Udal Hauteskundeez gain, Foru Hauteskundeak ere izango dira Gipuzkoan eta Nafarroan; hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeak. Udal Hauteskundeen leku berean bozkatu beharko dute Astigarraga, Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako herritarrek. Eta kasu honetan ere, 09:00etatik 20:00etara egongo dira hautestontziak irekita.
8 hautagaitza, Gipuzkoan
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako, 556.044 lagun daude bozkatzera deituta; Hernanitik 15.286 (Ereñotzun, 485) eta Astigarragatik 4.204. Zortzi hautagaitza izango dituzte aukeran: EH Bildu (Xabier Olano diputatugai), EAJ-PNV (Markel Olano diputatugai), PSE-EE (Denis Itxaso diputatugai), PP (Juan Carlos Cano diputatugai), UPyD (Manu Aguirre diputatugai), Podemos (Juantxo Iturria diputatugai), Ciudadanos (Jonathan Calvo diputatugai), Irabazi-Ganar Gipuzkoa (Arantza Gonzalez diputatugai).
Gipuzkoako hautagaitzak: EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, PP, UPyD, Podemos, Irabazi-Ganar eta Ciudadanos.
Eta Nafarroako hautagaitzak: UPN, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, PP, Izquierda-Ezkerra, UPyD, Sain, RCN-NOK, Podemos, Ciudadanos, Equo, Libertad Navarra eta PACMA.
Nafarroarako, 14 hautagaitza
Nafarroan, berriz, 478.133 herritar daude bozkatzera deituta: Goizuetatik 633 eta Aranotik 98. Nafarrek, 14 hautagaitza izango dituzte: UPN (Jose Javier Esparza), PSN (Maria Chivite), Geroa Bai (Uxue Barkos), EH Bildu (Adolfo Araiz), PP (Ana Beltran), Izquierda-Ezkerra (Jose Miguel Nuin), UPyD (Miguel Zarranz), Solidaridad y Autogestión Internacionalista (Luis Miguel Latasa), Representación Cannábica de Navarra (Ramon Morcillo), Podemos (Laura Perez), Ciudadanos (Diego Paños), Equo (David Marzo), Libertad Navarra (Mikel Iriarte) eta Partido Animalista Contra el Maltrato Animal (Yazmina Larumbe).
Hautagaitza berriak, Gipuzkoan
Gipuzkoan, hiru hautagaitza berri izango dira hauteskunde hauetan: Ciudadanos, Irabazi-Ganar Gipuzkoa (Ezker Anitza-IU, Equo, Alternativa Republicana, Independientes) eta Podemos. Horrez gain, beste aldaketa bat ere izango da, 2011n ez bezala, EH Bildu koalizioaren barruan joango da Aralar, Sortu, EA eta Alternatibarekin batera.
2011ko hauteskundeetan, 12 hautagaitza izan ziren eta honakoek lortu zituzten eserlekuak: Bildu (22 eserleku), EAJ-PNV (14 eserleku), PSE-EE (10 eserleku), PP (4 eserleku) eta Aralar (eserleku 1).
Nafarroan ere, bost hautagaitza berri
2011ko hauteskundeak kontuan izanda, Nafarroan ere hautagaitza berriak izango dira. Bost izango dira: Podemos, Ciudadanos, Equo, Libertad Navarra eta Partido Animalista Contra el Maltrato Animal. Horrez gain, Aralar, Nafarroa Bai koalizioaren barruan joan beharrean, EH Bildurekin joango da. Eta Nafarroa Bai, Geroa Bai izango da (EAJ+Zabaltzen).
2011ko hauteskundeei erreparatuz, orduko hartan, 13 hautagaitza izan ziren eta honakoek lortu zituzten parlamentariak: UPN (19 parlamentari), PSN (9 parlamentari), Nafarroa Bai (8 parlamentari), Bildu (7 parlamentari), PP (4 parlamentari), Izquierda-Ezkerra (3 parlamentari).