«Politika arduratsua da gurea, ezkertiarra, orekatua eta partehartzea bultzatuko duena»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan? Zein emaitza espero duzue?
Gehiengo absolutuak bukatu dira, akordioen garaia iritsi da. Eszenatoki politiko berria interesgarria izango da. Legealdi honetan hernaniar askorekin izan dugu harremana: batzuen ikuspuntua ezagutu dugu, eta besteen arazoak aztertu eta laguntzen ahalegindu gara. Kasu horiek erakutsi didate PSE-EE beharrezkoa dela Hernanin. Egun ditugun zinegotziak man­tendu nahi genituzke, eta ezker abertzalearen gehiengo absolutua bukatzea nahi genuke.

Aldaketak izango dira herriko panorama politikoan. EAJk Hamaikabaten babesa izango du. Orain Hernani! talde berria, hauteskundeetan izango da. Zein eragin izango du horrek?
Bost alderdi aurkezten gara eta aurreko hau­tes­kundeetan ere izan dira bost alderdi edo gehiago; beraz, kantitatearen ikuspuntutik aldaketa gutxi espero ditugu. Pozten gara Orain Hernani! taldeak aurkeztea lortu duelako; hala ere, ez dira Podemos gisa aurkeztu, nahi izan ez dutelako. Aurkezten garen beste guztiok bezala alderdi legala da, eta ez zuten sinadura beharrik. Espero dugu ezker abertzalearen bermea ez izatea. Hernanin hori bizi izandakoak gara Ezker Batuarekin.

Zein izango dira zuen programaren helburu eta ildo nagusiak?
Gure programa zabala da. Kezkatzen gaituen arazoetako batzuk hauek dira:  atez atekoaren inguruko kontsultarik egin ez izana; herritarrak jasaten duten langabeziari irtenbidea ematea; urteak daramazkigu autobusen ibilbideen alda­ketaren atzetik; baita ere, trafikoak sortzen dituen arazoak konpondu nahian; erdiguneak sufritzen duen aparkalekuen gabezia; Txotx denboraldian zehar Kaxkoan sortzen diren bizikidetza arazoak; gizartean dagoen gardentasuna eta parte­har­tze­aren kezkari erantzuna ematea. Uste dugu in­for­mazioak erabatekoa izan behar duela, eskura­tze­ko erraza. Erabakien ardura herritarrekin par­te­katu behar dela uste dugu, gai publiko guztiak de­nok ezagutu behar ditugula… Hauetaz gain, gure programan beste esparru asko ukitzen ditugu.

Ricardo Crespo, hautagai berria zara Hernanirako. Zer duzue eskaintzeko zuk eta zure taldeak?
Hernaniko Udalean gobernatzen izandakoak gara, behin, orain dela 20 urte. Geroztik, ezker abertzalea izan da ge­hie­netan, eta EA-EAJ legealdi batzuetan. Nire ustez PSE-EEk gauzak aldatu ditzake, gure alderdiak bermatzen baitu politika egiteko beste modu bat. Politika arduratsua da gurea, ikuspegi ezkertiarra duena, orekatuta eta partehartzea bultzatzen due­na. Hauek ziurtatzeko modu bakarra da. 

Maiatzaren 24ean aukera ezberdinak izango dituzte hernaniarrek. Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete?
Galdera horri erantzungo banio gezurretan ariko nintzateke. Hauteskundeetarako dugun programa ezaguna da, beraz, honen bueltan alderdiren batekin akordioren bat lortuko bagenu, berarekin gobernatuko genuke. Ez zaizkigu interesatzen gure programa aintzat hartzen ez duten akordioak. Ez dugu inolako lehentasunik inorekin. Hori bai, halako erabaki bat ez nuke nik bakarrik hartuko, Hernaniko PSE-EEko kideen oniritzia beharko nuke.

