Zulo ikusgarrietan sartuta, 4x4 kotxeak ezin atera ikusteko aukera izango da aurten ere Astigarragan. 4x4 erakustaldia antolatu du hirugarren aldiz, Oztopo Razing taldeak. Iñigo Betelu, Iñaki Larrarte eta Javi Verde dira kideak. Bi aste barru, maiatzaren 23an izango da Bidebitarte poligonoan, babes ofizialeko etxeen atzean.
Hasi dira dagoeneko prestatzen eta zuloak egiten. Altuera desberdineko zuloak egingo dituzte, batzuk bi metrokoak, kotxe guztia osorik sartzen diren horietakoak. Eta berritasun bat ere izango du aurtengo erakustaldiak: «Aurten ura sartuko dugu. Iaz kotxeak ez ziren zikindu eta ura sartu beharra dagoela ikusi dugu . Erraz pasatzeak ez du balio hemen. 18.000 litro ur sartuko dugu», azaldu du Beteluk.
Iaz bezala, bost gune desberdin izango dira. Eta bi makina jarriko dituzte, bi gunetan banatuta: «Iaz eskabadora bakarra ibili zen eta juxtu xamar moldatu ginen», dio Beteluk. Halako erakustaldiak ez dira antolatzen Gipuzkoan. Ezta Bizkaia eta Araban ere, eta ikusmin haundia sortu izan dute aurreko bi urteetan. Jende ugari gerturatu izan da eta seguru daude aurten ere arrakasta izango duela. Datorren urtean, txapelketaren barruan sartuko dute Astigarragako proba.
Kotxeak ikusteko aukera, plazan
Erakustaldia arratsaldeko 16:00etatik aurrera izango da, baina aurretik kotxeak ikusteko aukera jarriko dute Joseba Barandiaran plazan. Goizeko 11:00etatik 14:00etara egongo dira bertan.
20 bat partehartzaile
Partehartzaileak ere ez dira gutxi izango. 20-22 bat kotxe izango direla jakinarazi du Beteluk. Zaragoza, Arbizu, Arizkun, Iruñea, Zaldibia, Etxarri, Urdiain, Oiartzun… aldetik etorriko dira. Eta Astigarragakoek ere ez dute hutsik egingo: Iñigo Betelu, Javi Lajas eta Iñaki Larrarte (Zaldibiarra, baina Astigarragan sagardotegia du).