«Auzo Udala tresna gisa garatzen eta hobetzen segi nahi dugu, besteak beste, zerbitzu gehiago hurbilduz»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Ereñotzuko Auzo Udalaren lehenengo legegintzaldia izan da. Zerotik hasi eta dena martxan jartzeko legegintzaldia, hain zuzen. Gustora zaudete lau urte hauetan lan taldeak egin duen lanarekin? Ze sentsaziorekin bukatuko duzue legealdia?
Bai, gustora gaude, balorazio eta sentsazio po­si­ti­boe­kin bukatu dugu legegintzaldia. Hasieran dena zen berria eta asko kosta zitzaigun martxan jartzea, esan duzun bezala zerotik hasi behar izan genuelako eta ez genuelako inolako eredurik izan. Burokraziarekin egin genuen topo. Gero, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren arteko harreman berria finkatu eta zehaztu behar izan genuen (zeini zer zegokion, zeintzuk ziren inter­lo­kutoreak, funtzio­na­mendu modu berriak…), auzoan zeu­den beharrei eran­tzuteko lehentasunak markatu behar izan zi­ren, auzotarrek ere zertarako nora joan behar zuten ere ikasi behar izan zuten eta abar.
Baina pixkanaka-pixkanaka guztiari forma ematen joan gara eta uste dugu, 4 urte hauetan garbi geratu dela Auzo Udala oso tresna eraginkorra dela, gertuko kudeaketa ahalbidetzen duelako eta auzoari izugarrizko onurak ekarri ahal dizkiolako.

Auzo Udala tresna eraginkorra izan dela diozu. Zertan hobetu du Ereñotzuren egoera?
Onura batzuk lortu dira: Udaleko gestio eta eskari gehienak auzo udalean bi­der­atzeko aukera. Ongintza eta gizarte zerbitzuak Ereñotzura gerturatu dira: gizarte laguntzailea astean behin Auzo Etxean izaten da, txertoa jartzeko aukera, odola emateko aukera, Berriketan ekimena... Azpiegiturak hobetu dira: frontoia, Epeleko aterpea, Intsusadiko bidea, Fagollagako obra, ur zikinak biltzeko obra, Arrondoko antena wifia jasotzeko...Beste hainbat proiektu eta egitasmo: Irrintzi taberna, Atsolorra, Zepadiko putzua, Urumea Arnastu...
Aipatutako horiek guztiak egin dira eta beste batzuk ere bai. Zerrenda horretan badaude, Ereñotzuko auzotarrek urte askotan eskatu izan dituzten zenbait kontu, eta arrazoi asko medio, orain artean ezin izan direnak egin. Horiei eran­tzuna eman  zaie gertuko kudeaketari esker.
Auzo Udala edo Udala moduko organismo ba­te­an, burura etortzen zaizkigun lehendabiziko gau­zak dira obrak eta azpiegiturak. Garbi dago, auzoaren zenbait behar estrategiko (eta eskari his­toriko) egin direla: frontoia, Epeleko aterpea, ur zikinen obra... Baina obra horietako asko bisio oro­­kor batekin egin dira, gizarte arloko bisioa­rekin.
Adibidez, frontoia ez dugu kirol gune moduan bakarrik egin, auzoaren aterpe eta bilgune garrantzitsu moduan baizik. Gauza bera esan daiteke Epeleko aterpearekin edo tabernarekin ere. Ez dira frontoi, parke edo taberna bat bakarrik, auzoaren bilgune nagusienetakoak dira, auzoaren bizitza sozialean eragin izugarria izan dutenak. Horiek auzoaren egoera izugarri hobetu dute eta 4-5 urte atzera begiratzean ohartzen gara, gaur egun, egunerokoan, auzoak askoz bizitza gehiago duela.
Eta gizarte arloarekin jarraituz, honen inguruan sortu diren beste dinamikek ere asko asebetetzen gaituzte. Adibide batzuk, hauek: ‘Berriketan’ ekimenean, asteazkenero 60 urtetik gorako auzotarrak biltzen dira, geroz eta gehiago; osasungintzako eta ongintzako hainbat zerbitzu eskaintzen dira, Atsolorra berreskuratu da, udalekuak eta abar.
Auzotarren ongizatea da Auzo Udalaren azken helburua eta horretan asko hobetu dela uste dugu.

