LOMCE legearen ereduari ezetz esateko, eta euskal curriculumak proposatutakoa defendatzeko, festa egingo dute gaur. Goizeko 11:00etan hasiko da, bandoarekin, Plazan, eta eguerdiko 13:00ak arte luzatuko da.
Hernaniko Hezkuntza Plataformak antolatu du, herriko ikastetxe eta eragileekin batera: Langile, Elizatxo, Urumea, Txirrita, Institutua, Haurreskola, Udala, AMHER, Pausoka eta Bilgune Feminista.
«LOMCE atzera joatea dela erakutsiko dugu, eta ez dugula hori nahi»
Antolatzaileen asmoa da, kontrajartzea LOMCEren eredua eta beraiek proposatzen dutena: «erakutsiko dugu LOMCEk zer ekarriko dion hezkuntzari, eta gure eredua zer izango litzatekeen. LOMCE atzera joatea dela agerian utziko dugu, eta ez dugula hori nahi».
Antzerkia, kantua eta ipuinen bidez, erakutsiko dituzte bi ereduen arteko desberdintasunak.
Horretarako, herritarrei ere eskatu diete laguntza: «dei egiten diegu herritar guztiei, guneetara gerturatzeko eta festan parte hartzeko».
Hiru gune: Plazan, Tilosetan eta Biteriko plazan
Bi orduko festa antolatu dute, eta hiru gune izango dira: Plazan, Hizkuntzaren gunea egongo da; Tilosetan, Baloreen gunea; eta Biteriko plazan, Curriculumaren gunea.
Horietan nabarmenduko dituzte, bi ereduen arteko desberdintasunak, antzerkiaren bitartez: «Curriculumaren gunean, erakutsiko dugu garai bateko eskola zer zen, pupitreekin, azterketekin... Eta horren aurrean, gure eredua erakutsiko dugu, txoko libreekin, besteak beste».
Hizkuntzaren gunean, berriz, garai bateko kantuak kontrajarriko dituzte, beraiek proposatutako ereduko ipuin kontalariekin.
Baloreen gunean, erakusketa, perkusioa, margoak... Eta musika gune guztietan.