintza Patronatuaren helburuak zeintzuk izan behar dira datozen lau urteetan?
Konpetentziak banatzen direnean, Ongintza Patronatuan aldaketa ugari izango direla uste dugu. Gizarte esparruko area guztiek bertan egon behar dutela uste dugu. Era berean, uste dugu behar gehien dutenentzat dauden laguntza lerroak ondo definituta egon behar dutela.

Zein da auzoekin izango duzuen politika? Dituzten beharrak identifikatu eta soluzio posibleak bilatzeko modurik aurreikusten al duzue? 
2003-2007 legegintzaldian izan genuen lan modua izango dugu oinarri. Bi esalditan azalduz: 1) auzoz auzo elkartu, banaka, beharrak entzuteko; 2)  lehentasunak ezarri eta praktikara eraman. Eskatutakoari soluzioa ematerik ez balego, zergatia azalduko genuke.

Gatazka politikoak ondorio ugari utzi ditu Her­nanin. Elkarbizitzarako pausurik emango al da?

EAJ-PNVrentzat elkarbizitza bultzatzea le­hen­tasunezko helburua da, eta hala izan behar du sinesmen, sentsibilitate politiko, erlijioso etab. ezberdinak dituztenen artean.

GARAPEN AGENTZIA

«Pleno guztiek onartuko duten dokumentu bat adostu behar da»

Hernaniko Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zuek ez duzue bat egin. Zergatik?
EAJk beti babestu du eskualdeko Garapen Agentzia bat sortzea. Bildurekin lanean aritu ginen, borondate onenarekin. Ezker aber­tza­leak ordea, erabaki zuen, ezin zela negoziatzen segi: ‘Beterri’ sortzeko presa haundia zuten; gaur egun ordea, eratu gabe jarraitzen du. EAJk lanean jarraitzen du, bailarako alderdi guztiei legea betetzen duen zirriborro bat aurkezteko asmoz; edozein hobekuntza gehitzea posible izango da. Helburua da, Buruntzaldeako sei plenoetan onartzea.

Zein da EAJ-PNV alderdiak proposatzen duen Garapen Agentzia?
Figura juridikoak gardentasuna eta legaltasuna zi­ur­tatu behar du. EAJren proposamena da sozietate publikoa izatea. Pertsonal kontratazioari dago­kio­ne­an, gure ustez beharko lituzke gerente bat eta herrietako teknikoak. Diru sarreren %80ak es­kual­dearen garapenerako izan behar duela uste dugu. Era berean erabakitze organoek arduradun pol­i­ti­koen esku egon beharko liratekeela eta hauek bai­la­rako pleno bakoitzak aukeratu beharko lituzkeela. Area ezberdinetan adituak diren kola­bo­rat­zai­leekin egingo litzateke lan, eta herritarren par­te­hartzea bultzatuko litzateke. Hau da, hein haundi ba­tean, EAJ prestatzen ari den proposamena; eta beti ere, besteen proposamenekin hobetzeko prest gaude.

Zein dira hemendik aurrerako pausuak?
Zirriborroa bukatuko dugu, eta herritarrei eta alderdi politikoei aurkeztuko diegu. Lanean se­giko dugu, ahalik eta denbora gutxienean er­a­tze­ko. Bailarako bizilagunei ez diegu gezurrik esango, ezker abertzaleak Beterrirekin egin duen moduan.

Garrantzia haundia duen gaia izanda, posible al da Udalarekin eta gainerako alderdiekin adostasuna lortzea?
Bailarako udaletan dauden alderdi politiko guztiekin adostasun batera iritsi behar dela uste dugu. Pleno guztiek onartuko duten dokumentu bat adostu behar da. Optimista naiz. 

Eskualdean Garapen Agentziarekin bat ez datozen udalerrien atzean dago zuen alderdia. 
Baieztapen hori ez da egia. EAJ-PNV garapen agen­tziaren alde dago, baina ez Garbitania moduko txiringito baten alde. Edo gauzak ondo egiten dira, guztiok parte izanda, edo gestio arazo asko izango dira. 

Motz motzean

Hondakin kudeaketa 

Atez atekoaren kontra egoteko arrazoi ugari di­tu­gu. Hernanin 6.000 sinadura jaso ziren erre­fe­ren­du­ma eskatuz, eta guk hori  errespetatu eta gal­deketa egingo dugu. Errauskailuari dago­kio­­nean, depurazio sistema moderno baten alde gau­de, Eur­opan hondakinak gutxitu, berrerabili eta ber­ziklatzen dituzten herrialde garatuenak bezala.

Plaza Feminista eta Berdintasuna
Ezin da amore eman berdintasun ezaren aurrean. Le­gearen aurrean berdinak gara, eta aukera ber­dinak izan behar ditugu. EAJ-PNVrentzat sakratua da.

Mugikortasuna eta trafiko aldaketak
ANVk eta EH Bilduk sortutako kaosak eragina du ko­mer­tzianteengan, herria bisitatzen dutenengan eta hernaniarrengan. Soluzioa e mango diogu ko­mertziante eta herritarrekin elkarlanean. Hernani bizitzeko leku erosoa bihurtuko dugu, erosketak egiteko modukoa, bisitatzeko erakargarria.

Merkataritza
Udalaren konpetentzia diren arlo guztietan egingo dugu lana: hirigintza, trafikoa, aparkaleku berria gainazalean, kartelak, promozioa... Beste erakunde batzuekin ere egingo dugu lan, komertzio lokala bultzatze aldera.

Txotx denboraldia
Hernaniarrek deskantsurako duten eskubidea ziurtatu behar da (soinua isolatzen duten leihoak jartzeko partida bat emango dugu).  Etortzen direnek herria errespetatu behar dute, eta ostalarien negozioa haztea bultzatuko dugu.

Abiadura Haundiko Trena
AHTaren garapena erraztuko dugu, uste baitugu behar beharrezko azpiegitura dela Euskadiko hiri­buruak lotzeko, eta Euskadi Europarekin lotzeko.

Errumaniarren kanpalekua
Integrazioan lagundu behar zaie, eta bide ho­rre­tan beraiekin lana egitera konprometitzen gara.

Euskera
Beti aurrera, hernaniarrik bidean utzi gabe.

Erabakitze eskubidea
EAJ-PNVren esentzia da, Andoni Amonarraizena eta demokraziarena.

Nekazaritza
Bertako produktuen kontsumoa bultzatu behar da, eta bide honetan etenik gabe egingo dugu lana.

Parte hartzea
Hernaniarrek parte hartu nahi duten jakin behar da, eta hala bada, ahalik eta jende gehienak parte har­tzeko modua erraztu. Auzoz auzo egingo dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!