«Lau urte hauetan argi geratu da Auzo Udala oso tresna eraginkorra dela, gertuko kudeaketa ahalbidetzen duelako eta auzoari izugarrizko onurak ekarri ahal dizkiolako»

Auzo Udalaren figura zer den hobeto ulertzeko: Auzo Udalak ez ditu Udal normal batek izango lituzkeen eskumen guztiak, ezta? Zer da zehazki Auzo Udala izatean lortzen dena? Ereñotzuren kasuan, Hernaniko Udalak eskumen batzuk aitortzen dizkio eta diru partida jakin bat bideratzen du... Zeren arabera?
Legez eskumen guztiak izan ditzake 3 ezik: Ogasuna, Udaltzaingoa eta Hirigintza. Ereñotzuko Auzo udalaren kasuan, Gipuzkoako Foru Al­dun­diak sorrerako dekretuan zehaztu zituen esku­menak oso orokorrak dira. Bertan aipatzen dira, zehaztasun askorik gabe: ondarearen zaintza, leku eta eraikin publikoen mantentze lanak eta etxe-baserrietarako bideen mantentze lanak.
Hortik abiatuta, Ereñotzuko Auzo Udala eta Hernaniko udalaren artean ‘interpretatu’ behar izan ditugu eskumen horiek; eta baita ere, forma eman diegu elkarren arteko harremanari eta egoera berriari.
Ereñotzuko Auzo udalaren aurrekontua, sorrerako dekretuan zehazten den formula baten bidez zehazten da eta formula hau Hernaniko Udalaren aurrekontuan oinarritzen da. Kapitulu bakoitzari (pertsonala, ondasun arruntak eta zerbitzuak, diru laguntza eta transferentziak eta inbertsioak) portzentaje bat aplikatzen zaio eta hori bideratzen da Ereñotzuko Auzo Udalera.
Horretaz gain, Auzo Udalak duen nortasun ju­ri­dikoak ahalbidetzen digu Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari diru laguntzak eskatzea. Egin ditugun eta bidean ditugun in­ber­tsioetarako oso garran­tzitsuak gertatu dira la­guntza horiek. Baliabide eko­nomikoez gain, Ere­ño­tzuko Auzo Udalean egunero Administrari bat ari da lanean eta Hernaniko Udaleko arlo ezber­dinetako teknikariek Ereñotzuko Auzo Udalerako ere egiten dute lana.

Eta eskumen banaketa hori erabat zehaztua dagoela esan al liteke? Edo hobetu liteke?
Hasieran esan bezala, dena zerotik sortu behar izan dugu eta eskumenak hain orokorrak izanik in­terpretatu egin behar izan dira. Lau urte hau­etan zehar sail ezberdinetako funtzio­na­mendu protokoloak landu ditugu eta Hernaniko Udala eta Ereñotzuko Auzo udalaren arteko koordinazio gune bat sortu dugu, eta hilero biltzen gara. Hernaniko Udal teknikariekin ere finkatu ditugu lan ildoak.  Alde horretatik pausu haundiak eman ditugu, baina oraindik ere egunerokoan sortzen dira gauza eta zalantza berriak.
Dagoenerako, funtzionamendu araudi bat lantzen hasiak gara eta datorren legegintzaldi honetan Hernaniko Udalarekin adostu eta finkatuta utzi nahi dugu aurrerantzerako.
Bi aldeetatik jarrera ona dago eta gainditu ditugu hasieran izandako zailtasun guztiak. Esan bezala, Auzo Udalaren helburu nagusia da au­zoaren onura bilatzea, herrian kalterik sortu gabe.

Kontuan izan behar da baita ere, Gipuzkoako lehenengo Auzo Udala izan dela Ereñotzukoa. Eraginik izan al du horrek?
Eragin haundia izan du lehena izateak, itsu-itsuan eta eredurik gabe abiatzea suposatu zuelako. Hernaniko Udalarekin bezala gainerako erakundeekin ere harremanak berriak dira eta hor ere ibilbide bat egin behar izan dugu, eta egiten ari gara oraindik ere. Adibide bat bakarrik jar­tze­arren. Bai 2011ko hauteskundeak izan zirenean eta bai oraingoan ere, guk geuk ibili behar izan dugu, pausu guztiak argitzen eta lantzen.

