Adin guztietarako aukerak prestatu ditu Xaguxar taldeak, udaren hasierarako: udaleku irekiak txikienentzat, eta kanpaldiak gazteentzat. Ekainaren bukaeran eta uztailean izango dira, eta izenematea zabaldu dute dagoeneko.
Kultur Etxean apuntatu behar da, eta datorren asteartea da azken eguna: 09:00etatik 13:00etara, eta 15:00etatik 21:00etara. Izenemate orriak interneten daude eskuragarri: www.xaguxar.org.
Udalekuetan, bi txanda
4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dira udaleku irekiak, eta bi txanda egingo dituzte: ekainaren 24tik uztailaren 10era, 70 euro; edo uztailaren 13tik 23ra, 60 euro.
Goizeko 09:30etatik 13:30etara egongo dira, eta irteera egunetan (4-6 urtekoek astean behin, 7-12 urtekoek bitan) 09:30etatik 17:00etara. Zaintza zerbitzua ere egongo da, 08:00etatik 09:30etara, eta jangela zerbitzua, 13:30etatik 15:30etara. Aparte ordainduko dira biak.
Kanpaldia, Erronkarin
Gazte kanpaldia, bere aldetik, Erronkari bailaran egingo dute, 12 eta 16 urte arteko gazteentzat. Ekainaren 28tik uztailaren 5era izango da, eta 180 euro kostatzen da.
Udalekuetarako eta kanpaldirako, %20ko deskontua izango du apuntatzen diren bi senidetatik batek, edo familia ugariko haurrek.
Haur gehiegi apuntatzen badira, astigartarrek izango dute lehentasuna, eta zozketa egingo da maiatzaren 22an, 19:00etan Kultur Etxean.