«Astigarraga guztion artean egitea eskaintzen diet, herriaren eta herritarren alde, elkarlanean eta inposaketarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan? Ze emaitza espero dituzue?
Gure helburua Alkatetza lortzea da eta horretarako 7 zinegotzi behar ditugu. Herritar askoren iritzia entzun ondoren emaitza onak izango ditugulakoan gaude.

Bi zinegotzi gehiago izango dira Udalean. Ze suposatuko du horrek?
Guk emaitza onak edukitzeko aukera haundiagoa izan dezakegula.

Hamaikabat desagertu egingo da, eta bere babesa izango duzue.
Hala erabaki dute eta euren babesa eskertu egiten dugu.

Jesus Mari Santos, zu izango zara EAJren hautagaia. Ze eskainiko diozue zuk eta zure taldeak Astigarragari?
Lana eta lana. Lan asko herriaren eta herritarren alde, elkarlanean eta inposaketarik gabe.

Zein dira zuen programaren helburu eta ildo nagusiak?
Atez atekoa kendu ahal izateko herri kontsulta egin; herria txukun eta konponduta eduki; Auzo guztietaz arduratu; Kultur-etxe berria; hezkuntza eta osasun zerbitzuak bermatu; gazteek kudeatuko duten lekua ahalbidetu; gurasoek kudeatuko duten aisialdi gunea zabaldu; turismoa eta merkataritza bultzatu; industrialdeekin elkarlanean gazteen enplegua sustatu… erronka asko eta galtza bete lan.

Maiatzaren 24an lau zerrenda artean aukeratu ahal izango dute astigartarrek. Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete?
Aukera izanda bakarrik nahiago; eta bestela, herriaren alde eta astigartar guztien alde lan egiteko prest dagoenarekin; betiere, gure programaren ildoetara gerturatzen badira.

Interes orokorreko gaietan adostasunak bilatzearen aldeko lana egingo al duzue? Zeintzuk izan daitezke horiek?
Hala egin dugu. Astigarragaren bidai orria edo hoja de ruta EAJren Plan Orokorra da eta Bildu txintxo-txintxo betetzen ari da guk onartutako plangintza. Zergatik? Astigarragarentzat ona delako. Inber­tsio­e­tarako diru sarrerak ematen ditu, baita herria bi­ziberritzeko lanak zehaztu ere: Ergobia ibilbidea al­txa eta urbanizatu, babes ofizialeko etxeak, kultur etxe berria, haur­tzaindegirako lokal berria, ikastola handitzeko eta bidegorria egiteko diru sarrerak…

Hondakinen kudeaketa sistema aldatu, eta Atez Atekoa jarri zen martxan. EAJ kontra agertu zen. Zein dira arrazoiak? Eta zuen alternatiba?
Bilduk hauteskunde programan zioen atez atekoa ezarri aurretik galdeketa egingo zuela. Alkateak berak eman zuen hitza artean alkategai zela. Gobernura iritsi eta alderdikeriaz inposatu digute, herriari iruzur egin eta bizkarra emanez. Gure aukera bost edukiontziak jartzea litzateke baina aurrena astigartarrei atez atekoa kendu nahi duten galdetu nahi diegu.

«Erronka asko eta galtza bete lan ditugu aurretik: atez atekoa kentzeko herri kontsulta, herria txukun eta konponduta eduki, auzo guztietaz arduratu, kultur etxe berria, hezkuntza eta osasun zerbitzuak bermatu, turismoa, merkataritza...»

Nola ikusten duzue erraustegia gelditu izana?
Bilduk gehiengorik eduki gabe erabaki du Gipuzkoarrentzat ona zer den. Ez dute erraustegia bakarrik gelditu, plangintza guztia bertan behera utzi dute, konpostaje planta barne. Euren alternatiba bakarra zaborra Gipuzkoatik ateratzea da: hori ez da ez solidarioa ez ekologikoa.

Astigarragan ere, eragina izan du krisiak eta langabeziak. Zein neurri hartuko dituzue datozen urteetan?
Beterri garapen ekonomikorako agentzia mar­txan jarri eta industrialdeekin hitzarmenak bila­tuko ditugu herrian lana sortzeko, baina batez ere gazteentzako lehendabiziko enplegua bide­rat­ze­ko.

Merkataritza Plana jarri da martxan. Diagnostikoa egin da eta ekintza plana zehaztu da. Nola ikusten duzue plana eta zein onura ekarri ditzake?
Bilduren gobernuak ez du gurekin landu plan hori. Hala ere, herrian komertzioa bultzatzeko aha­le­ginak begi onez ikusten ditugu. Eskatzea libre da, baina Siadekok Udalari egin dion plangintza ho­nek jaurlaritzaren finantziazioa behar du. Herriko moneta ezartzea proposatzen du Bilduk eta gu ez gatoz bat. Trafikoan egin nahi dituzten alda­ketekin, zehaztasun gehiagorik izan gabe ere ez.

Parte hartze ordenantza ere badu Astigarragak. Ze suposatzen du ordenantza honek eta zer irabaziko dute astigartarrek? Kritiko azaldu izan zarete.
Guk kritikatu izan duguna da partehartze, kontsulta eta gardentasun ordenantza legealdi bukaeran onartu izana da. Bilduk inposaketa erabili du bere gobernuaren ezaugarri, ez dugu sinesten Bilduk partehartzearekin konpromisorik daukanik, Bilduren partehartzea itxurakeria besterik ez da.