Interes orokorreko gaietan, adostasunak bilatzearen aldeko apustua egingo al duzue? Zeintzuk dira gai horiek?
Noski, adostasunak bilatuko ditugu. Legealdi ho­netan ordea, gobernua izan da akordioak bilatu ez dituena. Adostasun beharra duten gai batzuk dira: langabeziaren kontra programak sustatzea; Ga­ra­pen Agentzia publiko bat sortzea eta ez pribatua; Atez atekoari buruzko akordio bat; trafiko aldaketak; autobusen ibilbideen aldaketak; Uda­le­txeko pertsonalaren inguruan akordio bat; in­bertsio zehatz batzuk egin beharra auzo ba­koi­tzean; gardentasuna eta partehartzeari buruzkoak; Txotx denboraldiaren arazoak konpontzea…

Lau urte eta gero, hernaniarren kezka eta arazo nagusiak dira, krisiak eta langabeziak eragindakoak. Zein da zuen proposamena honen inguruan?
Lehenengoa eta ziurrenik beste proposamenen aterkia izango dena, Garapen Agentzia publiko osatzea. Hortik aurrera hainbat neurri hartu behar dira. Aldi baterako kontratazioak sustatu behar dira langabetuen artean; autonomoentzako eta enpresentzako laguntzak sortu behar dira; Networkingerako gune bat sortu behar da profesionalen eta enpresen arteko erlazioak sustatzeko; laguntzak eman behar dira Hernaniko komertzioen kontsumoa sustatzeko…

Etxebizitza arazoa ere bada kezka. Etxe asko egin dira azken urteetan, tartean, Babes Ofizia­lekoak. Horietako asko ordea, sal­mentakoak dira, eta kreditu arazoak hor jarraitzen du; etxe hutsak ere, asko dira Hernanin... Epe motzean, etxe berri gehiago egingo dira...
Herrien garapena, hirigintza berriaren bueltan egin izan da. Guk proposatzen duguna da, dauden eraikinak bota aurretik, berrerabilpena neurtzea. Etxebizitza berriak egin behar ba­di­tugu, alokairuzkoak izan behar dira. Kre­dituaren arazoa ikusita, aztertu beharko dugu alokairuak erosteko aukera izatea. 

Uholdeak saihesteko asmoz hainbat neurri ­har­tu dira, tartean, Karabeleko zubia. Urak ate­ra­tzen jarraitzen du ordea, Urumea bazterretan. Zein neurri proposatzen ditu PSE-EEk?
Urumea dragatu egin behar dela esan dugu beti. Badakigu jende eta teknikari asko ez daudela honekin ados, baino urteetan zehar ibai baz­te­rrean geratutakoa kendu  egin beharko litza­tekeela uste dugu. Dirudienez, Eusko Jaur­laritza hartutako neurriak burutzen ari da, eta bukatu arte ez dugu jakingo zerbaitetarako balio izan duten ala ez. Hartutako neurri guztiak burutzen badituzte, agian dragatu beharrik ez dago.

Kiroldegia da herritarren beste kezka bat. Epe motzean egingo dira zenbait obra: alda­gelak berritu, energia kontsumoa murrizteko alda­ketak egin, igerilekua haunditu... 
Beste be­harrik ikusten al duzue? Eta horientzako solu­ziorik? Kiroldegi berri baten beharrik ba al dago?

Kiroldegia zaharra da, baina baliagarria. Leku ezin hobean dago. Ados gaude egingo diren zenbait inbertsioekin: kontsumo murrizketarako in­ber­tsioak, aldagelak berritzea, igerilekuko makinaria berritzea... Berri­kuntzak egin behar dira ­ki­roldegian, baina beharrezkoa al da dugun ige­rileku bakarra hautsi eta haunditzea? Sozialistok eskatzen duguna da igerileku berri bat egitea aztertzea, beste leku batean. Kanpo igerilekuak dauden instalazioei urte osoan bizitza ematea da aukera bat, urte osoan zehar era­bil­tzeko.

«Adostasuna behar duten zenbait gai ikusten ditu Crespok: Atez atekoa, Garapen Agentzia, autobusen ibilbidea, trafiko aldaketak, gardentasuna, partehartzea...».

