«Txistuarekin zer egin daitekeen erakutsiko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 9a, 02:00

Hernaniko Musika Eskolan hasi zen txistua ikasten Jon Ansorena Mujika, 8 urterekin, eta 14 urterekin Donostiako Kontserbatorioan jarraitu zu­en. Azken lau urteak, berriz, Musikenen egin ditu, txistuko goi-mailako ikasketak egiten. Ekainean bukatuko du, eta karrera amaierako lanetako bat du ordubeteko errezitaldi bat prestatzea.
Hain zuzen, primizian eman­go du kontzertu berezi hori An­sorenak, datorren ostiralean, Biterin. Obra klasikoak nahiz modernoak joko ditu, bakarrik, eta beste intsrumentu batzuekin batera, kontzertu goxoa eta ten­tsio eta sustoz betea osatzeko. Sarrerak astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira Biterin, 7 euroan.

Karrera bukaerako lana da kontzertua?
Musikeneko karrera amaierako lanak bi zati ditu; lan idatzi bat, eta ordubete inguruko errezitaldi bat. Hau ekainaren 8an emango dut, Musikenen bertan, 5 epaimahaikideren au­­rrean. Baina, lehenago, Her­nanin joko dut.

Primizian Hernanin, orduan!
Bai, kontzertua goitik behera jo­ko dut Hernanin, eta nahi du­enak berriro entzun ahal izan­go du ekainean Musikenen!

Zer entzungo dugu?
Bi puskako kontzertua izango da, errepertorioaren aldetik. Guztira, 6 obra izango dira. Aurreneko biek 25 minutu hartuko dituzte, eta errepertorio klasikokoak izango dira. Goi-mailan lantzen ditugu obra klasikoak eta modernoak, txisturako prestatuak eta beste tresna batzuetarako pentsatuak. Hasieran, Vivaldiren flautarako kontzertua joko dut, hari-laukote batekin (Alvaro Vallejo eta Ainhoa Garaiar, biolinean; Ane Aguirre, biolan; eta Agate Amilibia, txeloan), eta klabezin batekin, XVIII. mendeko piano batekin (Oier Etxa­buru). Obra birtuosoa da; be­ha­tzak eta teknika asko lantzen dira, eta ohituta ez gauden egoeretara eramaten gaitu. Flau­ta­rako errekurtsoak erabili behar ditugu. Ni, trino batekin borrokan aritu naiz, nola ateratzen zen gustatzen ez zitzaidalako. Horregatik, posizio berri bat probatu dut. Esperimentatu egiten dugu beti. Askotan, bilatu egin behar dira tranpa eta trukoak, posizio berriak, arnasa kontrolatzeko teknikak...

Bigarren obra, berriz, txisturako egina da, ezta?
Bai. Vivaldiren atzetik, txisturako obra klasiko bat joko dut; To­mas Araguesen txistu eta orkestrarako kontzertuaren hi­ru­garren mugimendua. Goi-mailako ikasketetan dagoen obra bakarra da, orkestra batekin txistua bakarlari moduan ager­tzen dena. 1984koa da, baina idazkera tradizionalekoa. Hala ere, modernoa izan daiteke, txistua eta orkestra nahasten dituelako. Orkestra­ren txikiagotzea pianora ekarri dut; Javier Perez de Azpeitia, Musikeneko irakasleak joko du pianoa.

Horraino aurreneko zatia. Eta bigarrenean zer entzungo dugu?
Lau obra joko ditut, Musikenen lantzen den beste atalekoak; musika garaikidekoak. Lau obra horietan saiatuko naiz egiten txistuarekin egin daitezkeen gauza diferenteak.

Adibidez?
Aurrenekoa, Hilario Extremia­na­­ren Zehaztu Uztartu obra izango da. Bakarrik joko dut hau. Neretzako bereziki inportantea da; Estatuko kon­tser­batorioen arteko txapelketan, Madrilen, Musikene ordezkatu nuelako obra honekin. Asko gust­atzen zait, espeziala da, oso zaila, exijentea. Teknikoki es­ka­tzen ditu asko lantzen ez di­ren gauzak: txistua eta danbol­i­na guztiz independenteak dira.

