«Erronka da hezkuntza eskaintza hobetzea: DBH, Musika Eskola haunditu eta haur eskola kokatu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskundeetan? Gehiengo absolutua espero duzue berriz?
Astigarragak aurrera egiten jarraitzeko gehiengo zabal bat lortzea da helburu bakarra.

Bi zinegotzi gehiago izango dira datozen lau urteetan Astigarragako Udalean. Aldaketa eragin dezake?
11 edo 13 zinegotzi izan, herritarrek izango dute erabakia.

Panorama politikoan ere izango dira aldaketak. Hamaikabat alderdia desagertu egingo da eta EAJri eman dio bere babesa.
Azken hamarkadetan Hamaikabat eta EAJko hautetsiak elkarri babesten eta proiektu berak bultzatzen aritu dira, beraz, aldaketa nabarmenik ez.

Andoni Gartzia zerrendaburu izango zara berriz ere. Egungo hainbat zinegotzik ere jarraituko dute taldean, nahiz eta berriak izan gehienak. Zer eskainiko diozue Astigarragari?
Astigarraga hobeago bat osatzeko ilusioa, zintzotasuna eta esfortzua. Herritar soilak gara, herritarrekin elkarlanean lan egingo dugunak,  Astigarraga berria eskuratzeko.

«Eskaintzen dut Astigarraga hobeago bat osatzeko ilusioa, zintzotasuna eta esfortzua. Herritar soilak gara, elkarlanean lan egingo dugunak, Astigarraga berria eskuratzeko».

Zein dira zuen programaren atal nagusiak?
Hezkuntza eskaintza hobetzen jarraitu nahi dugu: DBH, Musika Eskolaren haunditzea eta haur eskolaren behin-betiko kokapena dira erronka nagusiak. Plan Orokorraren errebisioa jarriko dugu abian, herritarren, auzotarren eta elkarteen parte-hartzean oinarrituta. Astigartarron aisialdi, kirol, parte-hartze eta batik bat, premia sozialei erantzungo dien herria nahi dugu. Gizarte zerbitzuak sendotzearen apustu irmoarekin jarraituko dugu, astigartar bat bera ere baztertuta gera ez dadin. Besteak beste, alokairu soziala bultzatuz. Euskera eta berdintasuna ere lehentasun izango dira, eta herri bideak konpontzeko plangintza progresiboa osatuko dugu.

Astigartarrek lau zerrenden artean bozkatzeko aukera izango dute datozen hauteskundeetan. Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete?
Orain herritarron txanda da eta bakoitzak egin dezagun gure hautua.

Interes orokorreko gaietan adostasunak bilatzearen aldeko lana egingo al duzue? Zein gaietan?
Beti egin dugu adostasunetara iristeko esfortzua eta asmo horrekin jarraituko dugu. Hala ere, egia da ez dugula aukera gehiegi izan horretarako, oposizioak ia ekarpenik egin ez duelako.

Hondakinen kudeaketa sistema aldatu, eta Atez Atekoa jarri zen martxan Astigarragan. Nola ikusten duzue?
Emaitza oso positiboak izan dira. %30eko bilketa selektibotik, %85era pasa gara eta guztia astigartarren konpromisoari esker.
Ekonomikoki ere, datuak aipagarriak. 4 urteetan, tasa %2,5 besterik ez da igo (aurreko legegintzaldian %85 igo zen); eta nahiz eta zerbitzua defizitarioa izan, defizit maila hobetu dugu %48tik %38ra pasatuta. Beraz, ekonomikoki astakeriarik ez dugula egin baieztatu da.

Firma bilketa egin zen eta sinadurak jaso ziren kontsulta egitearen alde.
Guk ordea, ez ditugu sinadurak ikusi. Udal prozedura baterako inongo baliorik ez duen notario baten ziurtagiria entregatu zuen EAJk, jakitun izanda ere prozedura martxan jartzeko horrek ez duela inolako baliorik, eta herritar askok jarritako kon­fian­tzari muzin eginez. Gaur, Partehartze Or­denantzari esker eta sinadurekin, kontsulta egitera behartuta legoke Udala. Orduan, zertan ari da EAJ?