Zein bide jarraituko beharko luke Ongintza Patronatuak datozen lau urteetan?
Diputazioan Bilduk eta PSE-EEk lortutako Kabia akordioari esker, espero dugu Zaharren Egoitza aldundiaren esku geratzea. Udaletxeari diru asko aurreztea suposatuko lioke horrek, eta diru hori beste gauza batzuetara bideratzea. Milioi bat  ingurukoa da, gutxi gorabehera, Patronatuak duen defizita. Gaur egun Patronatua ondo kudeatuta dago; eta orain arte ere hala egon da. Beldurra dugu ordea, denborarekin behar bezala eguneratzeko aukera ez izatea. Guk bi bulego proposatzen ditugu: bata, etxebizitza kaleratzeak sufritu dituztenei laguntza es­kain­tzeko; eta bestea, energiaren inguruko laguntza emateko: etxeetako energia fakturak nola murriztu, energi pobrezia sufritzen dutenei…

Auzoen egoera ere, bada kezka. Zein da zuen proposamena arazoak identifikatu eta soluzioa emateko?
Auzo bakoitzak arazo ezberdinak ditu. Florida dago batetik; Lizeaga, Elizatxo, Portu eta beste batzuk birmoldaketa sakonak behar dituzte. Beste batzuk ordea, Etxeberrik eta Karabelek esaterako, bir­mol­daketa partzialak eginak dituzte, nahiz eta bu­ka­tzeko dauden. Eta azkenik, beste batzuk dituzten ara­zo konkretuagoak dituzte.  Zi­ku­ñagan esaterako, bi­zilagunak esan zidaten autobusa beraien erro­tondaraino iritsi beharko litzatekeela, Ka­rabeleko zu­biko errotondan buelta eman ordez. Mu­gikortasuna da Portu auzoan ikusten dudan arazo larrienetako bat; adineko bizilagun asko daude, eta igogailu bat edo antzeko zerbait egin beharko genuke. Kax­koan bizikidetza arazoak dituzte Txotx denboraldian. Erdigunean aparkatzea ia ezinezkoa da… Esan ditudanak adibide batzuk besterik ez dira.
 
Gatazka politikoak ondorio ugari utzi ditu Her­nanin. Elkarbizitzarako pausurik emango al da?
Bai, eta Hernanin alderdi guztiak batera goaz. Bakoitzak bere ikuspegia du noski, baina guztiok ados gaude elkarbizitza beharrezkoa dugula. Azken finean bizilagunak gara eta izaten jarraituko dugu. ETAren su etenetik kalean bizitzen zen presioa aldendu egin da, guztion onurarako. Nork esango zuen orain 8 urte, alderdi sozialistako alkategaia Kaxkotik beste hernaniar bat bezala ibiliko zenik? Jesus Egigurenek bi gauza esaten ditu beti: batetik galdetzen du gure seme-alabei ze gizarte utzi nahi diegun, beraiek izan baitira benetako biktimak; eta bestetik, beti entzun izan diot gizartea politikariak baino aurreratuago dijoala.

GARAPEN AGENTZIA

«Agentzia publiko bat sortzea da gure proposamena, mankomunitate bat»

Hernaniko Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zuek ez duzue bat egin. Zergatik?
Bilduk ez du akordioa bilatu. Aurreneko bileran esan genion Agentziak Publikoa izan behar zuela. Horrek ahalbidetzen du langileak funtzionarioak izatea, eta bikoizketak saihestea. Publikoa izanda, agentziak neurri legalak bete behar ditu aurrekontuetan, kontra­tazioetan, etabar. Publikoak pribatuak baino berme haundiagoa ematen du. Pribatua bada, nahi duzuna egin dezakezu beti ere estatutuetan azaltzen bada; eta estatutu horiek edonork aldatu ditzake gehiengoa izanez gero. Gainera, Agentzia horrek eskumen publikoak beteko ditu, lan munduan esaterako. Legez, agentzia pribatu batek ezin ditu eskumen publikoak jorratu. Pribatua egitearen arrazoia presa zela esaten zuen Bilduk, azkarrago sortzeko aukera ematen zuela. Bi urte pasa dira, eta Bilduk agentzia sortu dela saldu badu ere, oraindik ez da eratu. Non zeuden presak?

