«Benetako parte hartzea bultzatzeaz gain, erabakitzeko ahalmena ere izatea da helburua»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan? Ze emaitza espero duzue?
Ideia nagusia da egungo politikak aldatzea, herritarren benetako parte hartzea izatea eta parte hartze horrek erabakitzeko gaitasuna ere ematea. Emaitzak, Hernaniko herritarrek nahi dituztenak izango dira.

Aldaketak izango dira datozen hauteskundeetan. Hamaikabat alderdiaren babesa izango du EAJk. Eta zuek, Orain Hernani!, hautagaitza berria aurkeztu duzue. Ze eragin izango du horrek?
Desberdintasun haundiena da gu ez garela alderdi politiko bat, Herritarren Plataforma bat gara, oso anitza eta ikuspuntu desberdineko herritarrek osatua. Proiektu bat aurrera eramateko elkartu gara eta proiektu hori herritar guztiei irekia da. Atzetik ez dugu siglarik, gure erabakiak zuzentzeko.
Gure proposamena da Hernaniko bizilagun guztien eskura jartzea tresna guztiak, parte hartu dezaten, eta parte hartze hori erabaki bihurtzea. Udalaren gestioa parte hartzaileagoa izatea nahi dugu, guztiz gardena, udal zerbitzuak optimizatuz.  

Podemosen oinarri bera duzuela esan izan duzue. Zeintzuk dira oinarri horiek?
Oinarrian, honako konpromisoak hartzen ditugu:
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala uda­leko arlo guztietan aplikatzearen alde egitea lan.
Politika ordezkaritzaren demokratizazioa, Finantziazioa, gardentasuna eta gastuen gestioa, udal baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuz eta udal langileetan oinarrituz.
Pertsonentzako lan egitea, pertsonengan pentsatuz.

Asko hitz egin da Podemosek ekarri dezakeen aldaketaz. Politika beste modu batera egin daitekeela esan duzue. Zer da zuek proposatzen duzuena?
Orain Hernanik espekulazioan oinarritutako politika lokala saihestuko du, herritarren parte hartzearen teatralizazioa eta gardentasun antzeztua baztertuz. Parte hartzeaz gain, diru sarreren eta gastuen zentzuzko gestioa defendatzen dugu, eta baita hirigintza jasangarria, eta elkar ulertze eta elkarbizitza, garapen ekonomikoaz gain.

Zein dira egun Hernanin sumatzen dituzuen gabezia haundienak?
Hernanin ikusten ditugun egungo gabezia haun­dienak dira emergentziazko egoera sozialak eragin dituen ondorioak. Hau da, langabezia, etxebizitza eskubidea, publikoa dena berres­ku­ratzea… Guztion arazoen aurrean, gizarte plan komun bat planteatu beharko litzateke. Neurriak hartu behar dira duintasuna eta bakoitzaren autonomia berreskuratzeko, politika berriekin, eskubide sozialak sendotuz eta behar bezala finantziatuz. Borondate politikoarekin eta denon arteko plan batekin posible litzateke.

Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete? Zein gaietan?
Herritarrengatik eta herritarrentzako gobernatuko dugu, ez dugu siglekin bat egingo, baizik eta proposamen konkretuekin, bizilagunen beharrei erantzuteko egokiak iruditzen zaizkigunekin.

Interes orokorreko gaietan, adostasunak bilatzearen aldeko apustua egingo al duzue?
Hernaniren egungo egoera hobetu daitekeen gai guztietan, bertan izango gara Plataforma bezala.

Krisia eta langabezia dira hernaniarren kezka nagusiak. Zein izango da zuen politika honen aurrean?
Gure programan azaltzen dugun bezala, enpleguari dagokionez, ekintzak bultzatuko ditugu gune bat sortzeko inguruko enpresak eta udala elkarlanean aritu daitezen, eta gazteentzako eta langabezian denbora luzea daramatenentzako enplegua bultzatu eta sortu dezaten.
Bestetik, enplegua sortzeko beste ekimen bat litzateke, jabeekin aurrez hitzartu ostean, gaur egun aktibitaterik gabe dauden lokalak egokitzea eta alokairu sozialen eta laguntzen bidez, berriz martxan jartzea. Lana = aberastasun soziala.

