Maiatzaren 15a San Isidro eguna da, baserritarren eguna, eta ospakizunik ez da faltako Astigarraga, Goizueta eta Hernanin. Astigarragako Zamalbide-Benta auzoan, gainera, asteburu osoan ere antolatu dituzte ekitaldiak.
Festa, Astigarragan eta Zamalbide-Bentak auzoan
Astigarragan bi tokitan ospatzen da San Isidro eguna. Batetik, Astigarragan bertan, Goldea herri kirol elkarteak eta Udalak babestuta. Prozesioa eta meza egingo dira 10:00etan, eta ondoren, hamaiketakoa, Gure Izarra elkartean. Gainera, goizean zehar Astigarragako baserrietako barazkien erakusketa ere egingo da. Eguerdiko 12:30etan, berriz, idi demak izango dira: Orioko Oliden eta Bizkaiko Aurrekoetxearen idi pareak 3.200 kiloko harriarekin Domingo Ubarretxenak 1950ean egindako marka gainditzen ahaleginduko dira. Bestalde, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere bertan izango dira. Bazkari eta omenaldiarekin bukatuko dute eguna.
Bestetik, Zamalbide-Bentak auzoan ere egun osoko egitaraua antolatu dute: 11:45etan prozesioa, elizaren inguruan, eta 12:00etan, meza; 12:45etan txupinazoa eta salda hartzea eliz atarian; 13:00 bertsolariak; 14:00etan bazkaria Auzolan Elkartean; eta 18:00etan, idi probak, Retegi, Matxain eta Aburuzaren artean. Bazkaritarako txartelak salgai egongo dira hilaren 12ra arte: 615 725 869/669 423 252.
Asteburuan ere bai, Zamalbide-Bentak auzoan
Festak jarraipena izango du asteburuan, Zamalbide-Bentak auzoan. Maiatzaren 16a haur eta gazteen eguna izango da: 10:30etan jolasak, puzgarriak eta tailerrak izango dira; 13:30etan, haur bazkaria; 14:30etan, puzgarriak; 15:30etan, apar festa; 16:00etan, mus txapelketa; 17:00etan, txokolate jatea; eta 20:30etan afari herrikoi musikatua. Txartelak salgai daude: 637 781 772/656 765 482.
Maiatzaren 16an, berriz, erretiratuen eguna ospatuko da: meza, bertsolariak, bazkaria eta herri kirolak izango dira.
Meza eta pelota partiduak, Hernanin
Hernanin maiatzaren 15era mugatuko da festa; 11:00etan meza egingo da San Joan Bataiatzailea elizan, eta ondoren, pelota partiduak jokatuko dira Tilosetan. 11:30etan, palan ariko dira Ariane Arrieta eta Garbiñe Tijero, Eneritz Perez eta Garazai Jauregiren kontra. 12:30etan, berriz, eskuz ariko dira Arrieta eta Lizeaga, Urkizu eta Aizpitarteren kontra.
Goizuetan, afaria
Goizuetan ez dute egun osoko festarik egiten, baina bai, afaria. Ostiralean elkartuko dira herriko baserritarrak.