Presoen eskubideen alde lanean ari den herritar talde batek dei egin zien, ostiralean emandako prentsaurrean, hernaniarrei: «Elkartasun Eguna ospatuko da datorren larunbatean, hilak 16, eta parte hartzera animatzen zaituztegu. Herrian 24 preso politiko ditugu milaka kilometrotara sakabanatuta, horrek bai presoei eta baita etxekoei eta lagunei suposatzen dien guztiarekin. Lehenbailehen behar ditugu etxean, eta bitartean guztiok dispertsioaren kateak hautsi behar ditugu, eta elkartasunera lotu behar gara».
Egitarau zabala
Eguerdiko 12:00etan, haur eta helduentzat errelebo lasterketa antolatu dute. 13:30etan manifestazioa izango da, eta ondoren, 14:30etan bazkaltzera elkartuko dira. Menua: entsaladilla errusiarra, txipiroiak tintan, karrillerak, arroz esnea, kafea eta kopa. Tiketak Garin, Txili, Aker, Onddi eta Zintzarrin daude; 15 euro (helduak) eta 5 euro (umeak). Bazkaldu eta gero berriz, enkantea antolatu dute. Enkanterako zerbait eman nahi duenak, deitu: 635 006 275 edo 606 695 364ra.