«Herritarrekin eta eragileekin egingo dugu lana, Beterri eta bestelako lan ildoak garatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Zein helburu dituzue datozen hauteskun­de­etan? Gehiengo absolutua lortzea espero duzue berriz?
Ez dakigu gehiengo absolutua lortuko ote dugun, 2011ko hauteskundeekin aldaketak badirelako: alderdi batzuk ez daude, berriren bat dago, eta beste bi koalizioan aurkeztuko gara; baina gure helburua egun dugun zinegotzi kopurua lortzea da.

Aipatu duzun moduan, aldaketak izango dira. Hamaikabaten babesa izango du EAJk. Orain Hernani! alderdi berria ere sartuko da panorama politikoan. Zein balorazio egiten duzue? Zertan eragin dezake horrek?
Alderdi berriak eta jende berria sartzea panorama politikoan ona da, berritasuna, ikuspegi berriak, eta haize berriak dakartzalako. Baina honek nola eragingo duen ezin jakin; ez dut uste matematika ariketa bat denik eta zein boto nora joango diren esatea erraza denik. Maiatzaren 24an ikusiko dugu.

Luis Intxauspe, zu izango zara berriz ere EH Bilduren zerrendaburua. Talde berria izango duzu ondoan. Zer eskainiko diezue hernaniarrei?
Aurreko taldetik nik jarraitzeak azken 4 urtetan abian jarritako egitasmo eta lan moduekin jarraitzea suposatuko du; lotura hori ziurtatzea. Azken legegintzaldian hernaniarrengandik gertu egoten saiatu gara, eragileekin elkarlanean arituz: auzo elkarteak, aurrekontu parte hartzaileak, hezkuntzako foroak, Kirol Federatuaren Ba­tzor­dean, Kooperazio Taldean, Jai Batzordean, Parekidetasun Kontseiluan…

Hogeita bi ataletan banatu duzue programa. Zein izango dira ildo nagusiak?
Lehenik eta behin Beterri egitasmoarekin lanean jarraitzea eta enplegu zerbitzua, enpresen ahol­ku­laritza, ekintzailetasuna, merkataritza, turismoa… eta bestelako lan ildoak garatzeko eragile eta herritarrekin elkarlanean aritzea. Denon artean nahi dugun garapen eredu integrala eztabaidatu, adostu eta lantzeko. Gabriel Zelaia eremuan herriko mugimendu sozialak kokatuko ditugu: Etxe feminista, AMHER, Stop Kaleratzeak, Koxka, Kooperazio Taldea… Bestetik, Udalaren hainbat erabaki herritarrekin batera eta elkarlanean hartzeko baliabideak lantzen jarraituko dugu. Etxebizitzaren arazoa arintzeko alokairurako diru laguntzak handituko ditugu; auzoetan pertsona helduen garapen soziokulturala landuko dugu, auzoan bertan; Kiroldegiko igerilekua handituko dugu eta aldagelak berritu, eta bertan biomasa bidezko beroketa sistema jarriz kontsumoaren %30a murriztuko dugu, herriko ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetuko ditugu eta ikastetxeetan tratu onen programa (Harremonak) zabalduko dugu, Elorrabiko zubia egingo dugu…

Zerrenda bat baino gehiago izango dute auke­ran hernaniarrek maiatzaren 24ean. Beharra izanez gero, zeinekin gobernatuko zenukete?
Norekin baino zer egiteko da kontua. Guk programa bat dugu, eta hori da bozkatuko dutena hernaniarrek eta hori betetzea izango da gure konpromisoa. Behar izanez gero, gobernatuko genuke programa horretako edukiekin ados dagoenarekin eta programa betetzeko pausuak emateko prest dagoenarekin. 

Interes orokorreko gaietan, adostasunak bilatzearen aldeko apustua egingo al duzue? Zeintzuk izan daitezke gai horiek?
Uste dugu gure jarrera beti izan dela irekia eta aurrerantzean proposamenak entzun eta adosteko lana egiten jarraituko dugu.

