Mikel Duran izango da Astigarragako PSE-EEren hautagaia, alkate izateko. Duran zerrendaburu dela, Udalean ordezkaritza berreskuratzea espero du alderdi sozialistak, maiatzeko Udal Hauteskundeetan: «erabakigarri izan nahi dugu, Astigarraga gobernatzeko orduan», jakinarazi dute.
36 urte ditu Duranek, ezkonduta dago, eta alaba bat dauka. Gaur egun, Gipuzkoako PSE-EEren Antolakuntza Idazkaria da, eta Errenteriako zinegotzi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide ere izan da. Zuzenbidean lizentziatu, eta Giza Baliabideen eta Lan Harremanen masterra egin zuen.
«Ziur Bildu eta EAJren hegemonia hautsiko dela»
Ordezkaritza berreskuratzea dute helburu: «zinegotzi bat izatea poza litzateke, baina are gehiago ordezkaritza haundiagoa izatea. Ziur egungo politikak indar politikoen banaketa aldatuko duela, Bildu eta EAJren hegemonia hautsiz», azaldu du Duranek.
Aurreratu du, bere lehentasun nagusia Atez Ateko sistema kentzea izango dela, eta Bosgarren Edukiontzia ezartzeko konpromezua hartu du: «modu batera edo bestera jaso, hondakin kopuru bera jasotzen da. Kontua da, edukiontzia merkeagoa, erosoagoa eta garbiagoa dela».
Astigarragaren garapenean lan egiteko gogoa eta ilusioa
Duranek azaldu du, «gogoz eta ilusioz» dagoela, Astigarragako garapenaren alde lan egiteko, «gardentasun eta parte hartze haundiagoarekin, eta herritarren konfiantza berreskuratzeko asmoz, dauzkaten arazoei erantzuna emanez». Baina, horretarako, uste du inposaketa ez dela bidea, «Bilduk legegintzaldi honetan gobernatu duen bezala».
Izan ere, Bilduren kudeaketa «oso kaltegarria» izan da herriarentzat, Duranen ustez: «bere interes partidisten arabera gobernatu dute, eta ez herritarren beharren arabera».
Garraio publikoan, hobekuntzak Renferen tren geltoki bat jartzeko ere lan egingo duela adierazi du, «herritarrei garraio publiko hobea eskaintzeko». Gainera, sagardo denboraldian autobus kolektibo bat jartzea ere proposatu du, sagardotegi ezberdinak lotuz.