Señoran eta Pacha txapeldunak, eta Lujanbio eta Zinkunegi goizuetar azkarrenak

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 9a, 02:00

Goizuetako plazan hasi eta bukatu zen krosa, lehengo larunbatean. Guztira, 38 partehartzaile izan ziren, eta 3km-tako ibilbideari hiru buelta eman behar izan zizkioten, 9 km-tako lasterketa osatzeko.
Denetan azkarrena, Unai Señoran izan zen gizonetan, eta emakumeetan, Vanesa Pacha. Goizuetar azkarrenak, berriz, Ane Zinkunegi eta Hodei Lujanbio izan ziren.
Helduen lasterketa goizeko 11:00etan hasi zen, baina aurretik, 10 urteko benjaminek 800 metrotako lasterketa egin zuten, eta segidan, 11 eta 15 urte arteko alebin, infantil eta kadeteek, 1.800 metroko buelta egin zuten.

Señoran azkarrena, laugarren urtez
Aurtengo txapeldunak ondo baino hobeto ezagutzen du Goizuetako krosa. Izan ere, laugarren urtez segidan eraman du txapela, Unai Señoran Bengoa irurarrak. Aurtengoan, 32 minutu eta 54 segundutan bukatu zuen lasterketa.
Bigarren postuan, Raul Gomez Margallo iritsi zen, lasarteoriatarra, 00:33:23ko den­bo­ra­rekin. Hirugarrena, berriz, Mikel Beunza Iraizoz alkotztarra izan zen, 00:33:33 eginda.

Vanesa Pacha, neskarik azkarrena
Iraizotz herriko Vanesa Pacha Urteaga izan zen emakumezkoetan azkarrena, 38 minutu eta 55 segunduko denbora eginda; lasterketako sailkapen orokorrean 11garren postua lortu zuen.
Bigarren emakume azkarrena, Barabara Badosa Sar­ga­tal olotarra (Katalunia) izan zen, 00:45:31 eginda, eta hirugarrena, Arantxa Uranga Fraiz irundarra, 00:47:16 eginda.

Goizuetar bizkorrenak, Hodei Lujanbio eta Ane Zinkunegi
Kanpoko jendeaz gain, goizuetarrek ere hartu zuten parte lasterketan, eta marka polit askoak egin zituzten.
Helmugara iristen aurreneko goizuetarra Hodei Lujanbio Apezetxea izan zen, 00:37:51ko denborarekin, eta nesketan, Ane Zinkunegi Ugaldeberek zeharkatu zuen helmuga aurrena, 00:54:56 eginda.

Emozio punttua, helmugan
Lasterketan parte hartzeko bes­te modu bat izaten da lasterkariak animatzea, eta helmugan jende dezente bildu zen, parte hartzaileak txalo hartean agurtzera.
Momentu horretantxe jarri zuten emozio punttua Olaia, Garbiñe, Eider, Izaskun eta Irunek; ordubeteko denborarekin, lasterketari amaiera eman zioten, helmuga eskutik helduta zeharkatuta.

Emozio punttua jarri zioten lasterketari helmuga eskutik helduta zeharkatu zuten bost emakumeek: Olaia, Garbiñe, Eider, Izaskun eta Irunek.

Kamisetak erosteko aukera
Aurtengo edizioko kamiseta gorria gustatu zaionak erosteko aukera izango du. Salgai jarri dute, 5 euroan, Amaia Kafetegian eta Estankon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!