«Ulertzeko zailagoa den hizkuntza da garaikidea, eta hor daukagu erronka; nola transmititu zerbait musika horrekin»

Publikoak ulertzeko, zail xamarra, agian?
Ohituago gaude musika tradizionalera. Vivaldi errazago ulertzen dugu, nahiz eta ez ezagutu, musika tonalagoa delako. Ulertzeko zailagoa den hizkun­tza da garaikidea, eta hor daukagu erronka; nola transmititu zerbait musika horrekin. Igual bilatu behar da jendeak gehiago entzutea gaur egungo obrak!

Hurrengo hiru obrak ere bide horretan joango dira?
Hurrengoa, Musikeneko irakasle David Erkorekaren Haize orratza izango da, txistu eta akordeoirako (Maria Zubimen­di). Nere ustez, txistu eta akordeoirako errepertorioan obra onenetakoa da; nola uztartzen dituen bi tresnak! Obrak haize orratz bat imitatzen du: kontrasteak, haize soinua, haize orratzen mugimendua... Eta gutxi erabiltzen diren errekur­tsoak erabili behar dira, ezhoiko teknikak; adibidez, danbolina igurtziz haizea imitatzea. Txistua eta akordeoia oso ondo uztartzen dira; batzuetan na­hastu egiten dira, edo pare-parean jartzen dira, eta besteetan ezkutatu egiten dira, biek bat egiteraino.

Hurrengoan, berriz, bi txistu entzungo ditugu...
Maite Sagastibeltza ikaskidearekin joko dut Iskanbil. Donos­tiako konpositore batena da, Mikel Chamizorena, Musike­ne­ko ikaskide izandakoa. Izen­buruak ondo deskribatzen du obra. Birtuosoa eta azkarra da, daukan idazkeragatik; mila milioi nota dauzka! 9 minutukoa da, baina oso azkar pasa­tzen dira. Badauzka parte ba­tzuk karakterra ematen diotenak. Bi txoriren arteko elkarrizketa bat sortzen den mo­mentua da inportanteenetakoa. Elkarrizketa hori garatzen dijoa, eta danbolinak erritmoa markatzen dio.

Eta azken obran, herri fantasma batera eramango gaituzu!
David Cantalejoren obra da Otxarte; Arabako herri fantasma horretan oinarritutakoa. Zukan taldeko hirurok joko dugu; Gorka Catedianok perkusioa, Maria Zubimendik akordeoia eta nik txistua. Can­ta­le­jok Otxarte herriaren GPS koordenadak hartu ditu oinarri, eskema melodiko eta erritmikoa sortzeko. Obrarik gogorrena da, soinuaren aldetik. Ins­trumentuak muturretara eramaten ditu, teknikoki eta bolumenaren aldetik; existitzen ez diren notak bilatzen ditu, ten­tsioa eta sustoak sortzen ditu. Ikaragarri gustatzen zait!

«Esperimentatu egiten dugu beti. Askotan bilatu egin behar dira tranpa eta trukoak, posizio berriak, arnasa kontrolatzeko teknikak...»

Beldurtu egingo da publikoa!
Kontzertuak badauka bere alde xamurra eta polita, eta baita beste alde tentso bat ere. Baina obra bukaeretan erlajazioa iristen da. Azken hiru obrak deskriptiboak dira, eta musika honek jolastu egiten du sentimendu horiekin. Hala ere, tradizionalean, beste modu batera, landu izan da; txoriak asko imitatu dira! Birigarroa obra ezaguna da, eta Txoriak obran, belea, zozoa, urretxindorra eta kukua imitatzen dira.

Jon desberdin bat ikusiko  dugu?
Bai. Kalean asko ikusi naute;  dantza taldeetan, Hernaniko Txistulari Txapelketan... Ja­rrai­tzen dut Hernanirekin lotura hori izaten, eta ez daukat galtzeko asmorik! Baina orain beste formazio bat jaso dut, eta hainbeste urtetan landutakoa erakutsiko dut.

Eta karrera bukatuta, zer?
Ez diot aterik itxiko ezeri, txistuaren alderdi guztiak gusta­tzen zaizkidalako. Atal berri hau ezagutu dut, kalean eta dantza taldeekin segitzen dut... Zukan hirukotea osatu dugu eta Donostiako Musika Hama­bostaldian joko dugu... Proiektu asko dauzkat! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!