Euskerazko toki komunikabideei buruz, erakusketa jarri dute Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Aurreko ostiralean inauguratu zuten, eta maiatzaren 31ra arte egongo da ikusgai, Bertatik bertara eta beti eskura gisa izenpetu duten erakusketa. Eta Kronika ere, beti herritarren eskura dagoen aldetik, bertan dago erakusgai.
Antolatzaileen asmoa da, euskerazko toki komunikabideen mapa eskaintzea: «proiektu txiki haundi askoz osatutako mapa aberats eta anitza».
Erakusketaren bideoa ikusgai dago YouTuben: 'Bertatik bertara eta beti eskura' erakusketa.
«Toki komunikabideek urteetan egindako lana ezagutzera eman nahi dugu»
Aurreneko aldia da, toki komunikabideen erakusketa bat egiten dela, eta honekin, Oihanederrek «balorean jarri eta ezagutzera eman nahi du, 90eko hamarkadatik aurrera hedatu eta loratutako toki komunikabideek urtetan egindako lana».
Horretarako, apalategi desberdinetan jarri dituzte, gertuko informazioa euskeraz eskaintzen duten aldizkariak. Eta bi pantaila ere jarri dituzte, webgune, irrati eta telebista desberdinak ezagutzera emateko.
TOKIKOM ezagutzeko aukera
Modu berean, TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea ere, gertuagotik ezagutzeko aukera izango da bertan. Izan ere, Oihanederrek eta TOKIKOMek elkarlanean antolatu dute erakusketa: «tokiko komunikabideak dira, etxe askotan kontsumitzen diren bakarrak. Euskal hiztunon komunitatea sendotu eta trinkotzea dute jomugan», nabarmendu zuen aurkezpenean Urko Aristik, TOKIKOMeko lehendakariak.
Bertsotan inauguratu zuten erakusketa, maiatzaren 8an. Erakusgai dauden egunkari, aldizkari, interneteko hedabide, irrati eta telebistak.