Aste osoan zehar hainbat ekintza antolatu dira Aniztasun Astearen barruan: tailerrak, antzerkia, pintxopote musikatua, zine foruma...
Asteari amaiera emateko, berriz, janari dastaketa izango da gaur. Hainbat herri eta kulturetako jakiak probatzeko aukera izango da, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean, Joseba Barandiaran plazan. Horrez gain, zuzeneko musika ere izango da. Batetik, kultura desberdinetako abeslari eta musikariek zuzeneko emanaldiak egingo dituzte, eta horrez gain, Astigar dantza taldeak euskal dantzako hainbat pauso irakatsiko ditu.
Argazki erakusketa ikusteko azken eguna
Bestalde, Aniztasun Astearen barruan, argazki erakusketa jarri da herriko hainbat tabernetan. Argazki horien bitartez ikusi daitezke Astigarragako Udalak garapen bidean dauden herrietan laguntzen dituen proiektuak.
Erakusketa hau ikusteko azken eguna izango da gaurkoa, egun osoan zehar.
Haur antzerkia, maiatzaren 23an
Gaurko janari dastaketarekin bukatuko da Aniztasun Astea. Baina oraindik ere beste ekintza bat antolatu da, kultura desberdinetako jendea ezagutzeko ideia honen bueltan.
Maiatzaren 23an, haurrentzako antzerkia antzeztuko du Luceafarul konpainia errumaniarrak: Capra cu trei iezi. Zuzeneko euskerazko itzulpena izango du.
Emanaldia kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:30etan hasita.