«Hauteskundeak irabazteko asmoa» garbi utzita, EH Bilduren hautagai zerrenda eta Herri Programa aurkeztu zituen Luis Intxauspe alkategaiak, ostiralean. Formatu berezian egin zuten aurkezpena, egungo zinegotziak, hautagaiak eta herritarrak parez pare jarrita: «EH Bilduren leloak dioen bezala, elkarrekin Hernani hobetzen ari baikara», azaldu zuen.
Aurkezpena hasteko, bideo bat jarri zuten, azken legegintzaldian egindako proiektu eta egitasmoekin: tokiko garapena eta Beterri Garapen Agentzia, energia burujabetza, elikadura burujabetza, baratza parkea, Herritarren Harrera Zerbitzua...
«Garrantzitsua da zer egiten den, eta nola egiten den»
Lehenengo 10 hautagaiek hitza hartu eta euren aurkezpen txiki bat egin zuten.
Intxauspek azaldu zuen, garrantzitsua dela zer egiten den, «eta baita nola egiten den ere». Zehaztu zuen, lan egingo dutela parte hartzea bultzatu, enplegua sustatu eta komertzioei eta lehen sektoreari laguntzeko: «hain zuzen, tokiko garapen sozioekonomiko egokia bultzatzeko sortu da Garapen Agentzia», gaineratu zuen.
Kultur arloan arituko litzateke Koro Etxeberria, eta azaldu zuen «komunikazio falta» dagoela: «ekimen asko daude eta gainjarri egiten dira askotan. Egoera aztertu behar dugu eta foro bat jarri dugu martxan».
Zerbitzu publikoetarako dago Mattin Aldaia, eta adierazi zuen, «krisi energetikoaren atarian» gaudela, eta energia berriztagarrien alde egin behar dela.
Isa Sanchez, bere aldetik, arlo ekonomikoan arituko litzateke, eta diru sarrerei begira, zergak nabarmendu zituen: «denok ordaindu behar ditugu, baina gehiago dutenek gehiago ordaindu behar dute».
Eta zerrendako bosgarrena, Xabi Lertxundi, Ongintza patronatuko zinegotzia izango litzateke: «oso lan ona egin dute, eta bide horri eutsiko diogu».
Honakoak dira gainerako hautagaiak: Esti Aldeiturriaga, Inhar Olano, Garazi Etxarri, Damian Pedrosa, Ainitze Genua, Iñaki Bilbao, Araitz Aira, Oier Garmendia, Itziar Miner, Javier Zubimendi, Anabel Balerdi, Jabi Larraza, Miren Clemente, Ernesto Merino eta Izaro Arruarte.