Zein da zuek proposatzen duzuen Garapen Agentzia?
Agentzia Publikoa, legeak esaten duen moduan. Mankomunitate bat sortzea, San Marko, Añarbe, edo beste asko bezala.

Zein dira hemendik aurrerako pausuak?
Agentzia ez dago eratuta, beraz pausoak ematea alf­e­rrikakoa da. Orain arte eskualdeko udaletxeak akor­dioen bidez egin dute lana, eta horretan segituko dute.
Garrantzia haundia duen gaia izanda, posible al da Udalarekin eta gainerako alderdiekin adostasuna lortzea.
Mahai gainean jarri genituen ikuspuntuak Bilduk atzera bota ditu. Eskualdean dauden beste alderdiekin bat egin dugu proiektuan. Beraz, Bildu izan da akordioa nahi ez duena.

Eskualdean ere, Garapen Agentziarekin bat ez datozen udalerrien atzean dago zuen alderdia. Adostasunerako biderik izango al da?
Ezin dena da diru publikoarekin agentzia pribatu bat osatu. Hori Bilduk ulertzen baldin badu, antolatzeko garaian ados garri gaitezkeela uste dut.

Motz motzean

Hondakinen kudeaketa 

Atez atekoarekin kontsulta egitea, 5. edukiontziaren alde. Erraustegia berrikusi beharko da, baino egin baita ere.

Plaza Feminista eta Berdintasuna
Lan ona eta beharrezkoa. Oraindik bide asko dago egiteko. Aurrera egin dezala.

Mugikortasuna eta trafiko aldaketak
Egungoaren kontra, aldatu beharrekoa. Aldatzeko partehartze prozesu bat proposatzen dugu.

Merkataritza
Dirulaguntza konkretu batzuk sustatu, bertako produktuak erosteko. Kanpainak eta programak elkarteekin.

Txotx denboraldia
Bizikidetza Ordenantza zorrotz betetzea, bizilagunei dirulaguntzak soinuak pairatzeko, tabernariei baita ere beren lokalak egokitzeko eta kale garbiketa hobetu.

Abiadura Haundiko Trena
Bukatu beharreko lana Europarekin lotzeko. Gainera, lan etenarekin, familia batzuk langabezian geratu dira. Hernanikoak baita ere.

Errumaniarren kanpalekua
Lagundu beharrekoak, beharra duten gainerako guztiei bezala. Hasieratik esan genuen lekua ez zela onena, eta denborak erakutsi du hala zela. Zenbat ebakuazio egin dira 2 urtetan? Aldunditik bateratu  eta behin betiko erantzuna eman beharrekoa.

Euskera
Guztion aberastasuna, guztion eskubidea eta instituzio guztien betebeharra.
 
Erabakitze eskubidea
Kanadan, Erresuma Batuan, eta baita ere Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esan duen moduan, politika akor­dio­ekin konpondu beharrekoa. Demokratikoa dela esatea, egi osoa ez esatea da. Legeak ere demokrazia dira, gutxiengoen eskubideak dira, erabateko in­for­mazioa da… Beti adibide berdina jartzen dut, dik­tadura guztiek egiten zituzten erreferendumak, eta horrek ez du esan nahi demokratikoak zirenik. Galdetzea demokratikoa da? bai. Demokrazien ezaugarri ba­karra erabakitzea da? Ez, berme gehiago behar dira.

Nekazaritza
Egoera latza dute, baina zoritxarrez, udaletxeetatik zerbait egin badezakegu ere, ez da asko. Herritar askok aldatu beharko genituzke ohiturak.

Parte hartzea
Areagotzea beharrezkoa da, galdetu eta erantzutea ez da nahikoa. Herritarrek erabakien parte sentitu behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!