Krisiak eta langabeziaren gorakadak izan du eragina herrian. Zein neurri hartuko dituzue datozen urteetan?
Enplegu politika Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela argituz, uste dugu Beterriko Garapen Integralerako Agentziaren sorrera, pizgarria izango dela eskualdeko garapen sozioekonomikoa bideratzeko eta enplegua sortzeko.
Dena den, langabezian daudenei babes sozial osoa ematen jarraitu behar dugu.

Merkataritza Plana jarri da martxan, egoera kaxkarra ikusita. Diagnostikoa egin da eta ekintza plana zehaztu da. Zein onura aurreikusten dituzue?
Egin genezakeen okerrena, ezer ez egitea izango litzateke eta behingoz guztiok badugu ibilbide orri bat, garatu ahal izateko. Ziur gaude gaur egungo baldintzak hobetzeko aukera emango digula. Prozesu luzea izango da baina hasi gaitezen bidea elkarrekin egiten; ziur gaude onurak, kalteak baino gehiago izango direla.

Lehen aipatu duzuen moduan, Parte hartze ordenantza ere badu Astigarragak. Ze suposatzen du ordenantza honek eta zer irabaziko dute astigartarrek?
Ordenantza herritarren eskubideak bermatzeko tresna eraginkorra izango da, Udal gobernuan dagoena dagoela ere. Herritarrei eskubide zabalen aitorpena egiten zaie eta Udalari betebeharrak ezartzen zaizkio, herritarren partehartzearen eta gardentasunaren mesedetan. Herritarrekin batera eta bere ekarpenekin disein­atu­ta­ko ordenantza da, eta ez soilik EH Bildurena, oposizioak dioen moduan.

Astigarraga asko hazi da azken urteetan. Herriaren izaera eta bizitza sendotzeko beharrik ikusten al duzue?
Bai, dudarik gabe. Horretarako dagoeneko  harrera protokolo bat osatzen ari gara, Astigarragara bizitzera datozen herritarrei (Donostiatik, Madrildik, Ekuadorretik edo Txinatik) harrera egin eta gure herriaren inguruko informazioa izan eta ohiturak ezagutu ditzaten.

Hainbat neurri hartu dira uholdeak saihesteko asmoz. Hala ere, ura atera egin da Urumea inguruetan. Hartu diren neurriak ez direla nahikoak esan izan duzue. Zer egin behar da?
URAren (Eusko Jaurlaritza) eskumena da eta Urumearen proiektu nagusia bideratu arte zaila izango da irtenbidea. Bitartean, kalteak gutxitzearren eta orain arte inork gure herrian egin ez zuen bezala, azterketa eta obra osagarriak egin ditugu; gure ustez,  uholdeak herri osoaren arazoa baitira. Egindakoa ez da nahikoa izan, baina egokitzapen batzuk eginda, ziur gaude emaitza positiboak izango ditugula.

Urumea Berri proiektuak aldaketa haundia era­gingo du herrian: etxebizitzak, kultur etxe berria, parkea, komertzioa... Modu batean, kritiko azaldu izan da EH Bildu proiektu honekin.
Kritiko gara eta izango gara. Baditu bere alde onak baina negatiboak gehiago dira. Ezkutuan eta partehartzea baztertuz onartu zen proiektua, herritarren beharrei muzin eginez.
Proiektu honen aurrekoak, DBHa, futbol zelaia eta frontoia aurreikusten zituen bertan eta etxebizitzak ere, oraingoak baino gutxiago eta babes ofizialeko gehiagorekin. Ilegalizazioarekin, hori baztertu eta proiektu hau inposatu zuen EAJk, korrika eta presaka gainera, bere alderdiak bultzatutako lurzoru legea aplika ez zedin. Horren ondorioz, Babes Ofizialeko Etxebizitza gutxiago ditugu Astigarragan.
Arduraz jokatuz, proiektua egokitzen saiatu gara eta inoiz planteatu ez ziren epe-mugak jarri ditugu.

