Bere proposamena aurkeztu du Buruntzaldeako EAJk, eskualdeko garapen agentzia sortzeko. Elkarte anonimoa eratu nahi dute, «egitura juridiko-ekonomikoa eta kontrol publikoa bermatzeko», azaldu zuen Mikel Pagolak, Urnietako alkateak: «Bilduren proposamenak ez zituen bi esparru horiek betetzen».
Nabarmendu zuen, gainera, Beterri Garapen Agentzia ez dagoela sortuta: «proiektu hori kea besterik ez da, estatutuak bakarrik onartu ziren».
Proposamena, irekia
EAJk udaletxe guztietan banatuko du proposamena, denengana iristeko: «irekia da, eta eragile eta alderdi politiko guztiekin elkartuko gara, proiektua partekatu eta ekarpenak jasotzeko. Helburua da Buruntzaldeako sei udalerriak elkartzea».
Proposatzen duten elkartean, Udaleko funtzionarioek egingo lukete lan teknikoa, eta ordezkariak plenoetan aukeratuko lirateke, boto bidez.
Agentziaren bidez, hainbat ekintza zehatz bideratzeko asmoa dauka EAJk: enplegua sortu, partehartze aktiboa eskualdeko egituretan, proiektu propioak abiatu, ekintzailetza eta merkataritza txikia babestu...