Ur Miako Mus Txapelketako finalak jokatuko dira gaur arratsaldean, eta ondoren, eguna borobiltzeko, urteko afaria egingo da elkartean bertan. Oraindik badago tokia, eta nahi duten guztiak gerturatu daitezke afaritara; iluntzeko 20:30en bueltan hasiko da.
Mus Txapelketako finala, arratsaldean
Afal aurretik, Ur Miako Mus Txapelketako finalak jokatuko dira. Finalerdiak aste honetan zehar jokatu dira, eta gaur finalean izango dira lau bikoteak, aurreneko bi postuak, eta hirugarrena eta laugarrena jokatzeko.
Finalerdietan, Pako eta Angel izan ziren txapeldunak Gregorio eta Joxeanen kontra; eta Manueltxo eta Iñaki, Aitzol eta Arkaitzen aurka.
Beraz, gaurkoan aurreneko postuengatik borrokan ariko dira, aurrez aurre, Pako-Angel bikotea, eta Manueltxo-Iñaki bikotea. Hirugarren eta laugarren postuak, berriz, Gregorio-Joxean eta Aitzol-Arkaitz bikoteen artean jokatuko dira.
Afaria, auzotar guztiei irekia
Txapelketa bukatuta, urteko afaria egingo da Ur Mia elkartean bertan. Aurretik izena eman behar bazen ere, badago tokia oraindik, eta, beraz, nahi duen guztiari animatzeko deia egin diote.
Iluntzeko 20:30ak inguruan hasiko dira afaltzen, eta menu ederra prestatu dute: arrain zopa, legatza errebozatua, entrekota, eta ijitu besoa.