«Auzoaren behar ‘historiko’ nagusienak egin dira, baina oraindik badaude ho­be­tu daitezkeen guneak. Gizarte arloari ere arreta berezia jartzen jarraituko nahiko genuke. Udal zerbitzuak ere indartu nahi ditugu. Eta auzo onda­rea­rekin ere, egin nahiko genuke zerbait»

Modu batean, eredu ere bazarete ondorengoen­tzat. Itziarkoen bisita ere jaso zenuten...
Bai, Itziarrekin harreman zuzena daukagu. Be­rai­en­tzat oso garrantzitsua izan da gure esperientzia eta hainbat alditan izan gara bertan, horren berri ema­ten (auzo galdeketa egin aurretik ere zenbait au­zo­tarrekin bildu ginen). Beraiek ere hainbatetan etorri dira gurekin biltzera eta azken txandan auzoko ordezkaritza zabal batek bistatu gintuen. Hautes­kun­de hauen aurrean ere zenbait harreman baditu­gu, zalantzak argitzeko. ‘Senidetze’ polita izaten ari da. Ereñotzu-Itziar izango da gure lehen kidetzea, je,je.

Auzotarrek zuzenean aukeratutako hautagaiak zarete. Oraingo taldean, kide berriak badira, baina asko izan zarete berriz aukeratuak. Gauzak ondo egin dituzuen seinale.
Ez litzateke txukuna izango horri guk erantzutea, je. Auzotarrei galdetu beharko diezu.

Orain arte bezala, auzo alkatea eta 4 lagun Izan­go dira juntakideak, baina lantaldean gehiago ariko zarete. Denera 13 izango zarete, ezta?
Bai eta guretzat oso garrantzitsua da talde osoak parte hartzea. Prozesu irekia planteatzen dugu lantaldea osatzeko eta lehen 15 izenetatik 13ko taldea osatzea oso garrantzitsua da. Oso gustora gaude alde horretatik. Horietatik berriak dezente dira; eta ‘zaharretako’ batzuk lantaldea utzi badute ere, badakigu modu batera edo bestera auzoan lanean jarraituko dutela eta hori garrantzitsua da. Zuzeneko kudeaketan berriz, erreleboa ere oso garrantzitsua da. Aurreko esperientzia baliatuz, berriak sartu eta errotazio hori egotea beti bermatu beharko genuke.

Aurrekoan bezala, auzo edo eremu bakoitzeko ordezkari bat izango da, gutxi gorabehera?
Bai, hala da. Auzotar guztiak, behekaldetik hasi eta goiko auzuneetaraino. Gertuko ordezkariak izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, nahiz eta gero talde osoak ikuspegi osoa ere baduen.

Eta bakoitza ze arlotan ariko da edo nola banatuko zarete? Nola funtzionatuko duzue?
Talde osoak elkarrekin egingo dugu lan, baina lau azpitalde osatu ditugu sail edo eremu ezberdinez osatuta. Hala nola:
Alkatetza/Ogasuna/Pertsonala/Ondare/ Kon­tra­­tazioak, sailetan Imanol Lizeaga, Aritz Zerain eta Izaskun Murua arituko gara.
Zerbitzuak / Azpiegiturak / Obrak /Hirigintza/ Ingurumena sailak Paki Lizeaga, Amaia Miner eta Unai Erroitzenearen artean eramango dituzte.
Zerbitzu sozialak/Osasuna/Hezkuntza/Aisial­dia/Turismo eta Merkataritza, Ana Santakruz, An­doni Lizeaga eta Amaia Uriaren ardura izango dira.
Kultura/Kirola/Euskara sailetan berriz, Aitzol Ze­rain, Amaia Otxotorena, Arnaitz Lasarte eta Garikoitz Erroitzenea ariko dira.
Astelehenero izango dira lantaldearen bilerak, batzuetan talde osoa bilduko gara eta beste batzuetan arloka. Asteroko bilera hauez gain, arlo bakoitzak bereak egin beharko ditu. Gaiek hala eskatzen dutenean, ‘plenoak’ izango dira eta gutxienez urtean bitan auzo batzarra egingo dugu. Honez gain, Administraria egunero ariko da Auzo Udalean, bulego orduetan, eta Auzo Udala egunero egongo da zabalik.