Proiektu honek lagunduko al du egun dagoen etxebizitza arazoa konpontzen?
Ez. Etxebizitza arazoari iraulia emateko alokairua sustatu behar da eta bertan egingo diren etxe gehienak salmentarako dira. Alokairua sustatzeko neurriak hartu behar dira Udaletik: etxebizitzak alokatzeko eskuratu edo etxe hutsak alokairura bideratzeko neurriak hartuaz. Legealdi honetan egin dugunari jarraipena eman behar zaio.

Azpiegiturak eta zerbitzuak berritu dira azken urteetan: ikastola, kiroldegia... Kultur etxe berria ere izango da. Beste beharrik ikusten al da?
Herria hazten ari da eta beharrak areagotzen. Haur eta Lehen Hezkuntzarentzat, Kirolde­gia­rentzat eta Haur eskolarentzat ‘irtenbideak’ lortu ditugu. Baina ez da nahikoa beste zerbitzu asko txiki geratuko zaizkigu eta: anbulategia, gazte lokala, jubilatu etxea... Gazteentzako gune au­to­ges­tionaturik ere ez dugu, eta auzo eta gai­non­tzeko elkarteek euren jarduna aurrera eramateko bilgunerik ere ez dute. Honi guztiari erantzuna ematea izango da 4 urte hauetarako erronka.

 

HEZKUNTZA

«Presio taldea sortu behar dugu Institutua azkar lortzeko»

Eskola haunditzeko obrak bere gain hartu
ditu Udalak, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena izan.
Eusko Jaurlaritzak 2020ra arte itxarotera derrigortu nahi gintuen. Eskolak ordea, 2015ean 3 ikasgela berri beharko zituela aurreikusi zen eta finantziazioan gure parte-hartzea proposatu genien. Izan ere, onartezina zen gure haurrak bost urtez prefabrikatuetan egotea.

Institutua egitea ere bada helburua, lurra erreserbatua dago behintzat. Datarik ba al dago?
Jaurlaritzarena da eskumena, eta helburu hori lehenbailehen lortzeko presio taldea sortu behar dugu Udalak, guraso elkarteak, eskolako irakasle eta zuzendaritza taldeak, eta herritarrek.


GARRAIO HIRIA

«Proiektuaren aurka gaude, beti errepikatu dugun moduan»

Proiektu garrantzitsu bat egingo da Astigarragan: Garraio Hiria. Ze jarrera du EH Bilduk?
Proiektu honen aurka gaude, Astigarragako EH Bil­dutik eta Udal Gobernutik beti errepikatu du­gun moduan. Astigarragako EAJk gai hau des­gas­te moduan erabili nahi izan du; gu proiek­tua­ren alde geundenaren gezurra zabalduaz, eta era berean, beraiek proiektua babesten dutela ezkutatuaz.

Zein onura eta kalte ekarriko ditu?
Onura gutxi edo bat ere ez. Agian, lanposturen bat sor lezake. Kalteak, aldiz, asko: porlan gehiago, zaratak, nekazaritzara bideratu behar zen eremu interesgarria galtzea...

Noizko aurreikusten da?
Aldundia eta Bidegiren proiektua da eta momentuz ez dugu fetxarik.


GARAPEN AGENTZIA

«Berri oso ona da beste eredu bat posible dela erakusteko»

Astigarragako Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zer ekarriko du Garapen Agentziak?
Astigarragakoa udal txikia izanik ez du baliabide nahikorik tokiko garapena taxuz bultzatzeko, beraz, eskualdeko herri desberdinak eskualdeko garapena bultzatzeko horrelako ekimen batean bildu izana oso berri ona da, krisi honi aurre egin eta beste eredu sozioekonomiko bat posible dela erakusteko. Dagoeneko bere fruituak ematen ari da gauzatu ditugun proiektuetan.

Garrantzia haundia duen gaia izan arren, Astigarragan ez da adostasunik lortu gainerako alderdi politikoekin. Zergatik?
Herritarren interes eta beharren gainetik EAJk eta PSEk bere interes politikoak jarri dituztelako.


