Gero eta gehiago dira mendi lasterketetan parte hartzen dutenak, eta gero eta mendi lasterketa gehiago daude. Urumea bailaran bertan, bi izango dira datozen asteetan. Gaur zortzi, Goizutrail, Goizuetako mendi lasterketak (luzea eta motza) egingo dira, eta ekainaren 7an, Ereñotzukoa.
Mendi lasterketan parte hartzeko, garrantzitsua da norbera fisikoki prestatzea, baina materialak ere badu zerikusia. Ibai Mendiko Koldo Alkortak oinetako edo zapatilaren garrantzia azpimarratu du: «Aldea dago lasterketa luzea egin edo motza, baina denerako, beti da hobea zapatila on batzuk erabiltzea. Eta lasterketa luzeen kasuan, zapatila egokiak ez badauzkazu, asko sufrituko duzu».
Zapatila ona zer den galdetuta, bakoitzaren gustoen araberakoa ere izaten dela azaldu du, baina orokorrean lau ezaugarri izan behar dituztela: «ondo heltzea (takoa), amortiguazioa, arina izatea eta estabilitatea, ez baduzu ondo zapaltzen, lesioak izan baitaitezke. Eta hemen, Euskal Herrian, tako pixka bat izatea beharrezkoa da ondo eusteko jaitsieretan».
Ibai Mendin ezaugarri horiek betetzen dituzten zapatila bat baino gehiago dauzkate. Marka desberdinekin egiten dute lan: «Guk hemen, batez ere, Salomonarekin egiten dugu lan. Baina beste marka batzuk ere ari dira indarra hartzen: Brooks, Asics, Adidas... Azken hori orain dela gutxi hasi da mendirako zapatilak egiten eta asko ari da igotzen».
Lehorrean ibiltzeko edo lokatzerako bi zapatila behar dira gutxienean, beraz: «Urtean behin ateratzeko, ez da behar. Denerako balio dezakeen zapatila erostea nahikoa da. Ereñotzuko kasua izaten da. Oso lasterketa herrikoia da eta batzuk egun horretan bakarrik ateratzen dira. Baina asko ibiltzen direnek, bai, bi zapatilla pare behintzat izaten dituzte. Eta askok hiru edo gehiago», dio Alkortak.
Galtzerdia ere, kontuan hartu beharrekoa
Oinetakoari ez ezik, galtzerdiari ere erreparatu behar zaiola nabarmendu du Alkortak: «Galtzerdi normalekin edo teknikoekin atera, alde haundia dago. Teknikoak, kosturarik gabekoak izaten dira eta tejido transpirablea izaten dute. Garrantzitsua da galtzerdiak ondo heltzea, urraturik ez egiteko». Horretaz jabetuta, orain galtzerdietan aukera zabala dagoela gaineratu du. «Guk hemen batez ere, Lurbel markarekin egiten dugu lan. Oso oso galtzerdi onak dira eta punta-puntan dabiltzan korrikalariek ere oso gustoko dute marka hau».
Konpresiozko mailak, lesioak saihesteko
Beste aurrerapen haundi bat konpresiozko mailak izan direla dio Alkortak: «Lesioak izan dituzten pertsonentzat oso egokiak dira eta lesioak saihesteko ere bai. Horrez gain, oso kargatua zaudenean, zirkulazioa hobetzen laguntzen dute».
Gainontzean, galtza edo kamixetei hainbeste ez zaiela begiratzen azaldu du, baina korrika egiteko xira arinak, motxilak, gerrikoak... ere kontuan hartzen dituzte mendi lasterkariek.
Lasterketa luzeetarako, gelak
Goizuetako 25 kilometroko lasterketa, nahiko lasterketa luzea da eta halako lasterketetarako eta luzeagoetarako, gero eta gehiago dira gelak eramaten dituztenak. Ibai Mendin ere saltzen dituzte, Isogel High5 markakoak, besteak beste. «Momentuan energia ematen diote korrikalariari eta muskularki karga gutxitzeko ere izaten dira», azaldu du Alkortak. Eta propiedade naturalak dituztela argi utzi du: «Hau, adibidez, Aquarius bat bezala da, baina naturala. Zaporean ere notatzen da; ez baita bestea bezain gozoa, eta beste bat edateko gogorik ez dizu ematen. Gel batzuk, berriz, kafeina izaten dute (4 kafe adina). Momentuan behar duzun txispa hori ematen dizute lasterketa bukatzeko».
Aldaketa dator
Mendi lasterketena, modan jarri den fenomeno bat da. Eta aldaketa datorrela dio Alkortak: «Orain arte maratoi erdiak egiten zituztenek erronka berriak nahi dituzte eta lasterketa luzeagoen bila doaz. Aldatzen ari da».