Gaur hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, hau da, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Ekainera bitarte luzatuko da eta irailean, bigarren faseari ekingo diote, Gipuzkoako Txapelketari.
74 bertsolarik hartuko dute parte lehenengo kanporaketa honetan, eta 30ek egingo dute aurrera. Eta pasea lortzeko lehia horretan, Hernaniko Bertso Eskolako zortzi kide ariko dira; beteranoak eta gazteak: Iñaki Zelaia (1973, Hernani), Iker Osa (1978, Hernani), Unai Gaztelumendi (1988, Añorga), Arnaitz Lasarte (1989, Ereñotzu), Oier Iurramendi (1990, Hernani), Asier Azpiroz (1991, Zubieta), Eli Pagola (1995, Ereñotzu) eta Eñaut Martikorena (1995, Hernani). Joseba Agirre ere (1976, Azkoitia) aurkeztekoa zen, bihar zuen lehenengo saioa Oiartzunen, baina azken momentuan ezin izan du parte hartu.
Martikorena, Osa eta Azpiroz, bihar
Eñaut Martikorena, Iker Osa eta Asier Azpiroz izango dira lehenengoak kantatzen. Bihar ekingo diote kanporaketari. Martikorena Oiartzunen ariko da. Arratsaldean kantatuko du (17:30). Osa eta Azpiroz, berriz, Idiazabalen ariko dira eta biak saio berean, goizean (11:30).
Zelaia eta Pagola, gaur zortzi
Iñaki Zelaia eta Eli Pagolaren txanda datorren larunbatean izango da. Antzuolan ariko dira biak, baina bi saio desberdinetan. Zelaia goizean ariko da (11:30) eta Pagola arratsaldean (17:30).
Lasarte, Gaztelumendi eta Iurramendi, etxean
Etxean, Hernanin ariko dira gainerako hirurak. Datorren igandean izango da hori. Lasarte eta Gaztelumendi goizeko saioan ariko dira (11:30), elkarrekin, eta Iurramendik arratsaldean kantatuko du (17:30).
Bigarren faserako pasea, sari
Kanporaketari begira, bertsolari bakoitzak daukan asmo edo helburuaren inguruan galdetuta, saio onak egin eta norbere buruarekin gustora geratzea dela erantzun dute denek. Eta bigarren faseari begira ere badaude, asko. Aurretik parte hartu izan dutenak, batez ere. Ilusioz eta hasteko gogoz daude.
Kanporaketa fase honetan, bi saio izango ditu bertsolari bakoitzak. Denera, puntu gehien lortzen dituzten lehenengo 30ak sailkatuko dira Gipuzkoako Txapelketara.
Zelaia: «Ahal dugun urrutiena iristea da asmoa»
Iñaki Zelaiarentzat ez da berria Gipuzkoako Txapelketa, baina kanporaketa fasetik abiatzea tokatu zaio aurtengoan, aurreko txapelketa kontuan hartuta: «Urte asko daramazkit eta aurten tokatu zait hasieratik hastea. 1991n hartu nuen parte aurreneko aldiz, eta esango nuke sailkapen faseko hirugarren beteranoena naizela. Pixkanaka pixkanaka aurrera egiten saiatuko gara eta ahal dugun urrutiena iristen. Ea udazkenean aritzeko aukera dugun. Saltsa jartzea ere bada nere helburua, bertso eskolako gazteei xirikatu, ondo pasa, eta ahal den neurrian norberarekin gustora geratu. Ahal den onena eman, beste pretentsiorik gabe».
Umeak tarteko, entrenatzeko eta bertsotan aritzeko denbora askorik ez duela azaldu du, baina azken hilabetean aritu omen da entrenatzen: «Esprina jo dugu azken hilabetean. Gauetan eta elkartzen ari gara bertso eskolakoak. Gogoarekin nago nere burua ikusteko».
Osa: «Bi saio txukun egin eta ea bigarren fasera pasatzen garen»
Hirutan sailkatu izan da Iker Osa Gipuzkoako Txapelketara eta oraingoan ere saiatuko da. «Orain lau urte gustora geratu nintzen eta saiatuko gara aurten ere. Nere buruarekin gustora geratu nahiko nuke, eta ahal dela, udara entretenitua pasa. Pare bat saio txukun egin eta ea bigarren fase horretara pasatzen garen. Lasai egoten ere ahaleginduko gara».
Zentzu horretan, igandeko saioan Azpirozen konpainia eskertuko du: «Ezagun batekin aritzeak konfiantza pixka bat ematen laguntzen du, bai. Lasaitzen, elkarri animatzen...».
Normalean, entrenatzeko tarte askorik ez izan arren, azken asteetan aritu direla errodajea egiten azaldu du.
Lasarte: «Saiatuko gara fin ibiltzen»
Arnaitz Lasartek hirugarren aldiz hartuko du parte sailkapen fasean: «25 urterekin, beteranoetako bat naiz. 17 urterekin hartu nuen lehenengo aldiz parte», dio. Bigarren fasera pasa nahiko lukeela aitortu du, baina ikusiko dela. «74tik 30 pasako dira eta kriba haundi xamarra da. Alde batetik, 10-15 nahiko garbi pasako direla ikusten da, eta bestetik, 40 bat egongo ginateke. Alde txikia dago beste multzo horretan eta ez da erraza izango».
Azken urtean, hainbat sariketatan hartu du parte Lasartek eta txapeldunorde ere bada Xenpelar eta Lizardi sarietan. Bere burua nola ikusten duen galdetuta, halaxe erantzun du: «Eguneko aldatu egiten da sentsazioa. Gaizki ez naiz sentitzen, baina hobeto ere aritu izan gara. Sariketetan ibiltzeak esperientzia pixka bat ere eman dit eta hori aldeko izango dut. Saiatuko gara fin ibiltzen».
