Noiz eta zergatik etorri zinen Astigarragara?
2002ko abenduan utzi nuen Balsas (Ekuador) jaioterria, eta Grosen 7 hilabetez bizi ondoren, Astigarragara mugitu nintzen, nire bi seme-alabekin: Ander eta Dayanara. Ekuadorren oso zaila zegoen egoera, eta lan bila etorri ginen, bizitza hobe baten bila.
Eta zer topatu zenuten?
Oso jende atsegina, gurekin oso ondo portatu dena beti. Ate guztiak zabaldu zizkiguten, bai udaletxean, bai eskolan... Gainera, nire jaioterriaren oso antzekoa da Astigarraga, eta horrek ere asko erraztu zuen egokitzea.
«Hasieratik, jendea oso ondo portatu zen gurekin, ate guztiak zabaldu zizkiguten».
Erraz egokitu zineten bertako bizimodura?
Hasieran gogorra izan zen, aurreneko urteak zailak izan ziren. Beste ohitura batzuk dauzkazu, eta kosta egiten da. Eta oraindik, ondo egon arren, eta bertako bizimodua oso lasaia izan arren, hango zerbait edukitzea falta zaizu. Familia asko botatzen da faltan, ez baitaukagu inor hemen. Erabaki oso zaila izan zen, jaioterria utzi eta hona etortzea. Baina oso gustora nago herrian, eta hein batean, aurkitu dut bilatzen nuen bizitza hobea.
Nolakoa da harremana, bertakoen eta atzerritik etorritakoen artean?
Ba gu nahastuta ibiltzen gara. Lagun talde bat elkartzen gara, herrialde askotakoak, eta bertako jendea ere badago. Aniztasun Astean bezala, aniztasuna daukagu gure lagun taldean ere.
Parte hartuko duzu Aniztasun Astean?
Ostalaritzan egiten dut lan, eta nire ordutegiagatik, ezingo dut askorik parte hartu. Baina nire platera prestatuko dut larunbateko dastaketarako: sebiche de langostinos, platano frijituarekin. Plater hotza da, entsalada moduko bat, baina oso likidoa. Tipula, tomatea, zilantroa eta limoi zukua daramazki; eta langostinoak, noski. Ekuadorren oso tipikoa da, asko jaten da, klima tropikala delako.
Abantaila daukazu zuk...
Bueno, sukaldaria izanda, pixka bat bai, baina ikusiko dugu...
Zer iruditzen zaizkizu Aniztasun Astea bezalako ekimenak?
Oso aukera ona da, bertakoek gure kulturak ezagutzeko, eta beharbada integratzen ere laguntzen digute.