Lau urteren ondoren, krisiak eta langabeziak jarraitzen du izaten hernaniarren kezka eta arazo nagusia. Zer proposatzen duzue hori erremediatzeko?
Beterri, garapen integralerako agentziaren proiektua da gako nagusia krisia eta langabezia lantzeko. Jadanik, Gabriel Zelaiako Beterri eraikinean ditugu enplegu zerbitzua, enpresa zein norbanakoentzat aholkularitza zerbitzua, elkarrekin lan egiteko espazioak (Coworking), ekipamendu berriak… Azken urteotan enplegu planetan 2 milioitik gorako aurrekontua kudeatu dugu, langabetuentzako ekintzaile zerbitzuaren bidez 240 enpresa berri sortu dira eskualdean, eta 300 lanpostu baino gehiago kontratazio zuzenen bidez edo enpresak kontratatzeko diruz lagunduz. 
Ildo honetan lanean jarraitu behar dugu kalitatezko enplegua sortzen jarraitzeko.

Etxebizitza asko egin dira azken urteetan Hernanin, baina arazoak bere horretan jarraitzen du. Babes Ofizialeko etxebizitza askok salmentakoak izaten jarraitzen dute, kreditu arazoak daude... Bestalde, herrian etxebizitza huts asko daude; epe motzean, etxe berri gehiago egitea aurreikusten da...
Etxebizitzaren arazoa konplexua da eta Udalak beste eragileekin elkarlanean aritu behar du gai hau lantzeko. Hernanin azken urteotan egin diren etxe gehienak babes ofizialekoak izan dira. Egun etxea erostea baino alokatzearen aldeko eskaerak egin du gora. Gure apustua alokairu soziala da; Udalak dituen etxeak alokairu sozialera bideratzea, eta pribatuak diren etxeak alokairura bidera daitezen neurriak hartzea, alokairurako diru-laguntzak bideratzea… ulertzen baitugu alokairua dela bidea eta horretara zuzendutako politikak landu behar ditugula.

Uholdeak saiheste aldera hartu dira zenbait neurri, tartean Karabeleko zubi berria. Hala ere, urak ateratzen jarraitzen du Urumea bazterretan. Zein neurri posible ikusten dituzue epe motzerako?
Karabelgo aktuazioak hiru fase ditu: lehenengoa, zubia aldatzea eta egina dago. Bigarren fasean etxeak eraikitzearekin auzoa babestea. Eta hiru­ga­rren fasea, lezoi bat eginez (altuera eta babesa emango dion lur menditxo bat) beste aldetik ba­bestea; honekin batera auzoko urak jaso eta ibaira bideratzeko sistema bat egingo da. Dena den, Her­nanin Urumea ez ateratzeko, ibaiaren behealdean, Ergobian eta Akarregiko meandroan egin behar diren lanek asko eragingo dute; eta lan hauek URA agentziak egin beharrekoak dira. Udalak lan hauek egin daitezen segimendua egingo du, eta baita bes­telako irtenbideak lantzen jarraitu ere: Zubipe eta Lan­darerako babes neurriak hartu, eta Ezia­gora­ko kasu.

Kiroldegiaren egoera ere bada herritarren kezka. Aldagelak berritu eta energia kontsumoa murrizteko aldaketak egingo dira epe motzean. Eta igerilekua haunditzea ere aurreikusten da. Horiez gain, zein dira behar nagusiak eta aurre egiteko modurik ikusten al da? Kiroldegi berri baten beharrik ba al dago?
Obra honekin kiroldegian gehien erabiltzen diren guneak berrituko ditugu: igerilekua eta aldagelak, eta honekin batera energia kontsumoan aurrezteko (%30) sistema aldaketa egingo da, biomasa bidezko beroketa sistema ezarriz. Behar gehiago badira, baina hauek dira erabiltzaile gehienei eragiten dietenak, eta horregatik dute lehentasuna. Eta pixkanaka egin beharko dira berrikuntzak, kiroldegi berri baterako aurre­kontua oso altua baita.