Astigarraga asko hazi da azken urteetan. Beharrik sumatzen al duzue herriaren izaera eta bizitza sendotzeko?
Guk Astigarraga bihotzean daukagu baina astigartar izateko modu desberdinak daude. Herriaren izaera osatu nahi dugu elkarlanean, adostasunak bilatuz eta guztion artean.

Neurriak hartu dira uholdeak saihesteko asmoz. Hala ere, ura atera egin da Urumea bazterretan. Zein beste neurri proposatzen dituzue?
Diru gehiago inbertitu behar da; Ura Agentzia eta Foru Aldundiarekin elkarlanean egin behar da.

Urumea Berri proiektuak aldaketa haundia eragingo du herrian. Nola ikusten duzue. Hasierako proiektutik aldaketak izan dira. Zein da zuen balorazioa?
Urumea Berriko diru sarrerek  Astigarragaren in­bertsio eta hobekuntzak ordaintzen dituzte. Hasierako proiektuaren aldaketak krisiaren ondorioz egin behar izan dira: Abiadura Haundiko Trenaren geltoki intermodala Asti­garragan egitea baztertu egin zuten, etxe libreak saltzea zaildu egin da…  baina Ergobia Ibilbidea eraberritu da, Kultur etxea egingo da, babes sozialeko etxeak ere bai…  funtsean, Udala gure plangintza garatzen ari da.

Azpiegiturak eta zerbitzuak berritu dira azken urteetan: ikastola, kiroldegia... Kultur etxe berria ere izango da. Beste beharrik ikusten al da?
Ikastola bai, berritu da, baina kiroldegian ezer gutxi egin da. Etxean, enpresan... gertatu ohi zaigun antzera, herriko behar eta lanak ez dira sekula bukatzen. Gure betebeharra izango da horiek detektatu eta konponbidea ematea.


HEZKUNTZA

«Herriko ikastolak lehentasuna du guretzat»

Eskola haunditzeko obrak bere gain hartu ditu Udalak, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena izan.
Astigarragako ikastola publiko izatea gurasoen erabakia izan zen; beraz, publiko izateak esan nahi du erabakien eskumena Jaurlaritzarena dela eta Jaurlaritzarekin negoziatu behar dela.
Guretzat herriko ikastola lehentasunezkoa da eta ez hitzez soilik. Ikastolak haunditu beharra zeukala argi genuen. Jaurlaritzaren epeei itxaron gabe, joan den legealdian Hamaikabat-EAJren go­bernuak etxe tutelatuak lekualdatu zituen eta ikastolaren eraikina haunditzeko lanen aurreneko fasea hasi zuen. Udalak Hezkuntza Sailari proposatu zion hi–tzarmen bidez lanen kostuaren %40a bere gain hartzea. Jaurlaritzak onartu zigun. Bildu ildo beretik ari da lehen hezkuntzako eraikina kontsolida­tzen.

Institutua egitea ere bada helburua, lurra erreserbatua dago behintzat. Ze iritzi duzue?
Ez da egia, ez dago lur erreserbarik. Bilduk azken bi urteak pasa ditu Plan orokorrean aldaketa egiten eta oraindik Foru Aldundiak ez du aldaketa ofizial egin. Ez dira lurrak erosi edo espropiatu. Beraz 2011ko egoera berean gaude.


GARRAIO HIRIA

«Ez digu graziarik egiten gure herrian ezartzeak»

Proiektu garrantzitsu bat egingo da Astigarragan: Garraio Hiria. Ze jarrera duzue?
Garraio Hiria Gipuzkoako lurraldearen proiektu estrategikoa da. Foru Aldunditik datorrena. Ez digu batere graziarik egiten gure herrian ezar­tzeak.
Bildu agintera iritsi aurretik aurka zegoen. Publikoki azaldu zuen. Ostera, agintean dagoenetik proiektua martxan jarri du. Gure udal gobernuak ez du oztoporik jarri. ENBAk publikoki salatu zuen 2012an Bilduren hipokresia.

Zein onura eta kalte ekarriko ditu?
Gipuzkoan azpiegitura asko behar da. Batzuk inguruan egokitzen zaizkigu eta besteak ez. Erantzukizunez eta modu jasangarrian eraiki eta onartu behar dira. Lurraldearen orekarako eta guztion onerako.


GARAPEN AGENTZIA

«Sei herriontzat onura ekarriko duen agentzia eratu nahi dugu»

Astigarragako Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko
Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zuek kontra azaldu zarete. Zein dira arrazoi nagusiak?

Bilduk bere eskualdeko agentzia egin nahi izan du eta lortu ez duenez, aurrera dijoala esaten ari da behin eta berriz. Ez da egia, eta behin eta berriz errepikatu arren, ez dago martxan.

Zein da zuen proposamena?
Elkarlanean, adostasunean, Buruntzaldeako sei her­ri­on­­tzat garapena eta onura ekarriko duen agentzia era­tzea.


Motz motzean

Errumaniarren kanpalekua
Giza arazoa, Bilduk modu aldebakarrean kudeatu du.

Auziak (Elgopebi, Ubarburu...)
Bilduk oposizioaren aurka erabili duena.

Auzoak
Desoreka, utzikeria.

Txotx denboraldia
Sagardoa buruan eta ibili munduan, beti ere astigartarren atseden eskubidea bermatuz.

Euskera
Gure arima, gure erronka, generazio aldaketa gertatu bitartean errealistak izanda.

Abiadura Haundiko Trena
Europako azpiegitura estrategikoa.

Nekazaritza
Gure sustraiak, babestu eta sustatu beharrekoa.

Erabakitze eskubidea
Herritik sortu behar den ekimena eta tartean politiko gehiegitxo daukana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!