«Kasualitatez hasi zen dena, ikasleek jo zuten niregana», dio Gotzon Huegun artistak. Bisitan izan zituen Donostiako Santa Teresako ikasleak asteartean, bere tailerra ikusten, eta lanean aritzeko aukera ere izan zuten.
«Aurten, tailerretako orduan, eskulturak landu ditugu», kontatu du Urdin Badies irakasleak, «eta Donostiara eskulturak ikustera egin genuen irteera batean, bat falta zen, Gotzonen Amandria hain justu». Jakinminak erakarrita, telefono deika hasi ziren ikasleak, «Jaurlaritzara ere bai», eta azkenean Huegunekin harremanetan jarri ziren.
Eskulturaren replika, ikastetxera
Ikastetxera bertara joan zen artista, eskultura nola desagertu zen azaltzera, eta replika ere eraman zuen. Gonbita ere luzatu zien, bere tailerrera etortzeko, eta hala egin dute aste honetan.
Tailerra bisitatu nahi duen edonor, gonbidatuta
Bisita honi, jarraipena eman nahi dio Huegunek, eta horregatik, ateak zabalik dauzka, tailerra ikusi nahi duen edonorentzat, izan elkarte, ikasle talde edo herritar: «asmoa da, tailerra kalera ateratzea, eskulturen prozesua ezagutzea».
Interesa duena, jarri dadila harremanetan berarekin, telefonoz: 638 071 371.