Herriko talde eta eragileetako ordezkariekin bildu zen, asteazkenean, udaletxeko Berdintasun Saila, otsailaren 26ko Plenoan onartu zen bigarren Berdintasun Plana aurkeztu eta taldeen inplikazioa zein garrantzitsua den azaltzeko.
«Berdintasun Batzordean, orain arte, ikastola eta Gazte Lekuarekin egin da lan, bereziki. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu herriko eragileek ere Berdintasun Planean parte hartzea, egiten dituzten ekintzak herrian garatzen baitituzte», azaldu du Garbiñe Zubeldia, berdintasun teknikariak.
Herriko 10 talde, lanean
Berdintasun Sailak Equala konsultoriarekin egin du lan bigarren Berdintasun Plana osatzeko, eta Astigarragako eragileak deitu dituzte, parte hartzera. Asmoa da urtean lau bilera egitea, eta aurrenekoa lehengo astean, asteazkenean, egin zuten. Bertan elkartu ziren: Astigar dantza taldea, Gazte Asanblada, Gure Izarra elkartea, Harituz elkartea, Mundarro kirol elkartea, Musika Eskola, Xaguxar aisialdi taldea, Sagardun partzuergoa, Gazte Lokala eta Ergobiako jai batzordea.
Ekainean, formakuntza saioak
Berdintasun Planak 2018ra arteko epea du, eta hainbat ekintza aurreikusten dira. Aurrenekoa, berdintasunaren inguruko formakuntza eta sentsibilizazio saioak; ekainean egingo dira, eta laster irekiko dute izenematea.
Bestalde, lantzen ari dira nola txertatu genero ikuspegia elkarteetako estatutuetan, edo zein ekintza antolatu herrian, elkarlanean; martxoaren 8a, emakumearenganako biolentziaren aurkako eguna (azaroaren 25a)... Elkarlanean aritzea da helburua.