Etxebizitza arazoak ere, kezkatzen ditu hernaniarrak. Etxe asko egin dira azken urteetan herrian. Batzuk izan dira Babes Ofizialekoak, nahiz eta askok salmentakoak izaten jarraitzen duten eta kreditu arazoak hor jarraitzen dute. Etxe hutsak ere, asko dira Hernanin... Epe motzean, etxe berri gehiago egingo dira...
Bultzatu eta indartuko dugu babes publikoko egungo etxebizitza parkea, alokairura bideratzeko. Bestetik, lan egingo dugu etxe hutsak dituzten jabeek alokairuan jarri ditzaten beraien etxeak, entitate finantzarioekin bilduko gara beraien esku dagoen etxebizitza parkeari irteera eman diezaioten, talde sozial bakoitzaren beharretara egokituz.

Uholde arriskuak ere hor jarraitzen du. Karabeleko zubia izan da hartu den neurrietako bat; Urumeak ordea, gainezka egiten jarraitzen du. Zein neurri proposatzen ditu Orain Hernanik?
Gaur egun, udalaren partetik badago ekintza plan bat eta bi urteren buruan inguruko uholde arriskuaren arazoari irtenbidea emango zaio. Hala ere, hau ez da Hernanik bakarrik konpondu dezakeen arazo bat, Urumea ibaiaren erriberetako gestore guztiek ados jarri behar dute eta denen artean konponbideren bat bilatu, herritar guztien onerako.

Kiroldegiaren egoera ere, ez da herritarrek nahi luketena. Epe motzean aurreikusi dira zenbait obra: aldagelak berritu, energia kontsumoa murrizteko aldaketak egin, igerilekua haunditu... Zein dira zuek atzeman dituzuen beharrak? Eta horientzako soluziorik ba al duzue? Hernanik ba al du kiroldegi berri baten beharrik?
Egia da egungo kiroldegia zaharkitua dagoela. Hutsune asko ditu, eta etengabe konponketak egiten ari dira, aurrekontuko pixkanakako ekarpenekin. Honi gehitzen badizkiogu etengabe Zubipe eta Landaren sortzen diren arazoak, onena litzateke kirol eremu bat sortzea eta bertan instalazio guztiak egotea. Eta horrez gain, Hernaniko klub guztiak bilduko dituen kirol patronatu baten izpiritua berreskuratzea. Anbizio haundiko proiektu bat bai, baina aukera hau aztertzen hasi behar da.

«Hernanin ikusten ditugun egungo gabezia haundienak dira, emergentziazko egoera sozialak eragin dituen ondorioak. Hau da: langabezia, etxebizitza eskubidea, publikoa dena berreskuratzea...».

Zein da Ongintza Patronaturako duzuen proposamena?
Ongintza Patronatua Udalaren ardatz nagusietako bat da, eta garrantzitsua litzateke aktibo bilakatu beharrean, proaktiboa izatea. Erakundea bera izan dadila, eta bere teknikari eta langile bikainak, zerbitzua ematera ateratzen direnak, beharra duten hainbat eta hainbat pertsonengana. Ezjakintasunagatik edo lotsagatik askotan, asko ez baitira gerturatzen bertara.

Eta auzoen gestioaren inguruan, zein bide hartuko du Orain Hernanik? Zein da zuen proposamena arazoak identifikatu eta soluzioa emateko?
Hernanin martxan dauden elkarteei babesa emango diegu udaletxetik espazio fisikoak utziz, beraien lana aurrera eraman, biltzeko aukera izan eta auzotarrei zerbitzu eta programak eskaintzeko aukera izan dezaten.

Gatazka politikoak ondorio ugari utzi ditu Hernanin. Elkarbizitzarako pausurik emango al da?
Hernanin, alde honetatik, asko aurreratu da azken urteetan, eta bide horretatik jarraitu behar da. Elkar errespetatu, adiskidetu eta elkarbizitza behar ditugu, bakoitza bere desberdintasunekin. Orain Hernanik erabakitzeko eskubidea defendatzen du, eta herritarrek eztabaidatu nahi duten zerbait badago, halaxe egingo da, beti gehiengoak errespetatuz.