Ongintza Patronatuaren helburuak zein izango dira datozen lau urteetan?
Azken urtetan behar sozialak asko haunditu dira eta Ongintza patronatuaren zerbitzu ezberdinak zabaldu eta haunditu dira: eguneko zentroa, etxe tutelatuak, jangela soziala…. Eta honekin batera eragile ezberdinekin elkarlana eta hitzarmenak ere landu dira: Stop kaleratzeak, Elikagai bankua, Pausoka elkartea… Bide honetan jarraitu behar dugu, eragileekin elkarlanean, beharrak aztertu eta bitartekoak jarriz irtenbideak bilatzearren. 
Bestetik pertsona helduen garapen sozio kulturalerako zerbitzua jarriko da martxan auzoetan bertan; auzoetako pertsona helduekin eta auzo elkarteekin elkarlanean.

«Aurreko taldetik nik jarraitzeak ziurtatuko du abian jarritako egitasmo eta lan moduekin jarraitzea; lotura hori ziurtatzea»

Zaharren egoitza bere gain hartuko du Diputazioak. Ze aldaketa ekarriko du horrek?
Hainbat zerbitzu GFAren gain geratuko direla eta beste batzuk Udalaren gain. Prozesu hau tentuz landu beharko dugu eta ondo zehaztu zein zerbitzu izango diren bakoitzarenak eta nola egingo den prozesua. Ondoren, Udalarenak diren zerbitzu horien berrazterketa eta berrantolaketa egingo da.

Zein izango da zuen politika auzoekiko? Beharrak identifikatu eta soluzio posibleak bilatzeko modurik aurreikusten al duzue? 
Azken legegintzaldian martxan jarri da Parte hartze Batzordea. Bertan Hernaniko ia auzo elkarte guztiak daude eta beraiekin landu ditugu auzo elkarteen finantziazio eta diru laguntzen sistema: funtzio­namendurako, kultur ekitaldiak antolatzeko edota jaiak antolatzeko. Baita auzo lanerako diru la­guntzen irizpideak ere. Bestetik, batzorde honetan auzo guztiei eta Hernani osoari eragiten dioten gaiak landu ditugu: herriko autobusaren ibilbide eta ordutegiak, herriko parkeen egoera eta antolaketa… gure asmoa batzorde honetan elkarlanean jarraitzea da. Dena den, auzo elkarteekin harreman zuzena ere badugu eta izaten jarraituko dugu bakoitzaren beharrak ezagutu eta bideratzeko. Kasu, Martindegiko elkartearen lokala edo Lizeaga auzoan egingo dugun espazio estalia.

Gatazka politikoak ondorio ugari utzi ditu Her­nanin. Elkarbizitzarako pausurik emango al da?
Eman behar ditugu. Hernani asko bizi izandako herria da, gertaera asko jasandakoa eta oraindik ere gatazka politikoaren ondorioak bizi ditugunak, astero ondorio horietako batzuk bizi ditugu hernaniar askok. Gertaera hauek, jaso, landu, ezagutu, eta horretan oinarrituz bizikidetzaren aldeko bidean lanean jarraitu behar dugu. Bai jendarte mailan eta baita Udal mailan ere. 

GARAPEN AGENTZIA

«Lanean jarraituko dugu zerbitzuak zabaldu, lan taldea egonkortu eta egitura juridikoa sortzeko»

Hernaniko Udalak, Beterri eskualdeko gainerako Udalekin batera Tokiko Garapena bultzatzeko apustua egin du. Zer ekarriko du Garapen Agentziak?
Garapen sozio ekonomikorako ezinbestekoa dugun egitura. Egun, enplegurako eta promozio ekono­mikorako diru laguntza eta egitasmo guztiak eskualde mailako egituretatik egiten dira. Beraz, baliabide ekonomikoez gain, lan talde profesional eta eraginkorra ere ekarriko du Beterrin enplegua eta garapena landuko duena.

Zein dira hemendik aurrera emango diren pausuak?
Orain arte egindako lanarekin jarraitu behar du­gu. Zerbitzuak zabaldu, lan taldea egonkortu eta egitura juridikoa sortu. Bestetik, KOO­PERATZEN proiektuaren lehen esperientzia oso positiboa izan da: langabezian zeuden 24 pertsonenei fo­rmazioa, diru laguntza eta aholkularitza eskaini zaie eta 14 proiektu berri jarri dira martxan. Bide honetatik lanean jarraitu behar dugu aurrerantzean ere.

