Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta programa aurkeztu zituen atzo EH Bilduk, herritarren aurrean. Datozen lau urteetarako jarritako hainbat helburu nabarmendu zituzten: merkataritza plana, Astigarraga 2030 ekimena (plan urbanistikoa), partehartzea eta etxebizitza parke publikoa, besteak beste.
Lau urte hauetan egindako lanaren balorazioa ere egin zuten, batez ere, honako arloetan: Atez Atekoa, ikastola haunditzeko obrak, errumaniarrak eta partehartze ordenantza.
«Lau urtetan sekulako bultzada eman zaio Astigarragari»
Ainhoa Beola, Foru Aldundiko EH Bilduko hautagaia aurkezpenean izan zen atzo eta orain arteko lanari jarraipena emateko asmoa azaldu zuen: «Sartu ginenean mehatxuak jaso genituen: errauskailua, superportua eta aireportua egingo zituztela. Ez genuela kudeatzen jakingo. Eta etekin sozialik ez duten proiektu erraldoi horiek gelditzea lortu dugu. Erakutsi dugu badakigula kudeatzen, eta kudeaketa hori herritarrekin batera egiten da».
Zentzu horretan, nabarmendu zuen «maiatzaren 24an 2 ereduren arteko hautua» egin behar dela: «Lau urtetan sekulako bultzada eman zaio Astigarragari. Bi aukera ditugu: bidea egiten segi esparru sozialean, jendarte duinago baten alde, bizikidetzaren alde... Edo aurreko 30 urtetan egin den bidera itzultzea».
Era berean, Euskal Bidea jarraitzeko deia egin zuen: «Euskal Bidea egiten jarraitu behar dugu, herritar guztiekin batera eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko moduan».
Hainbat herritar elkartu ziren aurkezpenean eta bukatzeko, argazki bat atera zuten elkarrekin, hautagaiei eta programari babesa adieraziz.
Astigarraga 2030 lantzeko, mahai-ingurua asteartean
EH Bilduk hainbat mahai-inguru antolatu ditu, EH Bilgunean (Pelotari kalea, 6), herri programako gai konkretu batzuen inguruan aritzeko. Datorren asteartean, Astigarraga 2030 ekimenaz ariko dira, hau da, plan urbanistikoaz, nolako Astigarraga eraiki nahi den lantzeko. Arratsaldeko 19:30etan izango da. Apirilaren 14an, tokiko monetari buruz aritu ziren.