Motz motzean

Errumaniarren kanpalekua
Proiektuak aurrera jarraitzen du eta baliteke, 2016an (aurreikusi baina urtebete lehenago) kanpalekuan bizitzen inor ez egotea. Joan direnak, Errumaniara itzuli dira, kaleratuak izan dira arrazoi desberdinak medio edo eurek ordaintzen duten alokairuzko etxebizitzara joan dira bizitzera. Argitzearren, ez Udalak ez Aldundiak ez die bat berari ere, etxebizitzarik oparitu.

Auziak (Elgopebi, Ubarburu...)
EAJren kudeaketa ankerraren bi adibide dira, Astigarragako Udalaren eta ondorioz herritarren diruaren xahuketa ekarri dutenak. Beti kudeatzaile onaren irudia saldu nahi izan digute eta urte hauetan egin duten bakarra, herriari bizkar emanez, euren interes pertsonalen kudeaketa besterik ez da izan, Udala galbidean jarriaz.

Auzoak
Legegintzaldi honetan, auzoek protagonismoa irabazi dute, aurrekontuetan parte-hartzeko aukera zabala emanez. Behin baino gehiagotan hurbildu gara auzoetara, azken 8 urteetan, inoiz egin ez zena. Hala ere, hartu-emana hobetu behar dela uste dugu eta auzoetako beharrak, ahal den neurrian asetzen joan. Saiatu behar gara Udala herritarrengana eramaten, eta ez alderantziz

Txotx denboraldia
Azken urteetan, giroa lasaitu egin da (salbuespenak salbuespen) baina ezin gara erlaxatu eta bizikidetza lehenestea beharrezkoa ikusten dugu.

Euskera
Herri euskaldunaren alde lan egi dugu lau urte hauetan: Astigarragako Kronikaren sorrera sustatu dugu Dobera Euskara Elkartearekin batera, euskararen erabilerako barne irizpideak zehaztu ditugu, euskara ikasteko diru-laguntzak areagotu ditugu eta euskara taldea osatu dugu, euskararen transmisioan aurrera egiteko. Hala ere, erronka itzela dugu eta uste dut osatu dugun taldearekin, aukerak baditugula, euskarak herrian bizi duen egoera larria konponbidean jartzeko.

Abiadura Haundiko Trena
Proiektu xahutzailea eta suntsitzailearen aurka agertu gara eta hala jarraitzen dugu. Gainera, lanak erdibidean utzi dituzte gure herriko gune batzuetan probisionaltasun egoera luzatuz, horrek dakartzan arazoekin. Gaur egungo trenbide sarea indartzea izan beharko luke helburu eta horretan As­ti­ga­rra­gak zer esan handia du, guretzat estrategikoa baita aldiriko geltokia lortzea. Horretan lanean ibili gara Eusko Trenbide Sarearekin eta ikusi dugu teknikoki bideragarria izateaz gain, ekonomikoki ere bi­de­ragarria badela; 2.500.000 € besterik ez (kontuan izan AHTren Astigarraga-Hernani tramoak berez, 71.500.000 €ko kostua duela). ETS eta ADIFi inplikatzeko garaia iritsi zaie eta hainbeste milioi inora ez doan munstroan xahutu beharrean, hobe lukete Astigarragan aldiriko trenaren zerbitzua osatu eta Astigarragan aldiriko trenaren geltokia egitea, Astigarraga Gipuzkoarekin konektatzeko aukera emanez.

Nekazaritza
Landa eremuaren diagnosia egin dugu eta bertan behar argi batzuk azaldu dira: herri bideen konpontzea, seinalizazioa, etab. Hala ere, nekazaritza bultzatzeko beste dinamikak sortu behar ditugu eta horretarako beharrezkoa izango da herri guztia inplikatzea; bereziki, komertzio, tabernari, ostalari, sagardogile eta baserritarrekin elkarlanaren bitartez.
Gainera, lur parke publikoa sortzea beharrezkoa da, orain erabilerarik ez duten lurrak, nekazaritzara bideratzeko eta horrela lanpostuak sortzen joateko.

Erabakitze eskubidea
Gure proiektu politikoaren oinarria. Guztia era­bakitzeko aukera izan nahi dugu, dena aldatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!