EAJ-PNVren Gipuzkoako ordezkariak Urnietan izan ziren asteazkenean Udal eta Foru hauteskundeetako Buruntzaldeako hautagaiak aurkezten; horien artean, Andoni Amonarraiz Hernaniko alkategaia. Ekitaldian, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, azaldu zuen gipuzkoarrek aurrera egiteko daukaten ahalmena eta gaitasuna, «Bilduren blokeorako eta inposiziorako joeraren gainetik» daudela. Eta gaineratu zuen, hori maiatzaren 24ko hauteskundeetan frogatu ahal izango dela, «gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutelako: EAJ-PNVk proposatzen duen Gipuzkoa zabal, gizarte ireki eta modernoa edota ezker abertzalearen modelo itxia».
Errespetua eta integrazioa
Egibarrek gogor kritikatu zuen EH Bilduk Aldundian eta Gipuzkoako udaletan egin duen kudeaketa. «Ezker abertzaleak nahastu egin ditu bere interes eta urgentzia propioak, eta Gipuzkoaren benetako lehentasunak». Eta argi utzi nahi izan zituen jeltzaleen helburu nagusiak: «Eredu sozio-ekonomiko indartsua sortzea, gizarte justizian oinarritutako gizartea eraikitzea eta Euskadiri egitura politiko propioa ematea».
Horrez gain, nabarmendu zuen, hazkunde ekonomikoa, lanpostuen sorrera eta gizarte justiziaren aldeko apustuari eutsiko diotela: «Gure herriaren garapen politikoaren alde lan egiten jarraituko dugu».
«Ezker abertzalearen inposiziorako joeraren aurrean, guk errespetua eta integrazioa defendatuko ditugu; totalitarismoaren aurrean, gure errezeta demokrazia da», erantsi zuen. Bukatzeko, ondorioztatu zuen Euskadiren eraikuntza soziala eta nazionala «bateraezinak» direla «Sorturen totalitarismoarekin»