Gauza asko egin dira lau urte hauetan. Eta datozenetan, zeintzuk izango dira lantalde honen helburuak edo erronkak? Zer eskaini nahi diozue Ereñotzuri?
4 urte hauetan egindako lanari jarraipena eman nahiko genioke. Lehenik eta behin Auzo Udala tresna bezala garatzen eta hobetzen jarraitu nahi dugu, zerbitzu gehiago hurbilduz, kudeaketa aukera ezberdinak aztertu eta landuz,...

Aipatu bezala, behar ‘historiko’ nagusienak egin dira (frontoia, Fagollagako espaloiak, ur zikinen bilketa eta berrubanizazioa…), baina oraindik badaude hobetu daitezkeen guneak. Obra haundietako Inbertsio ahalmen haundia ez dugun arren, orain artean 2-3 urtetako inbertsio poltsak kudeatuz eta handik eta hemendik diru laguntzak lortuz, egin ahal izan ditugu lan hauek. Aurrera ere, urtero ez bada ere, azpiegitura aldetik auzogune ezberdinetan egin beharreko hobekun­tzak oso presente izango ditugu.
Gizarte arloari ere arreta berezia jartzen jarraitu nahiko genuke. Auzo Udala sorreran egindako ikerketan adierazten zen bezala, auzoan adineko pertsona asko bizi dira batetik, eta bestetik, gazteentzat ez dago aukera askorik. Biztanleriak nabarmen egin zuen behera azken hamarkadatan. Arlo hau oso garrantzitsua da auzoarentzat eta biztanleriaren murriztea gelditu bada ere, lanean segi behar dugu, auzotar guztiek (adineko, heldu, gazte, haur) zerbitzu ezberdinak izateko. Arlo honetan, Txirrita eskola klabea da eta Auzo Udalarentzat lehentasun nagusienetako bat.
Udal zerbitzuak auzotarrari gerturatzeko balio izan du Auzo Udalak, baina oraindik gehiago indartu nahi dugu atal hau eta auzo etxean ondo informatizatutako harrera gunea antolatuz.
Auzo ondarea da, 4 urte hauetan nahi adinako arretarik jarri ez diogun beste arlo bat eta datozen 4 urteetan zerbait egin nahiko genuke.
Behin lantalde osoa osatuta, lanean ari gara, 4 urte hauetarako herri programa moduko bat egiten eta hor zehaztuko ditugu arlo ezberdi­netako lehentasunak.

Bozketa eguna, aurrekoan bezala izango da, hau da, auzotarrek hiru boto eman beharko dituzte, ezta? Ereñotzurako, Hernanirako eta Diputaziorako.
Bai halaxe da. Auzotar bakoitzak 3 boto eman ahal izango ditu. Auzo Udalerako auzo alkatea aukeratu beharko dugu, eta papeleta hauetan izen bakarra topatuko dute auzotarrek.
Bigarren papeleta Hernaniko Udaleko ordezkariak aukeratzeko izango da. Auzo Udala, entitate juridiko propioa duen organismoa izan arren, Hernaniko Udaleko parte da eta bertako erabakiek eragin zuzena dutenez Ereñotzuko auzotarrengan, guri ere badagokigu Hernaniko Udaleko bozketan parte hartzea.
Eta azkenik Gipuzkoako Foru Aldundirako bozketatarako botoa ere eman ahal izango da.

Ereñotzu Ekinez Auzo Udaleko Hauteskundee­tara aurkezten den talde bakarra izanda, segu­rua da zuek irabaztea. Hala ere, pentsatzen dut ahalik eta boto gehien lortzea izango dela zuen nahia. Ze garrantzia du auzotarrek bozkatzeak?
Guretzat oso garrantzitsua da auzotarren parte hartzea maiatzaren 24ko bozketatan. Auzo Udalari dagokionez, uste dugu modu bat izan daitekeela auzoarentzat eta auzotarrentzat tresna garrantzitsua den edo ez adierazteko.  Aukera hori nahi dugula berrestea litzateke. Hori horrela,  auzotar guztiak animatzen ditugu parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!