Sindy Santiagok 68 urte dauzka eta federatutako eta lehiatzen ibiltzen den roller edo patinatzaile beteranoena da. Master 60 mailan lehiatzen du. Eta dauden txapelketa eta karrera guztietara animatzen dela azaldu dio kronikari: «Gipuzkoakoa, Euskadikoa, Espainiakoa… Patinatzera dedikatzen naiz. Disfrutatu egiten dut, asko gustatzen zait». Bere mailan, emaitza onenak lortzen dituena da. Eta Master 50eko askori ere irabazten omen die.
Gaur bertan, Euskadiko Txapelketan ariko da Gasteizen. Pista estaliko txapelketa izango da. 400 metroko bueltan ariko dira. Proba desberdinak izaten dira eta Santiagok linea (5.000 metro goizean) eta puntuazioan (10.000 metro arratsaldean) hartuko du parte.
Eta datorren hilabetean, ekainaren 6an, Espainiako Txapelketan ere ariko da, Iruñean.
Patin berriak erosi ditu aste honetan eta azkarrago ibiliko dela dio. Hori horrela, orain arteko denborak hobetzea espero du.
Urtean, 20 bat lasterketa
Pistako karrerez gain, errepidekoak ere izaten dira eta bertan ere parte hartzen du Santiagok: Urtebetean, 20 bat karrera egin ditu. Azpimarratzekoak dira Bizkaiko 21 km-ak, Tubilla del Lagoko 3 orduak, Lilatoia, Donostiako 15 km-ak, Oñati-Arrasate, Soraluze-Bergara, Azkoitia-Azpeitia, Villabonakoa… Katalunian ere hartu izan du parte.
«Patinatzea, ez da beste kirolak bezala»
Orain dela hiru urte eta erdi hasi zen Santiago patinetan ibiltzen. «Kirola ez zait gustatzen, baina patinatzea desberdina da. EPO aurrean bizi naiz eta terrazatik bertan dagoen pista ikusten dut. Iruditzen zitzaidan pista hori patinatzeko ederra zela eta ez zela aprobetxatzen. Senarrak eta semeak bultzatuta, animatu egin nintzen. Patin arrunt batzuk erosi eta halaxe hasi nintzen alde batetik bestera. Zutik egoten eta ibiltzen ikasi nuen, baina teknika falta nuen eta senarrak apuntatu ninduen Manteon, Donostian. Asko ikasi nuen eta asko gustatu zitzaidan. Nere semea ere ibiltzen da, Amasako taldean, eta bertan hasi nintzen ni ere. Bi urte eta erdi daramazkit bertan, eta pozez zoratzen nago», azaldu du.
Egunero entrenatzen du eta Andoainera joaten da normalean, «han patinatzeko lekuak ondo prestatuta baitaude, Hernanin ez bezala».