Ikasturte amaiera gerturatzen ari da, eta Hernani Musika Eskolako ikasleek hainbat erakustaldi prestatu dituzte, ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko.
Lehengo asteazkenean, akordeoi ikasleen txanda izan zen. Gaur, berriz, Hernaniko ikasleek eta Tolosako ikasleek emango dute kontzertua, arratsaldeko 18:30etan hasita, Biteri kultur etxean. Bi herrietako musika eskolek elkartrukea egin dute, eta gaurkoan, tolosarrak etorriko dira bisitan.
Beste bi emanaldi, hil honetan
Gaurkoaz gain, emanaldi gehiago ere izango dira datozen egunetan.
Hasteko, datorren asteazkenean, hilak 20, teklatu ikasleek emango dute kontzertua, arratsaldeko 18:00etan hasita, Biterin.
Bestalde, matrikulazio epea irekita dagoenez, kontzertu pedagogikoa prestatu da maiatzaren 27rako. Bertan, Hernani Musika Eskolan jotzen ikasi daitezkeen instrumentuak ezagutzeko aukera izango da.
Matrikulazio epea irekita
Dagoeneko ikasle direnek, eta ikasle berriek, irekita daukate matrikulazio epea. Maiatzaren 22ra arte izango da izena emateko aukera, astelehenetik ostiralera, eguerdiko 12:30etatik 14:30etarako tartean, eta arratsaldeko 15:30etatik 20:00etarakoan.
Bestalde, ikasle berriek musika tresna aukeratzeko bilera izango dute, ekainaren 3an, eta behin-betiko matrikula egin beharko dute ekainaren 3tik 5era bitartean.