Hernanin egingo du lehenengo saioa, baina etxean aritzeak lagunduko dion zalantza egiten du: «Orain dela 8 urte ere hemen tokatu zitzaidan eta ez zen ondo atera... Baina noski, ondo hasten bazara, eta ezagunen babesa baduzu, oraindik ere hobeto».
Iurramendi: «Helburu bat badut bai, Arnaitzen aurretik geratzea!»
Oier Iurramendi ere Hernanin ariko da lehenengo saioan eta berak onerako izango dela pentsatzen du: «Hasieran pentsatu nuen nahiago nuela etxean bukatu, baina orain iruditzen zait hemen hasteak, etxeko jendearekin, lagunduko didala».
Iurramendik aurreneko aldiz hartuko du parte sailkapen fasean: «Aurreko aldian aukera izan nuen adinagatik, eta aurkezteko asmoa nuen, baina azkenean, denbora faltagatik ez nuen aurrera egin. Oraingoan ere zalantzak izan nituen, baina denak parte hartzekoak zirela ikusita, ni ere animatu egin nintzen».
Helburuari dagokionez, ez duela helbururik jarri dio: «Ez dut helburu bezala bigarren fasera pasatzea. Baina gustora geratzen banaiz nere buruarekin, eta bertsotan ondo eginez gero, aukerak izan ditzakedala ikusten dut. Eta helburu bat badut, bai: Arnaitzen aurretik geratzea, azkenaurrena banaiz ere!».
Zelaia, Osa, Lasarte, Azpiroz eta Gaztelumendi lehendik ere parte hartutakoak dira; Iurramendi, Pagola eta Martikorena lehengo aldiz ariko dira.
Azpiroz: «Aurrekoan lortu genuen lehenengo kota hori pasatzea eta saiatuko gara berriz»
Bigarren aldiz hartuko du parte Asier Azpirozek sailkapen fasean. «Aurreko txapelketan aurreneko fasea pasa genuen, lortu genuen lehenengo kota hori pasatzea eta saiatuko gara berriz. 70 batetik 30 pasa ziren orduan ere, aurtengo antzera eta aukera izan litekeela ikusten dut. Saiatuko gara, baina besterik gabe, ez badut lortzen ez da drama bat izango», dio.
Bi saio orekatu egin nahiko lituzkeela gaineratu du: «Aurrekoan, saio on bat eta bestea kaxkar xamarra egin nuenez, oraingoan gustatuko litzaidake bi saio orekatuagoak egitea». Osarekin ariko da eta alde horretatik, abantaila izango dela dio: «Beti laguntzen du ezagun batekin aritzeak eta bertso eskolako kide izanda, hobe».
Bertsokeran, aldaketa bat somatu duela ere azaldu du: «Aurrerapauso bat eman dudala iruditzen zait. Gaiari heltzeko modua, gaiak tratatzeko modua... Adinean ere aurrera egin dugu, lau urte pasa dira, eta aldaketatxo bat egin dudala iruditzen zait, bai».
Pagola: «Probatzeko aurkeztu naiz, nola moldatzen naizen ikusi nahi dut»
«Nere helburua, probatzea da. Sekula ez dut parte hartu eta nere burua proban jarri nahi nuen. Ez dut helburu garbirik. Tabladuan nola moldatzen naizen ikusi nahi dut; txapelketa zer den. Gero, zenbat eta hobeto aritu, hobe», azaldu du Eli Pagolak.
Bertso saio ugaritan ikusi dugu Pagola azken aldian, errodajea berak ere egina du behintzat, eta hasteko gogoz dago: «Urtean zehar nahiko aktibo izaten saiatzen naiz. Eta txapelketa zetorrela eta, pixka bat estutu dut nere burua. Oraindik bi aste geratzen dira, eta gogotsu nago hasteko».
Antzuolan hasiko du kanporaketa, etxetik urruti xamar beste batzuekin konparatuta... «Bai, ea pixkanaka gerturatzen goazen, Ilunbe ere etxetik gertu dugu-eta!».
Martikorena: «Kantatutakoarekin gustora geratu nahi dut»
Eñaut Martikorena ere lehenengo aldiz izango da sailkapen fasean eta kantatutakoarekin gustora geratzea da bere helburua. «Txapelketari begira beste helburu bat jartzekotan, lehenengo fasea pasatzea izango litzateke, baina batez ere nahiko nuke nere buruarekin gustora geratu».
Osinalde Saria irabazi berria da Martikorena eta zer moduz ikusten den galdetuta, denboraz larri dabilela azaldu du: «Azterketetan gaude eta ez dakit buruak denerako emango digun. Denbora aldetik behintzat, gaizki xamar nabil. Baina ikusiko da. Egun ona izan liteke».
Sarrerak, egunean bertan
Esan bezala, 74 bertsolarik hartuko dute parte sailkapen fasean. Denera, 24 saio izango dira, 12 herritan. Bertsolariek bitan kantatuko dute, batean goizez, bestean arratsaldez. Bi puntuak batuta osatuko da sailkapena. Eta puntu gehien dituzten 30 bertsolariak sailkatuko dira.
Saioetako sarrerak egun berean salduko dira aretoan bertan.
Lau kide, zain
Dagoeneko, 13 bertsolari zuzenean sailkatuta daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako. Tartean dira, bertso eskolako lau: Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi.
Epaile lanetan ere, ariko dira hernaniarrak, kanporaketan: Amaia Otxotorena eta Bakarne Urreaga.