«Azken hilabeteetan hainbat buruhauste eman dizkigu EH Bilduk sortutako Beterriko Garapen Agentziak», azaldu zuen atzo, Mikel Pagola, Urnietako alkateak. «Baina proiektu hori kea besterik ez da, Estatutuak bakarrik onartu ziren, baina entitatea ez dago sortua. EH Bilduk gehiengoa duen udalerrietan bakarrik du adostausna».
Hori horrela, EAJk Eskualdeko Garapen Agentzia sortzeko proposamena aurkeztu zuen atzo. «Orain udaletxe guztietan banatuko dugu, zabaldu eta denengana iristeko. Proposamena irekia da, eta eragile eta alderdi politiko guztiekin elkartuko gara proiektua partekatu eta ekarpenak jasotzeko. Helburua da Buruntzaldeako sei udalerriak elkartzea».
Elkarte anonimoa
Azaldutakoaren arabera, «elkarte anonimoa eratzea» proposatu dute, «egitura juridiko-ekonomikoa eta kontrol publikoa bermatzeko». Eta gogorarazi zuten: «ezker abertzalearen proposamenak ez zituen bi esparru hauek betetzen».
Pertsonalari dagokionez, lan teknikoa udaleko funtzionarioen esku uztea proposatu dute, eta ordezkariak Plenoetan boto bidez aukeratzea.
Hainbat ekintza zehatz
Agentziaren bidez hainbat ekintza zehatz bideratzeko asmoa ere azaldu zuten. Besteak beste, enplegua sortu, partehartze aktiboa eskualdeko egituretan, proiektu propioak abiatu, ekintzailetza eta merkataritza txikia babestu, aisialdirako ekintzak eta bertako salerosketak bultzatu, langabezian dauden kolektiboak identifikatu edota ekintza zehatzak proposatu.