Ehundik gora lasterkari gaur, Goizuetako mendietan

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 16a, 02:00

Atzo ehundik gora baziren Goizutrailen izena emandakoak eta gaur ziur gehiago ere animatuko direla. Hain zuzen, Goizuetako mendi lasterketa eginen da gaur, eta denentzako izanen da aukera, lasterketa lu­zea eta motza antolatu baitituzte. Luzea, 25 kilometrokoa izanen da eta motza, 10 kilometrokoa.
Bi lasterketak batera hasiko dira eta 09:00etan da hi­tzordua, herriko plazan.

Eneko Elorrira, motzean
Plazatik Aitasemegi auzora doan senda estua hartuko dute eta handik, Eneko Elorriko bizkarrera (680 m) igoko dira. Eneko Elorritik, pare bat kilometroko lautada izanen dute lasterkariek, herrira jaisten hasi arte. Espideko sorotik pasata iritsiko dira Goizuetara. Bertan bukatuko dute lasterketa, 10 kilometroko ibilbidea egiten dutenek.

Mandoegira, luzean
Herritik berriz, Mandoegira (1.045 m) bidean paratuko dira ibilbide luzea aukeratu dutenak. Bospa­sei kilometroko aldapa gogorra izanen dute aurretik, eta 16 kilometrotan pilatutako nekearekin helduko dira tontorrera.
Azkeneko zatia baino ez zaie faltako orduan. Gailu­rretik jarraituko du ibilbideak, eta mendian behera abiatuko da gero, nahiz eta aldaparik ere izanen duten oraindik. Errekalko atzean utzi, eta azkeneko 4 kilometroak, denak beheraka eginen dituzte, herriko plazaraino.

Izena emateko aukera, gaur
Gaur bertan ere izanen da aukera izena emateko, lasterketak hasi baino 30 minutu lehenago arte.

Giro bikaina
Lasterketan parte hartu bakarrik ez, animoak ematera ere gerturatzeko dei egiten diete goizuetarrei eta inguruko herritarrei. Giro bikaina izanen dela azaldu dute. Kinto afariak ere gaur izanen dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!