GARAPEN AGENTZIA

«Sektore desberdinekin koordinatu eta kolaboratuko duen agentzia behar du»

Eskualdean ere, zenbait Udalerri ez datoz bat sortutako Garapen Agentziarekin.
Eskualdeko Garapen Agentzia bat oso ekimen ona iruditzen zaigu, beharrezkoa izateaz gain. Sektore desberdinekin, bai lehenengo sektorearekin bai punta-puntan dagoen sektore industrialenarekin, koordinatu eta kolaboratuko duen agentzia bat izan behar du, arlo guztietan ehun soziala bere onera ekarriko duena, eta batez ere, ekonomia sozialak garatzea izango duena oinarri. Agentzia honek independentzia ekonomikoa eta politikoa beharko lituzke.


Motz motzean

Hondakinak
Onartezina da atez atekoa tarteko, herritarren konfrontaziora iristea. Esan dugun bezala, era­ba­kitzeko eskubidearen alde gaude, baina kasu ho­netan, beti ingurumenaren alde. Egingo diren aldaketak beti egingo dira birziklatze tasak ziur­tatzeko, gaur egungoak edo altuagoak lortzeko.

Mugikortasuna eta trafiko aldaketak
Trafikoa erdigunetik ateratzeko saiakerak ez dira egoki ikusten. Kasu honetan, udal teknikariek, trafiko ingeniari batekin (kanpokoa), azterketa bat egin beharko lukete eta herritarrei konponbideak proposatu. Eragin zuzena dutenekin kontsultatu, hala nola, garraio publiko, taxi, erabiltzaile, banaketako garraiolari, emergentzia zerbitzu­koekin… beraien ekarpenak, azterketa horrekin adostuz, oso lagungarriak izango lirateke.

Ekonomia
Udalak lurralde bateko aktibitate ekonomikoa al­da­tzen eragina izan dezake, ekintza zuzen eta ze­harkakoen bidez aktibitate hori berriz aurkituz. To­kiko giza garapenerako estrategia eta praktika al­ter­natiboak bultzatu behar dira, adibidez: en­ple­gu inklusiboa sustatu; ekimen ekonomikoek ahol­ku­laritza, formakuntza eta laguntza zer­bit­zu­a izatea bultzatu; lehen sektorea lagundu; kon­tratu eta adjudikazio publikoak errebisatu; enpre­sari/­ekin­tzaile berriei laguntza emateko kabinetea sortu.

Txotx denboraldia
Kontuan izan behar dugu Hernani ez dela parke tematiko bat alkohol merkea saltzeko eta neurrigabekeriak onartzeko. Gai honi lotuta, araudiak badaude; bete egin behar dira. Saiatu behar da kaxkoa ez masifikatzen gaueko ordu jakin batzuetan… Honek guztiak esfortzua eskatzen du eta denoi ondo datozkigun konponbideak bilatu behar dira.

Abiadura Haundiko Trena
Abiadura Haundiko Trena Hernaniko herritarrei inposatutako azpiegitura bat da. Galdera honakoa izango litzateke: Onurarik lortuko al dugu hemendik? Momentuz, honakoa lortu da: espropiazioak, ingurunean eragin kaltegarria duten aldaketa paisajistikoak…

Errumaniarren kanpalekua
Edozein hernaniarrek izan ditzakeen neurri sozial berak aplikatzea. Pertsonak dira eta eskubide unibertsal berdinak dauzkate.

Euskera
Hizkuntza plangintza hernaniarren gehiengoaren borondatera egokitu behar da. Orain Hernanitik euskalduntzea bultzatuko dugu, gure hizkuntzaren, euskeraren aldeko ekintza positiboetan oinarritutako politikak aurrera eramanez. Euskera gure kulturako oinarrizko elementua denez, elkartzen gaituen tresna izan behar du, integratzailea izateaz gain.

Erabakitze eskubidea
Orain Hernanitik erabakitze eskubidea defendatzen dugu arlo guztietan. Beti, errealitate eta iritzi guztiak errespetatuz.

Parte hartzea
Gure programan herritarren parte hartze gardena defendatzen dugu, momentu guztian ondo informatuta egoteko, pertsonek duten beharren inguruan. Parte hartzearen inguruko web bat sortuko genuke, Pleno irekiak izango lirateke eta internetez emango genituzke. Kanal bat ere sortuko genuke herritarren intereseko gai guztien inguruan informatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!