Egoitza Hernanik izateak zein onura izango du?
Hernanin bertan hainbat zerbitzu baditugula edo izango ditugula: enplegu zerbitzua, enpresentzako zerbitzu eta aholkularitza, ekintzailetasunerako programak, coworking espazioa bat… 

Garrantzia handia duen gaia izan arren, Hernanin ez da adostasunik lortu gainerako alderdi politikoekin. Zer gertatu da?
Egitasmoa lantzen ia legegintzaldi hasieratik ari­tu gara, baina egitura juridikoaren inguruko des­a­dostasuna sortu da alderdion artean. Urnietako alkatea (EAJ) hasieratik aritu da beste alkateokin (EH Bildu) elkarlanean, eta egitura juridikoaren gaia ere aspalditik lantzen aritu gara. Kontua da azken momentuan, hasieratik lantzen aritu ga­ren forma juridikoari ezetz esan diola EAJ-k (eta alderdi sozialistak), hauteskundeen gertutasuna eta interes partidistei begira, eta guk hasierako planteamendua mantendu dugu. Ondorioz, egitura juridikorik gabe jarraitu dugu lanean eta Beterri martxan jarri dugu, azken 4 urtetako lanaren fruitu bezala: Garapen integralerako zerbitzua, es­kualdeko 6 herrietarako.

Aurretik aipatu duzun moduan, eskualdean ere izan dira proposatutako Gara­pen Agentziarekin bat ez datozen udalerriak. Adostasunerako biderik izango al da?
Hu­rrengo legegintzaldi hasieran, hau­tes­kunderik gabe eta beste egoera politiko batean,  ziur naiz adostasunak lortzea posible izango dela. Hori da behintzat gure erronketako bat.

Motz motzean

Hondakin kudeaketa 
Zero zabor bidean lanean jarraitu: errefusaren gutxitzea, konpostaren handitzea eta hondakin gutxiago sortzea.

Plaza Feminista eta Berdintasuna
Lorpen haundi bat motor lan haundia egin duena. Hurrengo legegintzaldian Plaza Feministatik Etxe feministara pasa behar dugu Gabriel Zelaiako lehen eraikinean, gure garapen ereduan emakumearen lekua eta papera behar den bezala lantzeko eta garatzeko.

Mugikortasuna eta trafiko aldaketak
Oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak lehentasuna. Trafikoa gutxitzeko eta egoki bideratzeko lanean jarraitu.

Merkataritza
Gure bizi ereduaren arlo garrantzitsua: bertan bizi eta bertako komertzioan kontsumitu. Mer­ka­tarien erreleboa errazteko bitartekoak jarri.

Txotx denboraldia 
Txotx Batzordeak aztertu behar duen gaia. Eragile eta herritar asko daude inplikatuta eta denon artean landu beharrekoa.

Abiadura Haundiko Trena
Hernanin izugarrizko txikizioa egin duena, eta saltzen zizkiguten onurak (azkartasuna, Euro­pa­re­kin loturak…) gezurra direla jakin dena. Zertarako?

Errumaniarren kanpalekua
Errealitate sozial bat beste modu batera ku­deatzeko saiakera eta esperientzia interesgarria, asko ikasi duguna eta hobetzeko asko duena. Ber­tako familiekin lan eginez irtenbide ezberdinak landu dira eta aste gutxitan familia guztiak bertatik aterako dira, kanpamendua utzita.

Euskera
Gure hizkuntza; gure eskubidea. Udalaren zeregina da herritarren tratuan euskera ziurtatzea maila guztietan. Ordezkari politikook euskaldunak izatea ezinbestekoa dela uste dut herritar guztion errespeturako.

Erabakitze eskubidea
Oinarrizko eskubidea; Euskal Herri bezala eta norbanako bezala. Pertsona askeak nahi ditugu herri libre batean.

Nekazaritza
Berrindartu behar den sektorea; ekoizpena eta merkaturatzea lagunduz, nekazaritza ekologi­koaren aldeko apustua eginez.
 
Parte hartzea
Herritarrak erabakitze gunetan protagonista izatea, herritarrak boteretzeko tresna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!